Putinekin negoziatzeko eskatu dio Modik Zelenskiri

Indiako lehen ministroak Ukrainako presidenteari esan dio prest dagoela «rol aktibo bat» jokatzeko bakerako bidean.

Narendra Modi Indiako lehen ministroa —ezkerrean— eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea, gaur, Kieven. EFE
Narendra Modi Indiako lehen ministroa —ezkerrean— eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea, gaur, Kieven. EFE
ander perez zala
2024ko abuztuaren 23a
16:15
Entzun

Indiak geopolitikoki eta nazioarteko politikan geroz eta eragin handiagoa duela aintzat harturik, eta, batez ere, Errusiarekin harremana duenez, Narendra Modi herrialde horretako lehen ministroak Ukrainara egin duen bisitak izan du nolabaiteko garrantzirik Volodimir Zelenski presidentearentzat. Izan ere, Mikhailo Podoliak haren aholkulariak bi buruzagien arteko bilkuraren aurretik aitortu duenez, New Delhik badu «egiazki influentziaren bat» Moskun, eta, beraz,  komeni zaie «horrelako» estatuekin «harremanak eraikitzea». Eta Modik, alde horretatik, «lagun» gisa aurkeztu dio bere herrialdea Zelenskiri, aliatu modura, bakea lortzeko. Hori bai, Indiako lehen ministroak Ukrainako presidenteari ohartarazi dio horretarako ezinbestekoa direla diplomazia eta elkarrizketak, eta, beraz, hark eta Vladimir Putin Errusiako estatuburuak negoziatu egin beharko dutela gerra amaitzeko, mahai beraren inguruan eserita.

Modiren bisita «historikoa» izan da Kieventzat, lehen aldia baita Indiako lehen ministro bat Ukrainan izan dela, besteak beste. Eta gatazkari dagokionez, testuinguru berezi batean egin du, Ukrainako armada hilabete hasieratik ari baita borrokan Errusiako eskualde batean, Kursken; gainera, hilabete eta erdi besterik ez da pasatu Modi Putinekin batzartu zenetik, Moskun. Horri erreferentzia eginez, Indiako gobernuburuak zeharkako keinua egin du, eta, gaurko bilkuraren ondotik —ez dute agerraldi bateraturik egin—, adierazi du bere herrialdea ez dela neutrala izan, eta beti egon dela bakearen alde.

Mezu horretan jarri du arreta Modik bileraren ostean: «Irtenbiderako bidea elkarrizketaren eta diplomaziaren bidez baizik ezin da aurkitu. Eta bide horretan mugitu beharko genuke, denborarik galdu gabe». Are, Indiako lehen ministroa prest dago «rol aktibo bat» izateko bakerako bidean, Zelenskik hori egiteko eskatuko balio. Ukrainako presidenteak, hain justu, gai horri buruz nazioarteko beste goi bilera egin nahi du urtea amaitu aurretik —lehena ekainean egin zuten, Suitzan—, eta balizko bilkura horretan Errusiaren ordezkariek ere parte hartzea nahi luke; horretarako, baliagarria izan liteke New Delhiren bitartekaritza, gaurko bileran iradoki duenez.

Edonola ere, bai nazioarteko goi bilkura hori, bai bakea lortzeko Modik aipaturiko negoziazioak, badirudi oraingoz ez dagoela abiatzeko aukerarik, astelehenean Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak esan baitzuen ez direla mintzatuko Ukrainarekin, Kursken kontrako erasoa hasi zuelako. Eta, gai horren inguruan, Anatoli Antonov Errusiaren Ameriketako Estatu Batuetarako enbaxadoreak gaur azaldu du Putinek erabaki bat hartua duela ofentsiba horri eman beharreko erantzunaren inguruan, eta «konbentzituta» dagoela «denak zorrozki zigortuko» dituztela, Reuters albiste agentziaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.