Putinek esan du Ukrainarako meniaren alde dagoela, baina konpondu beharreko zenbait «ñabardura» daudela

Errusiako presidentearen arabera, besteak beste argitu behar da 30 eguneko menia hori zertarako erabiliko den: «Ukrainako tropak berrarmatzeko?». Kontu horiek argitzeko, Trumpekin telefonoz hitz egiteko prest agertu da.

Putin Bielorrusiako presidente Lukaxenkorekin batzartu da gaur, Moskun. MAXIM SHEMETOV / EFE
Putin Bielorrusiako presidente Lukaxenkorekin batzartu da gaur, Moskun. MAXIM SHEMETOV / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko martxoaren 13a
18:50
Entzun 00:00:0000:00:00

AEB Ameriketako Estatu Batuek Ukrainarako proposatutako meniaren aldekoa dela esan du Vladimir Putin Errusiako presidenteak gaur emandako prentsaurreko batean. Halere, ez du baieztatu proposamena onartuko duen ala ez, eta gehitu du konpondu beharreko zenbait «ñabardura» dituela. Bielorrusiako presidente Aleksandr Lukaxenkorekin batzartu ostean egin ditu adierazpen horiek. Herenegun onartu zuen Kievek Washingtonek egindako 30 eguneko su etenerako proposamena, Saudi Arabiako Jidda hirian bi herrialdeetako ordezkarien arteko bilera egin ostean.

Gaur, AEBetako ordezkariak proposamena Errusiari aurkeztekoak ziren. Horretarako, Moskun dago Steve Witkoff Etxe Zuriaren Ekialde Hurbilerako ordezkaria, eta arratsaldean zehar Putinekin batzartzekoa dela esan dio gaur goizean Iuri Uxakov Putinen aholkulariak Izvestia Errusiako egunkariari. Bilkura hori «ateak itxita» egingo dutela jakinarazi du, baina ez du xehetasun gehiagorik eman.

Putinen arabera, su eten batek «bake iraunkorrerako» bidea ireki beharko luke, baita gatazkaren arrazoiak «errotik ateratzeko» bide eman ere. Horregatik, Putinen ustez, AEBek egindako proposamenak baditu argitzeko zenbait kontu. Besteak beste, galdetu du Kurks eskualdean borrokan ari diren Ukrainako soldaduek zer egin beharko luketen baldin eta su etena gaur bertan indarrean sartuko balitz: «Borroka egin gabe aterako dira? Herritarren aurka egin dituzten krimenak egin eta gero, besterik gabe ihes egiten utzi behar diegu?». Errusiako Kursk eskualdea partzialki okupatu zuen Ukrainak joan den abuztuan, eta haren kontrola berreskuratzen ari da Mosku. Errusiako Guardia Nazionalak atzo jakinarazi zuenez, Ukrainako tropak okupatutako eskualde mugakide horretatik erretiratzen ari dira.

Errusiako presidentearen ustez, argitu beharreko beste kontu bat da 30 eguneko menia hori zertarako erabiliko den. Kezka agertu du Ukrainak epe hori arma gehiago eskuratzeko erabiliko ote duen, edota tropak pilatzeko. Horregatik, menia indarrean sartuz gero, adostutakoa betetzen dela kontrolatu beharko dela iradoki du. Horiek guztiak argitzeko, prest agertu da Donald Trump AEBetako presidentearekin telefonoz hitz egiteko.

Bestalde, Trump Mark Rutte NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiarekin batzartu da Etxe Zurian. Bilera hasi aurretik, kazetariei esan die Putinen adierazpenak «itxaropentsuak» direla, eta espero duela Errusiak «bide egokia» hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.