Rafahko pasabidea itxita, Gaza erabat bakartu du Israelek

Tankez inguratu du Israelgo armadak Rafahko pasabidearen Palestinako aldea, eta itxi egin du Gazara elikagaiak eta botikak sartzeko zabalik zegoen pasabide bakarra. Zerrenda bonbardatzen jarraitu dute gauean.

Rafahko palestinarrak hiritik irteten, atzo. HAITHAM IMAD/EFE
Rafahko palestinarrak hiritik irteten, atzo. HAITHAM IMAD/EFE
Arantxa Elizegi Egilegor - Mikel Garcia Martikorena
2024ko maiatzaren 7a
14:40
Entzun

Sarraskia amaitzeko proposamenari entzungor egin dio Israelek, eta Gaza bonbardatzen jarraitu du gauean. Goizaldeko ordu txikietan, gainera, Rafahko pasabidearen gaineko kontrola bereganatu du. Ondorioz, itxi egin behar izan dute Gazara elikagaiak eta botikak sartzeko zabalik zegoen pasabide bakarra. Egiptoko iturriek Al-Jazeera telebista kateari azaldu diotenez, Israelgo armadako tankeak daude pasabidetik berrehun metrora, bidea bera erabat oztopatuz. Rafah hiriaren erdigunetik oso gertu dago pasabidea. Hala, zenbait komunikabideren arabera, hiria lurrez inbaditzeko lehen urratsa izan liteke pasabidea itxi izana.

Egipto eta Palestinaren arteko pasabidea da orain arte Israelen kontrolpean egon ez den bakarra. 2007an Kairok eta Tel Avivek hitzartutako akordioaren arabera, Egiptok du pasabidea itxi edo zabaldu erabakitzeko eskumena, baina handik Rafahra sartzen diren gaiek Israelen onespena behar dute. Iazko urriaren 7an Israelen erasoaldia hasi zenetik, hil ala bizikoa izan da pasabidea, handik sartu baita nazioartetik bidalitako laguntzaren zatirik handiena. Orain, hura itxita, erabat bakartuta geratu da Gaza.

Rafahko pasabidea

Israelek Rafahko pasabidea bereganatu eta itxi izana argudiatu du «helburu terroristekin erablitzen zela» adierazita. Hala jakinarazi dute IDF Israelgo Defentsa Indarrek X sare sozialaren bidez. Azken egunetan «Kerem Xalom pasabidean lau militar hil zituzten mortero bidez jaurtitako misilak» Rafahko pasabidetik gertu bota zirela gaineratu dute.

Rafah aterpe hartutako palestinarrak handik ateratzen hasi dira militarrak. «Behin-behinean» eremutik joateko eskatzen diete zibilei, ohartaraziz «operazio militarra» hasiko duela. Desplazatuak kostaldeko Al-Mawasi herrira bidaltzen dituzte, esanez kanpainako erietxeak eta kanpalekuak jarri dituztela han desplazatuentzat. Tel Aviven asmoa da Rafahtik 100.000 palestinar ateratzea. Atzo hasi ziren herritarrei hiritik alde egiteko agintzen. 1,4 milioi palestinar daude Gaza hegoaldeko hiri hartan; haietako asko Gaza hiritik ihes egindakoak dira.

Gaua luzea eta gogorra izan da Gaza hegoaldean aterpe harturik dauden palestinarrentzat. Hamasen atzoko su-eten eskaintzak ez du, oraingoz, Israelen baiezkorik jaso, eta bonbardaketek ez dute etenik izan. Palestinako iturrien arabera, gutxienez hamabost pertsona hil dituzte.

Hamasek —edo eskualdeko bere aliatuek— ez dute oraindik Israelen aurka erasorik egin. Hala ere, beratan dauden zenbait hedabideren arabera, azken orduetan misil edo drone eraso baten inguruan ohartarazten duten sirenak joka daude etengabe Israel iparraldean. Israelgo Defentsa Ministerioak emandako datuen arabera. Are gehiago, IDFek jakinarazi dutenez, Libanotik zetorren drone bat atzeman dute.

