RAQQA, HIRI HUTSA

Washingtonen babesa duen Siriako koalizioa kalifa herriaren gotorlekua hartzear dago. Baina ezer gutxi dago zutik Raqqan. Bertatik bertara egoeraren kronika jaso du BERRIAk.

Raqqako alde zaharreko irudia, eraikin baten barrutik ateratako argazkia. Erabat suntsituta dago hiria. KARLOS ZURUTUZA.
Raqqa
2017ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Logista deitzen diote lehen lerrora armak nahiz janaria eramaten dituen ibilgailuari. Erreleboko soldaduak blindatu berean joaten dira, eta, lekua egotekotan, baita kazetariak ere. Hummer-ak nekez maniobra dezake Raqqako hiri zaharreko hondakinen artean; aurrerantz, atzerantz, baina beti gelditu gabe. YPG Herriaren Babes Unitateak posizioetako batera iristean, jarraitu beharreko instrukzioak zehatzak dira oso: «Ez gerturatu leihoetara eta ez igo etxeko sabaira. Daexek bi frankotiratzaile ditu pareko eraikin horretan», abisatu du heval Karimek, logista-tikatera bezain laster. Heval —kamarada kurdueraz—, ohiko tratamendua da YPG nahiz PKK taldeetan; Karim, baina, Raqqako arabiarra da. Bera bezalako askok alde egin eta bat egin omen dute YPGrekin erasoaldia hasi zenetik.

Heval Karimek aipatu eraikina alde zaharreko altuena da, eta, beraz, preziatuena. Eskuz esku igaro da Estatu Islamikoa eta YPGren artean azken asteotan. Karimek dio 27 hildako izan zirela bertan duela astebete edo, «denak YPGkoak». Estatu Islamikoa porlanezko blokearen jabe bilakatu zen orduan. Berriz.

2013ko udaberrian, hainbat talde jihadistak mendean hartu zuten Siria iparreko hiri hau eta, 2014an, kalifa herriaren hiriburua izendatu zuten. Estatu Islamikoaren gotorlekua menderatu nahi duen operazioa joan den ekainean jarri zen martxan. SDF Siriako Indar Demokratikoak taldea da, hain zuzen, muturreko jihadistak kanporatzeko etxez etxe borrokatzen ari den talde multi-etnikoa. Kurduak ez ezik, arabiarrak eta asiriarrak ere badira bere lerroetan, besteak beste.

Gaur eta bihar

Rojava kurduen kontrolpera igaro zenetik, 2012ko uztailean, berebiziko aurrerapausoak eman ditu Siriako gutxiengo nagusiak. Kantoi independenteen eredua kurduak ez diren eremuetara zabaldu da azken bi urteotan eta, iragan urtean, Siria Iparreko Federazio Demokratikoa deklaratu zuten hango nazioetako 151 ordezkarik. Abdullah Ocalan buruzagiaren ideologiari atxikiz, deszentralizazioaren aldeko apustua egin zen.

Horren adibide garbia da Raqqako Kontseilu Zibila. Muturreko jihadistak hiritik kanporatu bitartean Ain Issan hiritik 50 kilometrora elkartzen da behin-behineko gobernua; 200 ordezkari dira, hango arabiarrak gehienak. Haietako asko Amir Mohamed Habur xekea bezalako buruzagi tribalak. Haren ustez, estatu federala da aukera bakarra Siriarentzat. «Beste edozein saiakerak, dela Baxar al-Assadenak edo Daexenak, huts egingo du», dio Eufrates iparreko kontseilukideak.

Kontseiluaren lehen eskaeretako batek esanahi sinboliko handia du. Raqqako arabiarrak dira gehienak fronteko lehen lerroetan. Haburrek dio mezua argia dela oso: «Guk, arabiarrok, askatuko dugu gure hiria, eta guk gobernatuko dugu mendean hartzen dugunean».

Bide onean dira. SDFren estimazioen arabera, hiriaren %20 baino ez dute kontrolpean jihadistek. Ain Issan ere dagoen Raqqako operazio gelan, Hali Hajo koronelak «erabakigarritzat» jotzen du estatubatuarren aireko laguntza. Baina etorkizunak zalantzak pizten ditu. «Inork ez daki amerikarrak noiz arte geldituko diren, ez eta Turkiak zer egingo duen ere», dio Al-Assaden poliziaburu ohia denak.

