Putinek mende laurdena bete du boterean

1999ko azken egunean hartu zuen Errusiako presidente kargua. Orduz geroztik, 2012ko bere kontrako protestak gorabehera, zailtasun handirik gabe eutsi dio aginteari.

Vladimir Putin Errusiako presidentea ekitaldi publiko batean, joan den urtarrilaren 5ean. VIATXESLAV PROKOFIEV / EFE
Vladimir Putin Errusiako presidentea ekitaldi publiko batean, joan den urtarrilaren 5ean. VIATXESLAV PROKOFIEV / EFE
Olatz Urkia
2025eko urtarrilaren 25a
05:05
Entzun

Abenduaren 31n, Vladimir Putinek hogeita bost urte bete zituen boterean, eta orain Errusiako Federazioa erabat kontrolatzen duela dirudi. Urte hauetan guztietan bere etsaietatik libratu da, Ukrainako gerra hasi du, eta, 2024ko martxoan hauteskundeak irabazi dituenez, gutxienez beste bost urte geratzen zaizkio boterean. Denbora du, hortaz, bere ametsa betetzeko: Errusiari bere harrotasun inperiala itzuliko dion liderra izatea, hain zuzen ere.

Putin asko aldatu da. Bere lehen bi agintaldietan aholkuak onartzen zituen. 2008an pausa txiki bat egin, eta Dmitri Medvedevek hartu zuen presidente kargua; hori bai, lehen ministro izan zen Putin, boteretik oso gertu mantenduta. Autokraziarako bira 2012an hasi zuen, berriz presidente izateko hauteskundeetara aurkeztuko zela iragarri zuenean.

Urte hartan hainbat gauza gertatu ziren. Alde batetik, Putinek berriz presidente izateko intentzioa jakinarazi zuenean, protesta oldea piztu zen Errusia osoan. Komunikabideetan Udaberri Arabiarraren mugimenduarekin alderatu zuten, eta Udaberri Errusiar batez hitz egiten hasi ziren. Ondoren, Muammar Gaddafiren hilketa gertatu zen: Libiako manifestariek biolentzia handiz exekutatu zuten Putinek aldebiko hainbat bilkuratan ikusia zuen lider boteretsua. Hori shocka izan zen Putinentzat: herria, askatasun gehiegi izanez gero, edozer egiteko gai den adibide.

Errusiarrak bere hautagaitzaren aurka protestan atera izana traiziotzat hartu zuen. Ez al zuen berak aurreko bi agintaldietan lortu bizitza kalitatea hobetzea? Bestalde, Medvedevekin, kontrola gehiegi erlaxatu izanaren erakusgarri bihurtu ziren manifestazioak. Azken bi urteetan, 2010etik 2012ra, oposizio bat osatzen hasia zen: gaztea, berria, Interneten eta Facebooken mugitzen zena, parlamentuarekin harremanik ez zuena. 2012an berriz agintera itzultzea lortu bezain laster, Putinek hori guztia errotik mozteko erabakia hartu zuen. Eta gaur egun amaitu dira Errusian 2012koen tamainako protestak eta adierazpen askatasun hori.

Mendebaldean askok ez dute sinetsi nahi errusiarrek hauteskundeetan Putinen alde bozkatu izana. Beste batzuek, emaitzak sinetsi bai, baina propagandaren azalpen errazarekin konformatzen dira: «Komunistek errusiarrei burmuina garbitu diete».

David Flores Errusian aditua da; haren ustez, konplexuagoa da guztia: «Munduko Bankuaren arabera, gizon errusiarren bizi itxaropena 58 urtera jaitsi zen 1994an. Aldiz, gorako joera izan du 2000. urtean Putin boterera iritsi zenetik, eta 2022an 68 urtera iritsi zen. Horrek argi erakusten du Errusian egonkortasuna eta hazkundea izan direla azken 24 urteotan. Egia da hazkunde horren atzean beste faktore garrantzitsu batzuk daudela Putinez gain —petrolioaren prezioen igoera—, baina Putinek jakin izan du hori guztia bere arrakasta balitz bezala saltzen».

