Raisiren agintaldiari jarraipena nork emango dion dago jokoan

Hiru kontserbadore eta erreformista bat dira Irango presidentetzarako bozetarako hautagaiak. Besteak beste, nazioarteko zigorren harira okertutako krisi ekonomikoa, eta Mahsa Aminiren heriotzak eragindako haserrea kudeatu beharko ditu.

Irango presidentetzarako bozetako hautagaiak, herrialdeko lider goren Ali Khameneiren atzean, joan den astean, Teheranen. IRANIAN STATE TV / EFE
Irango presidentetzarako bozetako hautagaiak, herrialdeko lider goren Ali Khameneiren atzean, joan den astean, Teheranen. IRANIAN STATE TV / EFE
maddi iztueta olano
2024ko ekainaren 28a
05:00
Entzun

Bost egun dolua egiteko, eta hiru aste Irango Islamiar Errepublikako hurrengo presidentea nor izatea nahi duten erabakitzeko; horixe hango herritarrek azken hil honetan bete behar izan duten agenda politikoa. Joan den maiatzaren 19an herrialdeko presidente Ebrahim Raisi hegazkin istripu batean hil ondoren, gaur dira Iranen presidentetzarako bozak egitekoak. Lau izenen artean aukeratu ahalko dute hautesleek, baina, egunotako inkestei erreparatuta, litekeena da bozen biharamunean kontserbadoreek Raisiren agintaldiari jarraipena ematea.

Denera, 80 pertsonak aurkeztu zuten hautagaitza; baina izena ematea ez da nahikoa izaten hautagaien zerrendan agertzeko. Irango lider goren Ali Khamenei aiatolaren kontrolpean egiten du lan Konstituzioaren Zaindarien Kontseiluak, eta talde horren baietza jasotzea ezinbestekoa da aurrera egiteko. Sei pertsonak lortu zuten Kontseiluaren onespena, denak gizonak, baina bozen bezperan euren hautagaitza bertan behera utzi zuten Alireza Zakani Teherango alkate kontserbadoreak eta Amir-Hossein Qazizadeh Haxemi jarduneko gobernuko presidenteordeak. Irango IRNA berri agentziaren arabera, atzera egin zuten ultrakontserbadoreen botoak banatzea saihesteko. Bestalde, hautagaien zerrendatik kanpo gelditu ziren, besteak beste, hautagaitza aurkeztu zuten lau emakumeak.

Hamabi erlijiosok osatutako kontseiluak indar kontserbadoreen alde mugitu du balantza, alor horretan kokatzen baitira lau hautagaietatik hiru: Said Jalili ultrakontserbadorea eta Akordio Nuklearreko eztabaidetako buru ohia; Mohammad Bagher Ghalibaf Irango Parlamentuko presidente kontserbadorea eta Irango Guardia Iraultzaileko komandante ohia; eta Mostafa Pour-Mohammadi Barne eta Justizia ministro ohia. Hauteslekuetan agertuko diren izenen artean, bakarra da erreformista: Masud Pezexkian.

61

Zenbat irandar deitu dituzten bozkatzera, milioitan. Gaur egitekoak dira Irango presidentetzarako bozak, eta 61 milioi pertsona inguru daude botoa ematera deituta. Errepublika islamiarrak 88 milioi biztanle ditu.

Jalilik eta Ghalibafek dute hauteskundeak irabazteko aukera gehien, egunotako inkesten arabera. Ghalibaf baino muturrekoagoa da Jalili, eta, hortaz, Irango sektore ultrakontserbadorearen babesa du; halere, Ghalibafek Jalilik baino harreman estuagoa du Irango Guardia Iraultzailearekin. Herrialdeko lider gorenari dagokionez, biak dira Khameneiren gertukoak, eta, desberdintasunak desberdintasun, bataren eta bestearen garaipenek segida emango liokete Raisiren agintaldi kontserbadoreari.

