Katalunia. Erreferenduma. Jordi Turull i Negre. Junts Pel Siko diputatua

«Rajoyren ezezko irmoa jasotzean erabaki dugu alde bakarretik aritzea»

Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Jordi Turull i Negre (Parets del Valles, Herrialde Katalanak, 1966) Zuzenbide lizentziaduna da. 1983an eman zuen izena Joventuts Nacionalistes de Catalunyan, eta 1987an CDCn. 2010ean, Convergencia i Unioko bozeramailea izan zen, eta, gaur egun, Junts Pel Siko diputatua da —talde parlamentarioko presidente ere bada—.

Badago galdera eta data. Zalantza guztiak uxatu dituzue...

Atzoko eguna oso garrantzitsua izan zen, behin data eta galdera zehaztuta, atzerako kontuan sartu baikara. Erreferenduma iristeko hilabete gutxi falta dira, eta jendeak jakin-mina zuen. Beraz, atzoko egunak balio izan zuen serio ari garela egiaztatzeko.

Zergatik atzo eta ez lehenago?

Gure helburua zen, Erreferendumerako Itun Nazionalaren egitasmoaren barruan, Espainiako Gobernuarekin adostutako erreferenduma antolatzea. Formetan errespetuz aritu nahi genuen, eta ez zitzaigun egoki iruditzen data eta galdera aldez aurretik iragartzea. Mariano Rajoyren eskutitza jaso genuenean, ezezko irmoa helaraziz, adostutako erreferendumetik alde bakarrekorako urratsa egitea erabaki dugu.

Galdera independentziaren aldeko alderdi guztien gustukoa izan da. Nolakoa izan da prozedura?

Carles Puigdemont presidenteak prozesuarekin konpromisoa duen ororekin solastatu da. Erraza izan da, guztiok argi geneukalako bitariko erantzuna izango zuen galdera izango zela. Bozkatuko duen jendeak jakin dezan zer ari den erabakitzen, iruzurrik gabe.

Espainiako Gobernua politika judizializatzen aritu da azken hilabeteetan. Nola erantzungo du galdeketaren aurrean?

Ahalik eta okerrena erantzungo du, seguru. Espainiako Estatuak Kataluniari eskaintzen dion bakarra mehatxua eta etsipena da, eta katalanismo politikoaren hiztegian hitz horiek ez dute tokirik. Orain arte bezala jarraituko dute. Guk hautetsontziak eta eztabaida politikoa mahai gainean jartzen dugun bitartean, haiek kereilen eta judizializazioaren bideari jarraituko diote.

Puigdemont kargugabetzeko gai ikusten duzu Mariano Rajoy?

Basakeria da. Hasteko, izugarria da Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erreforma, arauak interpretatzen dituen erakunde bat zigorrak ezartzen dituen batekin nahasten dutelako. Espainiako Estatuak historian hamaika basakeria egin ditu. Puigdemont kargugabetzeko aukera? Ez dut aukera hori baztertzen. Egin ahal izango dutela? Ez. Demokraziaren tsunami batek etengo baitie.

Espainiatik etor daitezkeen mehatxuek arriskuan jar dezakete erreferenduma?

Inolaz ere ez. Geroz eta mehatxu gehiago etorri Espainiatik, orduan eta jende gehiago irauliko da erreferendumaren eta independentziaren alde. Ez arrazoi independentista bat tarteko, baizik eta Espainiakoa bezalako estatu demagogo horretatik ateratzeko. Espainiaren atzerakada demokratikoa basatia da ikuspuntu guztietatik. Tira, Espainiako Estatuak ETAren harira esaten zuen bakearen bidetik proposamen guztiek zutela tokia. Baina argi gelditu da esaldiaren zati bat ahaztu zitzaiela, eta hori da proposamen guztiek dutela tokia serioak ez diren bitartean. Horregatik erreferenduma, independentziaz haratago, ezinbestekoa delako demokraziaren osasuna babesteko.

Badago uste duenik gizarte zibila lokartuta dagoela. Ados zaude?

Gizarte zibila inoiz baino indartsuago dago. Ni kasik egunero joaten naiz ANCk edo Omniumek antolatzen dituzten ekitaldietara. Gertatzen dena da mediatikoki fokua jarri dela erakunde politikoek egiten duten lanean. Baina prozesuaren arrakasta bidezkoa izango da gizarte zibilaren eta erakundeen arteko elkarlanari esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.