Hamasek onartu egin zuen atzo Egiptok eta Qatarrek egindako su etenerako eskaintza. Gerora The New York Times egunkariak zabaldu duenez, proposamena aurrez AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek egindakoaren oso antzekoa da. Testuan «barealdi iraunkorra» kontzeptua jasotzen da, eta Israelek proposamena egin zuenean argi utzi zuen ez zuela onartuko «luzaroko su eten bat», hau da, «gerra behin betiko amaitzea» jasoko zuen akordio bat. Aldiz, horixe da Hamasek onartutako proposamenak jasotzen duena.

Hamasek onartutako su etenerako proposamenak hiru fase ditu, bakoitza 42 egunekoa. Lehenengo fasean, su eten bat hasiko litzateke, eta Israelgo soldaduak Netzarim korridoretik erretiratuko lirateke. Israelek hori erabiltzen du Gaza iparraldea eta hegoaldea banatzeko. Bigarren fasean, operazio militarrak behin betiko etengo lirateke, eta Israelgo indar guztiak Gazatik erretiratuko lirateke. Azken fasean, berriz, bertan behera geratuko litzateke Gazako blokeoa.

Nazioarteko presioa gora

Tel Avivek iragarri du ordezkaritza bat bidaliko duela Egiptora elkarrizketak jarraitzeko asmoz. Baina negoziazioak luzatuz doazen heinean, nazioarteko presioak ere gora egin du. Gero eta gehiago dira menia baten aldeko ahotsak. Azken orduetan hitz egin dutenetako bat izan da NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia, Antonio Guterres: «Galdu ezin dugun aukera bat da hau. Rafah lurrez inbaditzea onartezina litzateke, galera humanitarioa izugarria izango litzateke-eta, eta eskualde osoa ezegonkortuko luke-eta».

NBEren organoa den OME Osasunaren Mundu Erakundeko eskualdeko zuzendariak Rafahko operazio militarra «lehen bai lehen amaitu behar dela» esan du X sare sozialean argitaratutako mezu baten bidez. Bertan, «OME eta berarekin elkarlanean aritzen diren elkarteak konprometituta» daudela, eta, beraz, Rafahn geldituko direla azpimarratu du. Hori egiteko, baina, pasabidea «berehala» ireki behar dela adierazi du. Izan ere, gatazkak areagotzen jarraitzen badu «dagoeneko ahulduta dauden ekintza humanitarioak muturreraino zailduko dira».

Ez da NBEtik mintzo izan diren bakarrak. UNRWA NBEren Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko Espainiako zuzendari exekutibo Raquel Martik ere Israelen jarrera arbuiatu du. Rafahtik Khan Yunisera joan beharko dute, seguruenik, etxetik ihesi doazen milioi eta erdi inguru palestinarrek. Martik ohartarazi du «ezer geratzen ez den lekura» bidali nahi dituztela, «dena suntsiturik dagoelako». Are gehiago, «ebakuazioaz ez baizik kanporatzeaz» hitz egin behar dela salatu du: «Gazan ez da gune humanitario eta segururik geratzen; beharrez kanporatu dituzte, eta segurua ez den leku batera bidaliko dituzte. Khan Yunis oraindik bonbardatzen ari dira. Han ez dago zerbitzurik eskaintzeko aukerarik, ezta kanpatzeko leku fisikorik ere».

PAN Palestinako Aginte Nazionalak nazioartean ikusi du Israelen setioa hausteko bidea. PANeko bozeramaile Nabil Abu Rudeineh, Wafa Palestinako albiste agentziak argitaratu duenez, AEBei eskatu die haien presioa areagotu dezaten Israelek Rafahko inbasioa eten dezan. Gainera, Israelen ekintzei «babes politikoa» ematea leporatu dio Washingtoni: «AEBek diruarekin, armekin eta babes politikoarekin laguntzen dute Israel aurrekaririk gabeko hondamendi humanitarioa egiten ari den arren»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.