Riaden eta Teheranen arteko itunak Txina eragile bihurtu du eskualdean

Ekialde Hurbileko herrialdeek eta Europako Batasunak espero dute bi herrialdeen arteko akordioa «lagungarria» izatea eremuaren egonkortasunerako. AEBak ez dira Teheranez fio

Saudi Arabiako, Txinako eta Irango ordezkariak, herenegun, Pekinen, ituna sinatzeko egindako ekitaldian. EFE.
Igor Susaeta.
2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Saudi Arabiaren eta Iranen arteko harremanak txarrak izan dira azkeneko hamarkadetan. Ekialde Hurbileko potentzia sunita da aurrenekoa, eta eremu bereko potentzia xiita, berriz, bigarrena. 2016az geroztik etenda egon dira petrolioaren salmenta diru iturri nagusi duten bi herrialdeen arteko erlazio diplomatikoak, baina herenegun akordio bat sinatu zuten atzera harreman diplomatikoak berrezartzeko. Txinak egin ditu bitartekari lanak, eta, modu horretan, Pekin ere eragile bihurtu da Ekialdeko Hurbileko guda geopolitikoan.

Beraz, AEBek badute eskualdera arretaz begiratzeko beste motibo bat. Izan ere, aintzat hartu behar da beren etsai nagusietako bat Iran dela, eta helburu zutela Israelekin eta Saudi Arabiarekin batera Teheranen aurkako ardatz bat osatzea. Baina Washingtonen eta Riaden arteko harremanak ez daude bere onenean Joe Biden Etxe Zurira heldu zenetik.

Txinak hori baliatu du pixkanaka Saudi Arabiara hurbiltzeko. Duela hiru hilabete, esaterako, Xi Jinping Txinako presidentea Riadera joan zen; hain zuzen, Saudi Arabiak eta Iranek atzo kaleratutako ohar bateratuan nabarmendu zuten Txinako presidenteak akordioa bultzatzeko orduan jokatutako rola. Gogoan izan behar da, gainera, posizionamendu horien harira, aurreko urrian LPEE+Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundean biltzen diren arabiar herrialdeak eta haien aliatuak —tartean Errusia— Moskurekin lerrokatu zirela eta ekoizpena murriztea erabaki zutela.

Ikusteko dago zein bide egingo duen akordioak, zer ekarriko duen, baina nazioarteak, oro har, begi onez hartu du. Ekialde Hurbileko herrialdeek goratu egin dute, eta Egiptok, zeinak 1979tik ez duen harreman diplomatikorik Iranekin, espero du «lagungarria» izatea eskualdeko tentsioa baretze aldera. EB Europako Batasuna ere antzera mintzatu da, eta AEBek «ongietorria» eman diote. Hori bai, John Kirby Pentagonoko bozeramaileak abagunea baliatu du Iranen jarrera zalantzan jartzeko. «Ez da bere hitza betetzeko ohitura duen erregimen bat». Israel ez da posizionatu, baina Tel Aviveko iturriek Reutersi adierazi diotenez, itunak ez die eragingo Riadekin dituen harremanei.

RIAD ETA TEHERAN ZERGATIK EZ DIRA ONDO KONPONTZEN?

Musulmanen artean sunitak dira, nabarmen, gehienak —%85 inguru munduan—, eta Saudi Arabiako agintariek beren burua hartzen dute talde horren zaintzaile nagusitzat. Iranen, aldiz, xiitena da korronte nagusia. Eta 1979ko Irango Iraultza Islamikoaren ondoren areagotu egin zen bi herrialdeen arteko lehia erlijiosoa. Teheranek deitu zuen monarkiak eroraraztera —Saudi Arabiakoa, esaterako—, eta Riadek, berriz, Bagdad babestu zuen Iranen eta Iraken arteko gerran (1980-1988), Teheranen iraultza islamikoaren hedatzea eragozteko.

Bestalde, lehia horrek badu, era berean, aldagai ekonomiko bat, eta hori da, hain justu, petrolio salmentarako merkatuen kontrola.

NORK BABESTEN DU NOR ESKUALDEKO GATAZKETAN?

Ez da egon bi herrialdeen arteko gerrarik, baina beste eragile batzuk erabilita ari dira elkarren aurka borrokan. Yemengo gerran, esaterako, Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek osatutako koalizioak nazioartearen aitortza duen gobernua babesten du, eta Iranek, aldiz, milizia huthiak, zeinak xiitak diren.

Siriako gerran, berriz, Iranek gobernuarekin bat egin du, eta Saudi Arabiak matxinoak babestu ditu. Hezbollah Libanoko milizia xiitaren aliatua ere bada Iran. Teheranek ukatu egiten du, ordea, huthiak edo Hezbollah armatzen dituela.

ZER GERTATU ZEN 2016AN?

Saudi Arabiak kleriko xiita bat exekutatu zuen 2016ko urtarrilean, «terrorismoa» leporatuta. Erantzun gisa, Saudi Arabiak Iranen zuen enbaxadari su eman zioten.

ZERGATIK HURBILDU DIRA?

Saudi Arabiaren petrolio instalazio bati eraso egin zioten huthiek 2019ko irailean. Riadek espero zuen Washingtonek irmo erantzungo ziola Teherani, baina ez zen halakorik gertatu. Orduan, azken urteetan zenbait analistak adierazi dutenez, horrek Txinara eta Errusiara hurbiltzera bultzatu zuen Saudi Arabia: Iranekin harreman ona duten bi herrialdetara, alegia.

Gainera, Bidenek auzitan jarri izan du Saudi Arabiaren jokabidea giza eskubideei dagokienez. Jamal Khaxoggi kazetariaren hilketaren harira —Saudi Arabiaren Istanbulgo (Turkia) kontsuletxean hil zen, 2018an—, 2020ko presidentetzarako bozen kanpainan esan zuen Saudi Arabia «estatu paria bat» bihurtuko zuela. Nolanahi ere, azken urtean tonua baretu du, eta ez da hautsi bi herrialdeek azken hamarkadetan landutako aliantza estrategikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.