Rafahn da Nafarroako Yalaren eta Gernika-Palestinaren laguntza humanitarioa

Edateko ura, barazkiak eta oinarrizko jakiak banatzen ari dira Gaza hegoaldean. Azken hiru hilabeteetan 150.000 euro bildu dituzte.

Nafarroako Yala eta Gernika Palestina mugimenduek Gazara bidali duten giza laguntza. NAFARROAKO YALA
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko maiatzaren 7a
09:20
Entzun

Israel Rafahn sartu eta pasabidea bereganatzen duen heinean, laguntza humanitarioa Gaza hegoaldera heltzen ari da. Euskal Herritik ere bidali da laguntza horren zati bat. Gaur jakinarazi dutenez, Nafarroako Yala eta Gernika-Palestina mugimenduak edateko ura eta janaria banatzen hasi zaizkie Rafahra erasoengatik lekualdatu diren gazatarrei. Azken hiru hilabeteak eman dituzte dirua biltzen laguntza hori bidaltzeko, eta, guztira, 150.000 euro jaso dituzte —horietako 76.589 Nafarroan—. Horri esker, edateko uraz beteriko kamioiez gain, laurehun barazki pakete eta «oinarrizko jakiak» dituzten beste hainbeste eraman dituzte zerrendara.

Bi mugimendu horiek, baina, ez dira banaketaz arduratzen ari diren bakarrak; Mundubat elkartearekin eta Palestinako UAWC Nekazaritza Lanaren Batzordeen Batasunarekin ari dira elkarlanean.

Laguntza eramatearen «poza», baina, «zapuztu» egin zaiela adierazi dute Nafarroako Yalako kideek. Izan ere, Israelek hiria «berehala» hartzeak «sarraskia» eragingo duela ohartarazi dute nafarrek. Rafah «ustez segurua» zen arren, han dauden milioi inguru iheslari «nekez bizi» direla gaineratu du Nafarroako Yalak, «ia urik eta jatekorik ez dutelako».

Gauzak horrela, eta Rafahri eraso egingo dioten beldur, Nafarroako Yalak Espainiako Gobernuari eskatu dio hautsi ditzala Israelekin dituen harreman diplomatiko, komertzial eta militar «denak» Tel Avivek «apartheid politikak, sarraskiak eta legez kanpoko koloniak» behin betiko eten arte.

Espainiakoa ez da eskariak jaso dituen gobernu bakarra: Europako beste gobernu guztiei beste eskari bat egin die Nafarroako Yalak: «Gazarako su eten iraunkor eta ikuskatua lortu dezatela». Elkarteak espero du menia horren bidez zerrendako «blokeoa» apurtzea eta laguntza humanitarioa sartzeko modua egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.