Giroa are gehiago berotu da Luhankseko eta Donetskeko herri errepubliketan, Ukraina ekialdean. Baina ez bakarrik Ukrainako armadaren eta milizia errusiazaleen arteko borrokengatik, baita bi herri errepublika horien etorkizun politikoagatik ere. Izan ere, Errusiako presidente Vladimir Putinek Donbassko bi errepubliken independentzia aitortu du, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrari eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteari, horretarako dekretu bat sinatuko zuela iragarri eta gero. Zehazki, eskaera hori egin diote Errusiako Segurtasun Kontseiluko kideek eta Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliketako liderrek, Denis Puxilinek eta Leonid Pasetxnikek, hurrenez hurren. Okerrik ezean, Errusiako Parlamentuak Putinen erabakia «ahalik eta lasterren» berretsiko du.
Hain justu, Errusiako behe ganberako diputatuek Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken independentzia aitortzeari buruzko bozketa egin zuten iragan astean. 368 ordezkarik hartu zuten parte, eta 351k egin zuten horren alde. Zehazki, diputatuek diote Donbassko errusiarrek «laguntza behar» dutela, eta «helburu humanitarioak» dituzten «neurri egokiak» babesten dituztela. Izan ere, ordezkariek uste dute bi herri errepubliken aitorpenak «oinarriak» sortuko dituela «segurtasun bermeak ziurtatzeko» eta «errepubliketako biztanleria atzerriko mehatxuetatik babesteko».
Gisa horretara, baiezkoa gailendu zenez, onarpen hori egiteko ebazpen bat bidaliko zioten Putini, eta gaurko Segurtasun Kontseiluko ezohiko batzarrean Donbassko herri errepubliken independentziarako gaia izan dute hizpide, eta horren ondoren hartu du erabakia Putinek. Ameriketako Estatu Batuen, NATOren eta EB Europako Batasunaren ohartarazpenei entzungor egin die Errusiako presidenteak. Izan ere, Mendebaleko potentziek esana zuten ez zutela onartuko Moskuk halakorik egiterik; are, adierazi izan dute zigorrak ezartzea aztertuko zutela hori eginez gero.
Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublikak Donbass eskualdean daude, eta eremu horretako indarrak gerran daude Ukrainako armadarekin 2014az geroztik. Urte hartan eta 2015ean, su-eten bat finkatzeko Minskeko Akordioak adostu zituzten, baina bi aldeetako inork ez ditu errespetatu —batez ere Kievek—; denera, 31.000 bat lagun hil dituzte gatazka horretan, baita 2,5 milioi desplazatu eragin ere.
Hain zuzen, gerratik ihesi, bi errepublika horietako 60.000 herritarrek baino gehiagok Errusiako muga zeharkatu dute, Moskuko agintariek adierazi dutenez. Horrez gain, Errusian ospitaleak eta egoitzak husten hasi dira errefuxiatuak jasotzeko. Aurreikuspenen arabera, 700.000 pertsona ebakuatuko dituzte, batez ere emakumeak, haurrak eta adinekoak. Putinek 10.000 errublo —100 euro inguru— eskaini dizkie Donbasstik Errusiara joan direnei.