Nazioarteak Israel kritikatu du Rafahko iheslari kanpaleku bateko hilketengatik

Armadak errefuxiatuen eremu bat bonbardatu du Gaza hegoaldean, eta gutxienez 45 lagun hil ditu. Tel Avivek esan du erasoaren inguruko «informazioa aztertuko» duela.

UNRWAren eskola bat, bonbardaketetan suntsitua, Rafahn. HAITHAM IMAD / EFE
UNRWAren eskola bat, bonbardaketetan suntsitua, Rafahn. HAITHAM IMAD / EFE
Arantxa Elizegi Egilegor - Ander Perez Zala - Mikel Garcia Martikorena
2024ko maiatzaren 27a
19:10
Entzun

Israel, berriz ere, nazioartearen gaitzespena jasotzen ari da Gazan haren armada egiten ari den hilketengatik. Gobernuak eta GKE gobernuz kanpoko erakundeak, denetariko talde eta instituzioak aritu dira, egun osoan, Tel Aviv kritikatzen Gaza hegoaldeko errefuxiatuen esparru baten kontrako azken erasoarengatik. UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak, esaterako, gaur adierazi du «ikaragarria» izan dela Rafahko errefuxiatu kanpaleku baten kontrako bonbardaketa hori, eta Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak gerora esan du zerrendan ez dagoela «toki segururik». Gazako Osasun Ministerioak gaur eguerdian jakinarazitako behin-behineko datuen arabera, gutxienez 45 dira hildakoak, eta 249 zaurituak.

Rafahko erasoaldia «berehala» gelditzeko Nazioarteko Jusitizia Auzitegiaren agindua jaso eta bi egunera, hiri horren hegoaldeko iheslari kanpaleku bat bonbardatu zuen Israelgo armadak, atzo gauean. Militarren iturriek hasiera batean adierazi dutenaren arabera, «Hamasen instalazioak» suntsitu dituzte bonbardaketan; biktima gehienak, ordea, zibilak izan dira.

Gertatutakoa «sarraski bat» izan dela salatu du Hamaseko bozeramaile Sami Abu Zuhrik, eta AEB Ameriketako Estatu Batuak jo ditu erantzuletzat. Horren ondoren, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, esaterako, esan du «suminduta» dagoela gertaturikoagatik, eta Belgikak eta Italiak —Israelen aliatuetako bat—, gainera, «onartezintzat» jo dute bonbardaketa. Organizazio palestinarrak Tel Aviven aurka jaurtitako suzirien ondorio izan da Rafahren aurkako erasoa; goizaldekoa izan da, gainera, joan den urtarrilaz geroztik Hamasek Israelen aurka egin duen halako lehen erasoa.

Bestalde, Irlandako Errepublikak, Norvegiak eta Espainiak bihar dute onartzekoa Palestina estatu gisa. Hain zuzen ere, Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresek gaur eskatu die EBko estatu kideei babes dezatela Nazioarteko Zigor Auzitegiaren azken eskaria, zeinean Israeli exijitzen dion eten dezala Rafahren aurkako erasoaldia. Irlandako Errepublikako Atzerri ministro Micheal Martinek ere bat egin du adierazpen horiekin: «Gaza eremu txikia da, eta jende asko biltzen du. Ezin da hura bonbardatu eta gero bazter utzi hildako errugabeen erantzukizuna».

Erantzuna zehazki hori izan ez den arren, antzeko ildotik doa. 27 kideen kluba bloke bat legez jardun da, eta hori ikustea zaila zen azkenaldian Palestinako gatazkari dagokionez. 27 estatuen Atzerri ministroek Israelgo Atzerri ministro Israel Katz bilera batera deitu dute, EBk eta Israelek duten akordio komertziala berrikusteko. Argudiatu dutenaren arabera, akordioan Tel Avivek giza eskubideak bermatuko zituela adierazi baitzuen. «Gazan gertatzen ari denaz eztabaidatuko» dutela adierazi dute EBko ministroek.

Borrellek taldea osatzen duten herrialde guztien jarrera txalotu du, eta argi utzi du erantzun «bateratuaren» xedea ez dela soilik Israel Katzekin biltzea: «Israelgo Gobernuari Europako justiziaren neurriak nola beteko dituen galdetuko diogu».

Bertsio aldaketa

Israelgo armadako buruzagitzak argudiatu du «doitasun munizioa erabiliz eta inteligentzia informazio zehatza oinarritzat hartuta» eta «eremu seguru bat» zelakoan egin duela bonbardaketa, eta gaineratu «bonbardaketaren ostean piztutako suteen» ondorioz hil direla zibilak. Modu horretan egin dio izkin hildakoen eta zaurituen gaineko erantzukizunari.

Egun osoa eman du bertsio horrek, gau aldera Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk atzera egin eta Rafahn  geratutakoa «ezbehar tragikoa» dela esan duen arte. Nazioarteak egun osoa darama gertatutakoa arbuiatzen, eta, lehen ministroak Israelgo Parlamentuan adierazi du «ezinbestekoa» dela Israelgo armadak «ahal den arreta guztia» jartzea gauzatzen dituen operazioetan. Hala ere, Netanyahuk ez du armada kritikatu; bere iritziz, «ahaleginik onenak egiten dituzte [gatazkan] parte hartzen ez dutenei kalterik ez egiteko».

Palestinako talde armatuaren erasoak, ordea, giroa berotu du Israelen. Goizaldean, Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministroak, eskuin muturreko Itamar Ben-Gvirrek, honela idatzi du X sare sozialean: «Rafahra! Indar guztiz!». Harekin bat etorri da Benny Gantz ere, gobernuaren gerra kabineteko kidea: «Gaurko oldarraldiak argi utzi du armadak Hamasen aurka jo behar duela, hura edonon dela ere».

Indarrak Rafahn biltzeko nahiak bestelako ondorioak izan ditzake. Egiptoko armadak gaur ohar bidez jakinarazi duenez, herrialdeko segurtasun indarretako kide bat hil dute, tiroz, Rafahko pasabidean. Nork sakatu duen katua esaten ez duten arren, Israelek jakinarazi du haren armadaren eta Egiptokoaren artean liskarrak egon direla pasabidetik gertu, eta hori ikertzen hasiko zirela. Egiptok eta Israelek bake akordioa sinatu zuten 1979an, eta hainbatetan jardun dute elkarlanean Gazarekin lotutako segurtasun politikei dagokienez. Oraingoan, baina, Egipto beldur da Israelek palestinarrak Gazatik Sinaira kanporatu nahi ote dituen; hasieratik aukera hori marra gorritzat ezarri izan du Egiptok.

Badira bederatzi hilabete Israelek, milizia palestinarren erasoari erantzunez, Gazaren aurkako oldarraldia hasi zuela, eta, tarte horretan, 35.000 palestinar hil dituzte, eta Gaza hiria ia erabat suntsitu. Erasoalditik ihesi, zerrendaren iparraldean bizi ziren milaka palestinarrek hegoaldera jo zuten, Rafahra, han seguruago egongo ziren itxaropenarekin.

Baina azken asteetan zabaldu egin da Israelek Rafahren aurkako erasoaldia hasiko duen beldurra. Benjamin Netanyahu lehen ministroaren gobernuak berak behin baino gehiagotan esan du «beharrezkoa» dela hiria hartzea Hamas «erabat» suntsituko badute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.