Bart hasi da Ramadana —musulmanen hilabete santua—, eta apirilaren 9ra bitartean iraungo du. 30 egun horietan, musulmanek ezin dute jan gaua heldu bitartean, ezta edan ere. Gazan, ordea, zailtasunak izango dituzte baraualdia hausteko eguzkia sartzean ere. Horren erakusgarri, urriaren 7an Israelgo armadaren erasoaldia hasi zenetik, gutxienez 27 haur hil dira goseak jota Gaza iparraldean; azken biak, gaur. Egoera halakoa izanda ere, eragozpenak daude laguntza humanitarioa hara iritsarazteko.
Open Arms GKE gobernuz kanpoko erakundearen ontzi bat Zipreko Larnaka portuan dago, Gazara berrehun tona jaki eramateko prest. Asteburuan zen abiatzekoa, baina oraindik ezin izan du portua utzi. Zipreko Atzerri ministro Constantinos Kombosek gaur adierazi du «arazo teknikoen» ondorio izan dela atzerapena. Open Armsek, ordea, jakinarazi du ez dutela arazo teknikorik eta «itsasoratzeko prest» daudela.
Bitartean, Israelgo armada zerrendari eraso egiten ari zaio oraindik ere. Azken orduetan 65 lagun baino gehiago hil dituztela jakinarazi du Gazako Osasun Ministerioak; 31.100 baino gehiago izan dira erasoaldia hasi zenetik. Horrekin lotuta, AEBetako presidente Joe Bidenek kritikatu egin du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren jarrera. Atzo AEBetako MSNBC telebista katean egindako elkarrizketan adierazi zuen herrialdeari «kalte» egiten diola, «laguntza eman baino gehiago»: «[Netanyahuk] Gehiago erreparatu behar die egindako ekitzen ondorioz bizia galtzen duten errugabeei». Gainera, baieztatu arren AEBek ez dutela inoiz Israel baztertuko, Bidenek gehitu zuen badagoela «marra gorri bat»: Israelek Rafahri eraso egitea.
Netanyahuk, ordea, ez du atzera egin nahi, eta atzo baieztatu zuen zerrendako hegoaldean dagoen hiri horretara sartuko direla. Jakinarazi zuen berak ere baduela marra gorri bat: «Badakizu zein den marra gorri hori? Bada, urriaren 7an gertatutakoa berriz ez gertatzea». Egun horretan Palestinako milizia armatuek Israelen egindako erasoez ari zen.
Bake negoziazioek ez dute modurik eman ramadana hasi aurretik su etena lortzeko. Bahitu guztiak askatzea, horixe jarri du Israelek baldintza gisa erasoaldiak geratzeko; Hamasek, ordea, ez du horrelakorik egingo menia lortu aurretik. Halere, negoziatzen jarraitzeko asmoa azaldu du Ismail Haniyeh organizazio islamistako buruzagi politikoak. Eta Israelen jarrera gaitzetsi du Palestinako Filastin egunkariak argitaratu dituen adierazpenetan: «Hamasek malgutasun handia erakutsi du bitartekariekin egindako negoziazio saio guztietan. Etsaiak, orain arte, ez du berme argirik eman nahi izan, su etenari dagokionez batez ere».
«Hamasek malgutasun handia erakutsi du bitartekariekin egindako negoziazio saio guztietan. Etsaiak, orain arte, ez du berme argirik eman nahi izan, su etenari dagokionez batez ere».
ISMAIL HANIYEH Hamasen adar politikoko burua
Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak ere su etena eskatu du ramadanerako. Era berean, bahituak askatzea galdegin dio Hamasi, eta adierazi Israelek Rafahri eraso egiteak gazatarrak «are eta zulo sakonago batean» hondoratuko lituzkeela.
Israelgo armadak X sare sozialean argitaratzen ditu azken erasoaldien inguruko berriak. Bada, sare sozial horretan atzo Ramadan «zoriontsua» opatu ostean, gaur goizean idatzi dute azken 24 orduetan «hamabost terrorista inguru» hil eta beste zenbait atxilotu dituztela.
Atxiloketen harira, Netanyahuk agindu du atxilotuentzako «milaka gune» eraikiko dituztela, kartzeletan lekurik gabe gelditzen ari baita Tel Aviv. Gainera, palestinarrei erreferentzia eginez, adierazi du espero dutela «milaka terrorista» gatibatzea aurten, bai Gazan eta bai Zisjordanian. Horregatik, Netanyahuk «premiazkotzat» dauka atxilotuentzako guneak eraikitzea.
Halaber, Israelgo lehen ministroak jakinarazi du urritik 4.000 «terrorista» hartu dituztela preso —Palestinako Presoen Elkartearen arabera, 7.500 palestinar baino gehiago daude Israelgo espetxeetan—. PAN Palestinako Aginte Nazionalak salatu du erabaki horrek erakusten duela Tel Avivek ez daukala gerra amaitzeko asmorik.
Al-Aqsan ezin sartu
Gazatik kanpo ere badira gorabeherak. Bart, Israelgo Poliziak Jerusalemgo Al-Aqsa meskitara sartzea galarazi zien zenbait palestinarri. Ramadaneko lehen otoitza egiteko asmoz, musulman ugari batu ziren meskitako sarreran, eta poliziek kolpeka kanporatu zituzten. Hala ikusten da sare sozialetan zabaldu duten bideo batean. Halere, zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, bertaratutako batzuek modua izan dute meskitara sartzeko azkenean.
Al-Aqsa Meskiten Zelaigunean dago —musulmanentzako gune sakratuenetan hirugarrena da, Meka eta Medinaren atzetik—. Aldi berean, zelaigunea lekurik sakratuena da juduentzat, eta Tenpluaren Mendia deritzote. Ramadanak iraun bitartean, milioika fededun joan ohi dira hara errezatzera. Aurreko urteetan, Israelek baimen bereziak eman izan dizkie Gaza eta Zisjordaniako palestinarrei ramadanean Jerusalemera joan ahal izateko.
Itamar Ben-Gvir Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministroak joan den astean adierazi zuen ramadan garaian zelaigunerako sarbidea kontrolatu ezean «Hamasen ospakizunak» egingo dituztela han. Netanyahuk, baina, hitzeman zuen palestinarrei ez zietela eragozpenik jarriko Al-Aqsara sartzeko. Nolanahi ere, atzoko gertaerek erakutsi zuten Ben-Gvirren ikuspegia gailendu dela.