Bederatzi hilabetez itxita egon ondoren, Egiptoren eta Gazaren arteko Rafah pasabidea ireki dute gaur. Horrela zegoen hitzartuta Palestinako erakunde islamistak eta Israelek adostutako menia akordioan; halere, Hamasek hiru gatibu aske utzi ondoren eman du Israelgo Gobernuak horretarako baimena, gaur eguerdian. Zerrenda hegoaldeko pasabide hori ireki izanak bide emango du larri zaurituta eta gaixo dauden hainbat palestinar Gazatik ateratzeko eta premiazkoa duten osasun arreta emateko atzerrian. Iturri ofizialen arabera, espero dute gaur 50 lagun ateratzea: horietatik hiruk 18 urte dituzte, eta gainerakoak adingabeak dira.
Israelgo armadak iazko maiatzaren 7an itxi zuen Rafahko pasabidea, eremu hori kontrolpean hartu ondoren. Orain ere, Israelgo soldaduak ari dira pasabide horretako operazioak gainbegiratzen, Egiptoko Gobernuarekin koordinatuta. Herrialde horretako agintariek jakinarazi dutenez, 30 anbulantzia baino gehiago eraman dituzte pasabidearen Egiptoko aldera, eta asmoa da gaixo gehienak Sinai iparraldeko ospitaleetara eramatea. Halere, osasun egoerarik larrienean daudenak Kairoko ospitaleetara eramango dituzte. OME Osasunaren Mundu Erakundeak emandako datuen arabera, 12.000 gazatar inguruk behar dute osasun arreta berehala.
Sinai iparraldeko gobernadore Jaled Megawerrek espero du akordioan adostutakoa betetzea, aurreneko zaurituak eta gaixoak zerrendatik atera baino lehen prentsari adierazi dionez. Are, operazioaren inguruko hainbat xehetasun azaldu ditu: «Plana da gaur aterako den aurreneko taldea Egiptoko ospitaleetara eramatea, eta, gero, jende gehiago ateratzen hasten denean, beste herrialde batzuetara eramango ditugu». Tregoa akordioan ez dago zehaztuta gainerako zer herrialdek jasoko dituzten gaixo eta zauritu palestinarrak.
Dena den, Egiptok ez ezik, Qatarrek, Arabiar Emirerri Batuek eta Turkiak artatu dituzte Gazatik ateratako pertsona gehien 2023ko urriaren 7az geroztik. OMEk emandako datuen arabera, ordutik 5.400 gaixo eta zauritu atera dituzte zerrendatik; horietatik ia denak Tel Avivek iazko maiatzean pasabidea itxi aurretik. Izan ere, laurehun lagun soilik atera dituzte Israelen eta Gazaren arteko Kerem Xalom pasabidetik. Gazako ospitaleetako arduradun Muhammad Zaqut aipatuz AFP albiste agentziak jakinarazi duenez, gaur-gaurkoz 6.000 pertsona zerrendatik ateratzeko prest daude; dena den, menia akordioan zehaztuta dago denera laurehun palestinar atera ahal izango dituztela.
Laugarren trukea
Gazarako menia akordioa orain bi aste sartu zen indarrean, eta dokumentu horretan adostutako gatibuen eta preso palestinarren laugarren trukea egin dute gaur. Hamasek hiru gizonezko gatibu utzi ditu aske; Israelek, berriz, 183 preso palestinar. Oraingoan ere Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak eman du trukaketaren berri, komunikatu baten bidez, erakunde horretako langileak ari baitira askatutako presoak beren jatorrizko herrietara eramaten. Horren arabera, 25 preso palestinar Zisjordaniako Ramallah hirira eraman dituzte; Zisjordaniatik kanporatu dituzte zazpi; Egiptora bidali dute bat, eta Gazara eraman dituzte besteak. Aurreko trukeetan bezala, oraingoan ere jendetza elkartu da Israelek aske utzitako preso palestinarrei ongietorria egiteko; kasurako, Zisjordaniako Ramallah hirian eta Gazako Khan Yunisen.

Hamasek ere egin die ongietorria preso palestinarrei, eta, beste behin, auzitan jarri ditu Israelgo espetxeetako baldintzak. Ohar baten bidez, Palestinako erakunde islamistak jakinarazi du Gazara ailegatutako presoak ospitalera eraman behar izan dituztela, Israelgo kartzeletan jasandako «torturek eta abusuek» eragindako zauriak sendatzeko. «Gure preso heroikoen aurkako bortizkeria sistematikoak gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak dira», gaineratu du. Preso Palestinarren Elkarteak gauza bera leporatu dio Tel Avivi, argudiatuta aske utzitako presoak «sasoiz eta buruz oso ahul» daudela, eta «jipoien» zantzuak dituztela.
Hamasek aske utzitako hiru gatibuak ere iritsi dira etxera: Keith Siegel, Ofer Kalderon eta Yarden Bibas, hirurak zibilak eta gizonezkoak. Israel hegoaldean jaso dituzte; gero, Tel Avivera eraman dituzte helikoptero batean. Jendetza elkartu da Israelgo hiriburuko Gatibuen plazan ere —2023ko urriaren 7ko erasoan hildakoen eta bahitutakoen omenez izendatu dute horrela—, hiru gatibuei ongietorria egitera. Bibasen senide batzuk falta ziren, ordea, haren emaztea eta bi seme-alabak ere gatibu hartu baitzituzten milizia palestinarrek, eta oraingoz ez dago haien berririk.
HERRIALDE ARABIARREK TRUMPEN PROPOSAMENA GAITZETSI DUTE
Ohar bateratu baten bidez, AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpen proposamena gaitzetsi dute Egiptoko, Jordaniako, Saudi Arabiako, Qatarko eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Atzerri ministroek eta Arabiar Ligak. Joan den astean, Trumpek proposatu zuen Gazan bizi diren palestinarrak beren lurretatik kanporatzea, eta horiek guztiak alboko herrialdeek jasotzea, hala nola Egiptok eta Jordaniak. Herrialde arabiarrek berretsi dute ez dutela horrelakorik onartuko «inola ere»; halere, adierazi dute espero dutela Trumpen administrazioarekin elkarlanean aritu ahal izatea, Ekialde Hurbil «baketsu bat» eraikitzeko.