Donald Trump AEBetako presidente hautatuak adierazi izan du kargua hartu ondoren «24 orduan» bukatuko duela Ukrainako gerra; ez du esaten, ordea, hori nola egingo duen. Jada bildu da Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin, eta ezin da baztertu Vladimir Putinekin ere batzartuko dela. Kremlineko buruak urtea bukatu aurretiko urteroko agerraldia egin du gaur, eta datorren urtarrilaren 20an berriro Etxe Zuriko maizter bilakatuko denarekin «noiznahi» biltzeko prest dagoela azpimarratu du.
Putinek berak onartu izan du Trumpekin harreman ona izan zuela haren lehen agintaldian, 2017 eta 2021 artean. 2019ko ekainean batzartu ziren buruz buru azken aldiz, G20koen goi bilera batean, Japonian. Trumpek «berehalako» su eten bat eskatu izan du auziaz hitz egin duen azken aldietan. Putin, berriz, ez dago ados eskaera horrekin, bere tropak indartzeko baliatuko luke-eta Ukrainak, gaur esan duenez. «Benetako bakea nahi dugu, ez menia bat».
Errusiako herritarrek egindako galderei erantzun die Putinek, eta agerraldia telebistan eman dute. Ukrainako gerraren harira adierazi du ez dakiela zenbat iraungo duen, baina Errusiako tropak egunero ari direla kilometro koadroak «berreskuratzen».
Errusiak 2022ko otsailean hasi zuen Ukrainako inbasioa. Aste batzuk geroago, bi aldeak Istanbulen bildu ziren. Zirriborro bat negoziatu zuten, zeinaren arabera Ukrainak uko egingo zion NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bihurtzeari; Krimearen anexioa eta Donetskeko eta Luganskeko herri errepublikak onartuko zituen; eta, besteak beste, armada murriztuko zuen. Putinek gaur nabarmendu du, hain zuen, prest dagoela oinarri horren gainean negoziatzeko.
Baina oraingoz ez du Zelenskirekin hitz egin nahi. Argudiatu du Ukrainako presidenteak ez duela zilegitasunik. «Ukrainako Konstituzioak ez du ematen presidentearen agintaldia luzatzeko aukerarik, ezta gerra legea ezarrita dagoenean ere». Putinek iradoki nahi zuen Zelenski 2019ko maiatzean izendatu zutela Ukrainako presidente, eta bost urtekoa izaten dela agintaldia. «Inor hauteskundeetara aurkezten bada eta zilegitasunez irabazten badu, edozeinekin mintzatuko gara, Zelenski barne».
Zelenskiren kezka
Ukrainako presidenteak, hain justu, Europar Kontseiluaren bileran parte hartu du gaur Bruselan, eta EB Europako Batasuneko estatuburuei eta gobernuburuei aitortu die «oso zaila» dela Ukraina jasotzen ari den babesari eustea AEBen laguntzarik gabe. Izan ere, Trumpen asmoa ez da Kiev militarki laguntzen segitzea, Joe Bidenek egin bezala.
Eta laguntza hori dela eta, Putinek «duelu bat» proposatu die AEBei: Errusiaren misil hipersonikoen eta Washingtonen aireko defentsa sistemen artekoa. «Aukera dezatela, demagun, Kieven, zein instalaziori nahi duten guk eraso egitea. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Gu prest gaude. Beste aldea prest dago?». Orexnik izeneko misil balistikoarekin eraso egin zion Errusiak Ukrainari azaroaren 21ean. Putinek gaur jakinarazi duenez, 5.500 kilometroko bidea egin dezake.