Inkesta gehienek hirugarren postuan kokatu dute Pezexkian, baina abagune jakin batean aukera izango luke presidente kargua hartzeko beharrezko dituen botoen %50 lortzeko. Abagune hori da kontserbadoreen botoak Jaliliren eta Ghalibafen artean banatzea, eta parte hartzea handia izatea. Baina azken bozetan geroz eta herritar gutxiago joan dira hauteslekuetara: herritarren %48k bozkatu zuten 2021eko presidentetzarako bozetan; eta %41ek iragan martxoko parlamenturako hauteskundeetan. Horiek hala, hautagai erreformistak boto emaile gazteengan jarri du arreta kanpainan; behin eta berriz eskatu die bozetan parte hartzeko, argudiatuta botoa ematea dela herrialdeko gobernuan aldaketa eragiteko modu bakarra. Errepublika Laikoaren eta Giza Eskubideen Aldeko Elkarteak, bestalde, boikot egitera deitu du.

Barne krisia

2022ko irailean hasitako protesta olde bortitzak, eta horien aurkako jazarpenak definitu dute, hein batean, Raisiren agintaldia. Mahsa Aminiren hilketaren harira hasi zituzten protestak: Irango Moralaren Poliziak beloa gaizki jarria izatea leporatuta atxilotu zuen, Teheranen, eta handik egun gutxira hil zen. Hurrengo egunetan ehunka herritar irten ziren kalera, eta gerora, milaka, Emakumea, bizitza, askatasuna lelopean. Segurtasun indarrek eta paramilitarrek gogor erreprimitu zituzten manifestariak —urte bateko epean 551 lagun hil zituzten eta 60.000 inguru atxilotu—, eta, ordutik, herrialdeko barne krisia ez da baretu. Are, gobernuak jarraitu du hijabaren gaineko presioa ezartzen.

Halere, Pezexkian izan da kanpainako agerraldietan afera horren inguruan hitz egin duen hautagai bakarra. Erreformistak hitzeman du presidente izanez gero bere gidaritzapeko gobernuak «jarrera leunagoa» izango duela beloa janzteko eskakizunetan, argudiatuta ez dagoela hijaba ez eramateagatik emakumeak atxilotzeko edo zigortzeko aukera ematen duen testu islamikorik.

Errepresioak eragindako haserrea baretzeaz gain, krisi ekonomikoari aurre egitea izango da hurrengo presidentearen erronka nagusietako bat. Irango programa nuklearraren harira AEB Ameriketako Estatu Batuek berriro ezarritako zigor ekonomikoak medio, okerrera egin du herrialdeko egoera ekonomikoak: inflazioak gora egin du, eta politikarien ustelkeria kasuak areagotu dira. Krisi hori gainditzeko estrategia bat aurkeztu dute hautagai kontserbadoreek, eta beste bat erreformistak: elkarrizketen blokeoa defendatu dute lehenengoek; AEBekin harremana hobetzearen eta akordio nuklearrari buruzko eztabaidak berriro abiatzearen aldera lerratu da Pezexkian.

Kanpora begira

Hari horri tiraka prestatu ditu Ghalibafek kanpainako agerraldiak. Kontserbadoreak birritan esan du, «Mendebaldearen menpeko mundu ordena batean», bere burua aurkako alternatiba gisa aurkeztea «komeni» zaiola Irani. Atzerriko inbertsioak erakartzeko, berriz, uste du hobe dutela BRICS taldearen parte diren herrialdeen orbitara gerturatu, hala nola Errusiarenera eta Txinarenera.

Bestalde, Iranek esku hartu du bai Ukrainako gerran, bai Gazakoan: batetik, Ukrainakoan Teheranek hainbat arma eta misil eman dizkio Moskuri; bestetik, Gazakoan, Israeli eraso egiten ari den Libanoko Hezbollah milizia xiita eta Itsaso Gorria blokeatzen ari diren Yemengo huthi matxinoak finantzatzen ari da. Gauzak horrela, hurrengo presidenteak ere erabaki beharko du bi gerra horietan nola jardun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.