2012an desertatu zuenean, Hajok Jarabulus bere herrira bueltatu zen. Huraxe da, hain justu, Turkiak mendean duen Siria iparreko eskualdea. 2015ean egindako erasoaldian, Ankarak Estatu Islamikoko militanteak bota zituen handik, baina asmo bikoitzeko mugimendua izan zen hura: Jarabulus Kobani eta Afrin kantoi kurduen arteko lur zatia da. Ankararentzat amesgaiztoa litzateke kurduak aldetik aldera zabaltzea bere hegoaldeko mugan zehar.

Kurduen auzian aditua den Wladimir Van Wilgenburgen aburuz, amerikarrek urte batzuk emango dituzte, «gutxienez», Siria ipar-ekialdean. Estatu Islamikoaren osteko Sirian, ikerlari herberehearrak hiru balizko agertoki aurreikusten ditu: «Baliteke Damasko akordio bat egitea Ankararekin, Siria Iparreko Federazio Demokratikoaren egitasmoa oztopatzeko, edo azken horiek Assadekin bat egitea Ankararen kontra. Beste aukera litzateke federazioa de facto independentea izatea, Erdogan edota Assadengana gerturatu gabe».

Sastraka zopa

Behatzaileen iritziz, aire eraso estatubatuarrek Mosulen baino suntsipen handiagoa eragin dute dagoeneko Raqqan. Aldi berean, nazioarteko hainbat erakundek beren kezka agertu dute: joan den astean, esaterako, Human Rights Watch erakundeak 84 hildako leporatu zizkien AEBen bi erasori. Nazio Batuen Erakundeko datuen arabera, oraindik 7.000 zibil inguru egon litezke hiri barruan. Haietako asko EIren «giza ezkutu» bilakatu omen dira.

«Zorte kontu hutsa besterik ez da, ez baitakizu hurrengo bonba non eroriko den», zioen Aminak, alde zaharreko bizilagun ohiak. 35 urtekoa Ain Issako errefuxiatu gunean dago duela bi hilabetetik. Haren kalea ixten zuten jihadistak bat-batean desagertu zirenean, bere bi neskatoak hartu, eta korrika abiatu ziren hirurak.

Raqqan sastraka zopa otordu bakarra izan zuten, maizegi. Bestela, janari bila ibiltzen ziren bonbardatutako etxeetan, baina ezer gutxi gelditzen omen da egun.

«Lehia handiegia da oraindik barruan gelditzen direnen artean», dio errefuxiatuak. «Hildakoei lapurtzeaz» damu duela aitortu du.

Gosearen atzaparkada agerikoa da Raqqatik ihes egindako zibilen artean. Izuarena ere ez da makala. «Manbij, Taqba eta inguruko herriak askatzen ari ginela, beldurrak jota zegoen jendea. Belarriak eta sudurra moztuko genizkiela esan zien Daexek, eta asko sinistuta zeuden», gogoratu du Michael Enright boluntarioak.

Karibeko Piratak filmetako aktore ohia are ezagunagoa bilakatu zen 2015ean, Siriarantz jo eta YPGrekin bat egin zuenean. Harez geroztik, makina bat frontetan egon da, web-cama buruan eta fusila eskuetan. Enright, alabaina, berehala jabetu zen bestelako tresnen garrantziaz. «Magia truko xume batzuk badakizkit; desagertzen diren txanponak, ezinezko korapiloak... Horrelakoak. Umeei egiten dizkiedanean berehala ateratzen diet irribarrea, eta lasaitu egiten dira», dio ingelesak, ekialdeko fronteko kuartel nagusian.

Logista-k jo eta su eman du egun osoa, handik eta fronte arteko txangoa egiten. Ilunabarrean, erreleboko soldaduak eraman eta alde zaharrean zeuden batzuk ekarri ditu bueltan, bi zauritu tartean. Heval Karimek bidean lagundu die. YPGko kideak dioenez, alde zaharreko eraikin «preziatuenaren» bataila aurki bukatuko da. «Ezin ditugu heval gehiago galdu bloke madarikatu hartan», bota du Karimek, aurpegian hautsa garbitu bitartean. «Amerikarrei koordenadak eman dizkiegu, eta gaur gauean bertan txikituko dute».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.