EKIALDE HURBILEKO GATAZKA

Rafako operazio militarra eten baino ez duela egin dio Armadak

Erredakzioa
2004ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Israelgo Armadak amaitutzat eman zuen herenegun duela astebete Rafan abian jarri zuen Ortzadarra Operazioa. Tankeak Rafatik kanpora atera ziren, baina berriz ekiteko asmoa duela adierazi du Tel Avivek. Armadako goi agintari batek operazioa ezin dela amaitutzat eman ohartarazi zuen atzo: «Atsedenaldi bat da». Rafa eta Egipto arteko mugak itxita jarraitzen zuen atzo. UNWRA Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuen Laguntzararako Erakundea tankeak berriro Rafan sartuko diren beldur da.

Ortzadarra Operazioa iragan asteartean abiatu zuen Armadak ustez Egipto eta Gaza arteko mugan ekintzaileek armak pasatzeko baliatzen dituzten tunelak suntsitzeko. Geroztik, hamahiru soldadu israeldar eta dozeneka palestinar hil dira. Israelen arabera, 41 ekintzaile hil eta 56 etxe eta hiru tunel suntsitu dituzte egunotan. Palestinako iturrien arabera, ordea, hildakoak 50etik gora dira eta ehunka eraitsi dituzten etxeak. UNWRAk dioenez, 2.000 pertsona etxerik gabe gelditu dira Rafan.Israelgo Armadako buru Dan Harelek Rafako hildakoen artean zibilak badirela aitortu zuen arren zibil kopurua soilik zazpikoa zela esan zuen.Israelgo lehen ministro Ariel Sharonek igandean Gazatik erretiratzeko planaren birmoldaketa aurkeztuko dio Gobernuari. Gazako 21 kokaguneak utzi eta bertan bizi diren 8.000 kolono juduak lau alditan ateratzeko asmoa du agintariak orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.