Bestalde, errusiarrek ez dute inoiz demokraziara ohitzeko denborarik izan. Erregimen errepresiboak erori ondoren, oso epe laburra izan dute beti, eta garai horietan arazo ekonomikoak eta kaosa izan dira nagusi. Horregatik, «askatasuna» zailtasun ekonomikoekin lotzen dute askotan. Gaur egun baloratzen dutena beste askatasun mota bat da: supermerkatuak janariz beteta ikustea, oporretan atzerrira bidaiatu ahal izatea: «1990eko hamarkada traumatikoa izan zen» dio Floresek. «Bat-bateko trantsizioa egin zuten sozialismotik kapitalismora, inoiz baino bat-batekoagoa, eta gizarteak asko sufritu zuen. Itxaropen handiarekin hasi baina gaizki amaitu zen kapitulu laburra izan zen».

«Errusiaz pentsatzean, liderrarengan bakarrik pentsatzen da; herrialdea, ordea, hori baino askoz gehiago da»

DAVID FLORESErrusian aditua

Urte askotako zailtasunen ondoren, herriak akordio inplizitu bat sinatu zuen gobernuarekin. Zera zioen: «Gu ez gara sartuko gobernuaren kontuetan, eta gobernua ez da sartuko gure bizitzetan».

Sukaldean, bestela

Akordio horrekin pozik egon dira denak, gutxi gorabehera, orain arte, baina Ukrainako gerrarekin batera eztabaida sortu da adituen artean, ez ote den Putin herritarren babesa galtzen ari. Publikoki bai, autozentsura egiten dute, baina sukaldean, pribatutasunean, haserrea gehiago entzuten dela argudiatzen dute. Ukrainako gerraren ondorioz aldaketa handi bat etorri da: etxean zeuden 300.000 erreserbistak gerrara joateko deia jaso zuten bat-batean. Errusiar gehienek ez dute gerrara joan nahi, pentsaera patriotiko horrek bere mugak ditu. Azken urteotan, iheslari ukrainarrek ez ezik errusiarrek ere beren jaioterritik ihes egin behar izan dute.

Hala ere, hau da Putinen argudio nagusia: gatazka NATOren hedatzeak sortu duela. Errusiar askok defendatzen dute hori. Floresek dio akats handia egin duela Mendebaldeak Putinen kezkei entzungor eginda: «NATOren hedapena ezin da ukatu. 2008an, Ukraina eta Georgia aliantzaren parte izateko aukera aztertu zuten Bukaresteko goi bileran. Errusiak oso argi esan zuen hori marra gorria pasatzea izango litzatekeela berarentzat, baina ez zuten kontuan hartu Moskuren abisua. John Mearsheimer estatubatuarrak argudiatzen du Mendebaldea dela gerraren erantzule nagusia, Errusiari entzungor egin izanagatik, hain zuzen ere.Nik uste dut gerraren atzean faktore asko daudela: Errusiak eta Mendebaldeak azken 30 urteotan izandako gaizki-ulertuak eta nazioarte mailan dagoen desoreka barneratua, besteak beste».

Errusian ohituta daude lider bat boterean luzaroan ikustera: ez dute inoiz lider aldaketa bat izan lehenago hileta bat izan gabe. Horregatik, aditu batzuek diote Putin boteretik ez dutela kenduko hiltzen den arte. Batzuen ustez, Ukrainako gerra amaitzeko modu bat Putinen heriotza litzateke. Baina ez dago argi, eta Mendebaldeko blokeak ere badu zertan hobetu horren zain egon gabe. Flores: «Putin ere ez da guztiaren gakoa. Iruditzen zait Errusiaz pentsatzean liderrarengan bakarrik pentsatzen dela, eta herrialdea hori baino askoz gehiago da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.