«Ez da sinesgarria batasun gobernu bat sortu nahi izatea aurrekontuak egiteko eta gero hauteskundeetara deitzea. Eskuinarentzat opari bat izango litzateke, eta denok geldiarazi nahi dugu hori», azaldu zuen Nicola Zingaretti Italiako PD Alderdi Demokrataren idazkari nagusiak, atzo, Matteo Renzi lehen ministro ohiak eta PDren burua izandakoak batasun gobernu bat eratzea proposatu eta gero. Renziren arabera, «orain bozkatzea erokeria bat izango litzateke».
Urtebeteren ostean, Matteo Salvini Lega eskuin muturreko alderdiko buruak apurtutzat eman zuen gobernu koalizioa, pasa den ostegunean, baina Giuseppe Conte lehen ministroak ez zuen dimisioa aurkeztu, eta Parlamentura joko zuela iragarri zuen, oraindik ere babesa ba ote zuen jakiteko. Talde parlamentarioen kideak atzo arratsaldean bildu ziren Senatuan, eta gaur Diputatuen Ganberako kideak dira elkartzekoak, Salvinik bultzatutako Conteren aurkako zentsura mozioa noiz izango den erabakitzeko.
Alderdiek bi bloke eratu dituzte, eta horietako bakoitzak egunbat proposatu du zentsura mozioa egiteko: M5S Bost Izar Mugimenduak eta PDk abuztuaren 20a, eta Lega eta Forza Italiak, berriz, 14a. Horregatik, Elisabetta Casellati Senatuaren presidenteak azaldu zuenez, «Senatua ez bada ados jartzen, Diputatuen Ganberaren esku geldituko da eztabaida». Azkenean, gaur bilduko da Senatua, arratsaldeko seietan, bilkurari eguna jartzeko.
Hori erabakitzen duten bitartean, PD zatituta azaldu da. Barne desadostasun handia dago, zenbait alderdikide M5S eta Conte babestearen alde baitaude, baina beste batzuek hauteskundeetara lehenbailehen deitzea nahi dute. Zingaretti M5Srekin edozein akordio egitearen kontra agertu da, haren ustez horrek «hegoak emango lizkiokeelako Salviniri».
Renzik eta Beppe Grillo M5Sren sortzaileak batasun gobernu bat sortzea proposatu dute. Izan ere, haien ustetan, «premiazkoenak diren gaiak kudeatu behar dira». Renzik azaldu zuenez, trantsizio gobernu horrek 2020. urteko aurrekontu orokorrak prestatuko lituzke, balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) igo gabe. Gainera, parlamentarien kopurua murriztuko luke, M5S alderdiak proposatu bezala, eta hauteskundeak atzeratuko lituzke, hurrengo udaberrira arte, gutxienez.
PDren zuzendaritza nazionalak pasa den astean erabaki zuen ez zuela sostengatuko M5S barne hartzen zuen gobernurik. Hori dela eta, PD Renzik egindako proposamenaren aurka agertu da. Luigi Di Maio M5Sren liderrak ateak itxi zizkion Renziri, talde parlamentarioek atzo egindako bileran, eta honako hau azaldu zuen: «Ez du inork mahaian eseri nahi Renzirekin». Carlo Calenda alderdi horretan ministro izandakoa ere hauteskundeak deitzearen aldekoa da: «Salvini geldiarazi behar dugu; herrialdea mobilizatu behar dugu».
Lehen ministro ohiak adierazi zuenez, ez dio M5Sri lagundu nahi, eta azaldu zuen haren asmoa zela indar guztiei zuzendutako dei bat egitea, «Legatik hasita Bost Izar Mugimendura, eta Forza Italiatik ezker erradikalera».
«Izan gaitezen serioak»
«Grillok eta Renzik osatutako gobernu bat? Izan gaitezen serioak. Galdutako egun bakoitzak Italiari egiten dio kalte», adierazi zuen Salvinik, eta honako hau gehitu zuen: «Renzirengandik espero nuen, baina Grillorengandik ez». Italiako Corriere della Sera hedabidearen arabera, Salvini Forza Italia eta Italiako Anaiak alderdiekin elkartzekoa da gaur, aliantza bat egiteko. Izan ere, bozak deituko balira eta haiekin elkartuko balitz, botoen %50,6 lortuko lituzke, inkestek diotenez.
Renzi lehen ministro ohiak batasun gobernu bat sortu nahi du Italian
Senatua gaur da bozkatzekoa noiz egin Conte lehen ministroaren aurkako zentsura mozioa. Alderdi Demokratan barne desadostasun handia dago. Di Maio batasun gobernuaren aurka agertu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu