Erabakitzeko eskubidea

Quebecen autodeterminazioari buruzko legea konstituzionala dela ebatzi dute

99. Legea eta Kanadako Konstituzioa bateragarriak direla baieztatu du Apelazio Auzitegiak: independentzia erreferendum batean botoen «%50 gehi bat» nahikoa izango da emaitza onartzeko.

Quebeceko jai nazionalaren ospakizuna ekainaren 24an egiten dute urtero. Irudian, Montreal hirian. BERRIA
ander perez zala
2021eko apirilaren 10a
19:16
Entzun

Quebeceko Estatuaren eta herriaren oinarrizko eskubideen jardunari buruzko legea (99. Legea) eta Kanadako Konstituzioa bateragarriak dira. Hogei urteko borrokaren ostean, subiranistek albiste pozgarria jaso dute, Quebeceko Apelazio Auzitegiak arrazoia eman baitie unionistek abiaturiko borroka judizialean; hala, balizko hirugarren erreferendumari begira, Kanadatik ateratzerakoen aldekoek «%50 gehi bat» biltzea nahikoa izango da emaitza onartzeko.

1980ko eta 1995eko galdeketetan Quebecek deitu zuen erreferendumetara —Kanadako Konstituzioak hala ahalbidetzen baitu—, eta hark zehaztu zituen kontsulten bi galderak; biek, ordea, eztabaida handia sortu zuten, unionismoak argudiatu baitzuen ez zirela «ulergarriak eta zehatzak». 

Horren harira, eta 1995ekoak izan zuenaren emaitza kontuan hartuta —ezezkoak botoen %50,58 jaso zituen—, Ottawak Argitasun Legea onartu zuen 2000n —Kanadako Auzitegi Gorenari iritzia eskatu ostean—, hurrengo galdeketarako baldintza berriak finkatu eta oztopo gehiago ezartzeko; Quebecek, haserre, 99. Legea sustatuz erantzun zuen, bere «oinarrizko eskubideak» defendatze aldera.

Talka horrek bide judizial luzea eragin du, Keith Henderson Berdintasuna alderdi unionistaren buruzagi ohiak legearen sei artikulu indargabetzeko borroka abiatu baitzuen 2001ean; hamazazpi urteren ostean, 2018an, Quebeceko Auzitegi Nagusiak ezezkoa eman zion, eta Hendersonek helegitea aurkeztu zuen Apelazio Auzitegian. Horrek ere erantzun bera eman dio: 99. Legea eta Kanadako Konstituzioa bateragarriak direla. Epailearen erabakiaren aurrean, salatzaileak ez du Kanadako Auzitegi Gorenera joko, Le Devoir egunkariari baieztatu dionez.

Urteotan Quebecen autodeterminazioari buruzko legearen defentsan aritu den Maxime Laporte abokatuak pozez hartu du erabakia, baina gaitzetsi egin du «herri bat behin eta berriz eztabaidatzen eta borrokatzen egon behar izatea bere existitzeko eskubidea defendatzeko». Bide beretik jo du PQ Alderdi Quebectarreko buruzagi Paul St-Pierre Plamondonek, epailearen ebazpenaz iritzia ematerakoan: «Demokrazia normal batean ez litzateke beharrezkoa izan behar lege zehatz bat eta bi erabaki judizial izatea aitortuak izateko».

Kanadako Gobernutik, David Lametti Justizia ministroak oniritzia eman dio Apelazio Auzitegiak ebatzitakoari, «baieztatzen baitu Kanadako probintzia baten sezesioak, legezkoa izateko, Kanadako Konstituzioaren negoziaturiko moldaketa bat behar» duela. Legediaren arabera, Quebecek badu erreferendumera deitzeko eskumena, baina horiek ez dira lotesleak, soilik kontsulta modukoak.

Zein interpretatu?

Hurrengo erreferendumari begira, legeen interpretazioan egongo da gatazka. Izan ere, Argitasun Legea ere testu legal bat da eta, horren arabera, baiezkoak irabaziz gero, Kanadako Komunen Ganberak iritzia eman beharko luke boto emaileen «gehiengo argiak» independentziaren alde egin ote duen.

Horretarako, testuak irizpide hauek zehazten ditu: independentziaren alde emandako «botoen gehiengoaren garrantzia»; galdeketan izandako parte hartzea; eta «egokiak» iruditzen zaizkion «beste faktore batzuk». Finean, lege horren bidez, Ottawak aldarrikatu zuen baiezkoak gutxieneko tarte esanguratsu bat atera behar diola ezezkoari; bost puntukoa, esaterako.

99. Legeak, berriz, «%50 gehi boto bat» emaitza onargarritzat dauka, eta horixe bera aitortu du Quebeceko Apelazio Auzitegiak; alegia, Ottawaren Argitasun Legeko «gehiengo argia» %50+1ekoa da. Unionistek, ordea, ez lukete zertan interpretazio hori egingo, hirugarren independentzia erreferendumean baiezkoak irabaziko balu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.