Rafahko erasoaldia «berehala» eteteko agindu dio Nazioarteko Justizia Auzitegiak Israeli

Hagaren arabera, kautelazko neurri berriak ezartzeko motiboak daude. Eskatu dio Israeli Rafahtik laguntza humanitarioa sartzen uzteko. Hamasen ustez, eskaera ez da nahikoa.

(ID_13916768) NETHERLANDS ISRAEL TRIALS
Nazioarteko Justizia Auzitegiko epaileak, gaur, Hagan; erdian, Nawaf Salam presidentea. KOEN VAN WEEL / EFE
Igor Susaeta.
2024ko maiatzaren 24a
11:00
Entzun

Rafahko erasoaldia «berehala» eten dezala agindu dio Nazioarteko Justizia Auzitegiak Israeli, baita han, Gazako zerrendaren hegoaldean, Egiptorekin muga egiten duen pasabidea ireki dezala ere, handik laguntza humanitarioa sar dadin. Hori jakinarazi du gaur NBE Nazio Batuen Erakundearen organo judizial nagusiak, Hegoafrikak Israelen aurka genozidioagatik jarritako salaketari erantzunez. Hagan (Herbehereak), organoaren egoitza nagusian, ebazpenaren berri emateko egindako agerraldian, auzitegiko presidente Nawaf Salamek nabarmendu du, bide batez, Rafahko egoera humanitarioa «ezin okerragoa» dela.

Gazan genozidioa eragozteko neurriak hartzeko eskatu zion Nazioarteko Justizia Auzitegiak Israeli joan den urtarrilean, eta antzeko beste eskaera bat egin zion bi hilabete geroago, betiere Hegoafrikaren salaketan oinarrituta. Baina, Salamek gaur argudiatu duenez, neurri horiek ez dira nahikoa Gazako egungo egoerari aurre egin ahal izateko, eta uste du berriak ezartzeko motiboak badaudela. Azpimarratu du, bide batez, auzitegiak pentsatzen duela Israelek Rafahko zibilak ebakuatzeko planteamendua —1,4 milioi daude han— ez dela nahikoa palestinarrek duten «arrisku izugarria arintzeko». Horrekin guztiarekin lotuta, eskatu dio Israeli hilabete bateko epean jakinarazteko ea zein aurrerapauso eman dituen egin dizkion eskaerei dagokienez.

PAN Palestinako Aginte Nazionalak auzitegiaren erabakia txalotu du, Reuters berri agentziak Nabil Abu Rudeina erakundearen bozeramailearen hitzak jasoz kaleratu duenez. Eta hedabide beraren arabera, Hamasek ere begi onez hartu du, nahiz eta talde islamistaren ustez ez den nahikoa, eta Israeli eskatu behar zaion urriaren 7az geroztiko setioa guztiz eten dezala.

Auzitegi horren erabakiak lotesleak dira, baina ez du gaitasunik horiek betearazi ahal izateko. Israelek, gainera, zazpi hamarkada baino gehiago daramatza NBEren ebazpenei jaramonik ez egiten, eta berdin segitzeko asmoa du. «Lurreko inongo boterek ez dio eragotziko Israeli bere herritarrak babestea eta Hamas Gazan jazartzea», adierazi zuen atzo Avi Hyman gobernuaren bozeramaileak, prentsaurreko batean.

Hegoafrikaren azken eskaeraren harira, duela bi aste, Israelen ordezkariek NBEren organo judizial nagusiaren epaileen aurrean adierazi zuten «tragikoa» izaten ari dela «Gazako gerra», horrek «prezio humano izugarria» duela, baina ez dela genozidio bat. Izan ere, Hegoafrikak auzitegi horretara jo du, uste baitu 1948ko NBEren Genozidioaren Konbentzioa urratzen ari dela Israel Gazan. Eta Nazioarteko Justizia Auzitegiak urtarrilean adierazi zuen «nahikoa ebidentzia juridiko» dagoela zerrendakoa genozidio kasu bat den ikertzeko.

Israelek ez du, ez, eskatutako neurririk hartzeko intentziorik, baina aste honetan haren kontrako bi erabaki hartu dituzte nazioarteko instituzioek. Batetik, gaurkoa. Bestetik, Benjamin Netanyahu lehen ministroa atxilotzeko eskatu zuen Nazioarteko Zigor Auzitegiaren fiskalak astelehenean, Gazako setioaren harira «gerra krimenak» eta «gizateriaren aurkako krimenak» egitea egotzita. Gainera, Espainiak, Norvegiak eta Irlandako Errepublikak adierazi dute hilaren 28an Palestinako Estatua errekonozitzekoak direla. Tel Aviven aliatu AEBek berek ere kezka agertu dute geroz eta gehiago direlako «beste norabide bat» hartu dutenak; «tartean, lehen Israel babesten zuten batzuk», esan zuen Jake Sullivan Segurtasun Nazionaletako aholkulariak, joan den asteazkenean.

Beste hiru bahituren gorpuak

Israelek iragarri du gaur Hamasen beste hiru bahituren gorpuak berreskuratu dituela Gaza iparraldean, Jabalian. Armadak ohar batean nabarmendu duenez, joan den urriaren 7an hil zituzten, talde islamistak 240 pertsona inguru bahitu zituenean Israelgo lurretan. Joan den astean beste lau gorpu berreskuratu zituzten. Tel Aviven esanetan, ehun inguru bahituta daude oraindik ere zerrendan, eta beste 30en gorpuak ere han daude.

Senideek Netanyahuri esan diote Hamasekin akordio bat egin dezala, bai bahituak eta bai hildakoak Israelera ekar ditzaten. Eta gaur ere, ohar baten bidez, negoziatzeko deia egin diote gobernuburuari. Atzo jada, bost bahituren bideo bat kaleratua izan ondoren, lehen ministroaren bulegoak agindu zien negoziatzaileei bitartekariekin —Qatar, AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Egipto— harremanetan jartzeko, Hamasekin akordio batera heltzeko ahaleginean. Baina ez dira aurrerapausoak ematen ari, bi aldeak ez daudelako prest kontzesioak egiteko.

240 bahituetatik ia erdiak aske geratu ziren iragan azaroa bukaeran, Israelek eta Hamasek preso eta bahituen truke bat adostu zutelako. Israelek jakinarazi du gaur Michel Nisembaum (59 urte), Hanan Yablonka (42) eta Oryon Hernandez (30) direla hilik topatu dituztenak.

Bestalde, EB Europako Batasuneko instituzioetako eta agentzietako 211 langilek gutun bat sinatu dute, «kezkatuta» daudelako talde komunitarioa Gazako «krisi humanitarioari» ematen ari zaion erantzunarekin. Gutunerako sarbidea eduki du The Guardian Erresuma Batuko egunkariak, eta palestinarren «egoera zailaren aurrean» EB erakusten ari den «utzikeria» kritikatzen dute: «Indar hutsean oinarritutako ordena mundial bat normalizatzeko arriskua eragiten du». Horiek horrela, gertatzen ari den «nazioarteko zuzenbide estatuaren higatze handiaren aurka ezer egin gabe» jarraitzeak ekarriko luke, sinatzaileen hitzetan, «Europako proiektuaren porrota».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.