Aske dago Sea Watch GKE gobernuz kanpoko erakundeko kapitain Carola Rackete, baina haren inguruko informazioa «ezkutuan» mantendu nahi dute orain. Italiako justiziak ez du deliturik antzeman haren erabakietan. Mediterraneoan noraezean zeuden 40 migratzaile zeramatzan Sea Watch 3 ontzia baimenik gabe lehorreratu zuen Lampedusan (Italia). Bi aste eman zituen nazioarteko uretan, porturatzeko baimenaren zain, eta Italiaren aginduei jaramonik ez egitea erabaki zuen azkenean.
Alessandra Vella epaileak, ezustekoa eman, eta kapitaina aske uzteko agindu zuen asteartean. Segurtasun indarrei aurre egitea, gerraontzi baten aurkako indarkeria eta hura hondoratzen saiatu izana egozten zizkioten Racketeri, mugazainen ontzi bat jo baitzuen Sea Watch 3-k, portuan sartu zenean. Vellak atzera bota ditu akusazioak, eta uste du kapitainak «bere egitekoa» egin zuela, migratzaileak erreskatatu eta Lampedusara eramanda.
Vellaren erabakiarekin bat etorri da defentsa ere; haren arabera, epaiak frogatzen du «legez kanpoko erabakia» izan zela portuak itxi eta GKEaren ontziari porturatzeko baimena ukatzea.
Elkartasunaren garaipena
Racketerentzat, epailearen erabakia garaipen bat izan da, «migratzaileekiko elkartasunarena, eta haiei lagundu nahi dietenak kriminalizatzearen kontrakoa». Matteo Salvini Italiako Barne ministroa, berriz, «sumindu» egin du albisteak: hark bultzatutako legeak Italian porturatzen diren erreskate ontziak zigortzea du helburu. Azkenean, Racketeren erabakiaren inguruko eztabaidak kaltetu egin ditu Italiaren eta Alemaniaren arteko harremanak.
Dena den, epaiak ez ditu arazo guztiak konpondu. Racketeren aurkako «mehatxu orokorrak» jaso dituzte orain, Sea Watch GKEko bozeramaile batek azaldu duenez. «Horregatik, leku seguru batera eraman dugu. Ez dugu haren bidaia asmoen inguruko ezer esango», ohartarazi zuen.
Litekeena da datozen asteetan berriro galdekatzea Rackete, beste kargu batzuk egozteko aukera baitago. Etxean atxilotuta zegoela, Salvinik esan zuen Italiatik botako zuela, baina agindu hori ere zalantzan dago orain.
Rackete «leku seguru batean» da, mehatxuengatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu