Errusiako presidentetzarako hauteskundeak

Bozak Putinek Errusiako botereari eusteko

Presidentetzarako bozak amaituko dituzte gaur, eta ez da sorpresarik espero emaitzetan. Militarizazioak eta Ukrainako gerraren ondorioek markatuko dituzte hauteskundeak.

Errusiako presidente eta bozetako hautagai Vladimir Putinen afixa erraldoi bat, San Petersburgon (Errusia), iragan ostegunean. ANATOLY MALTSEV / EFE
Errusiako presidente eta bozetako hautagai Vladimir Putinen afixa erraldoi bat, San Petersburgon (Errusia), iragan ostegunean. ANATOLY MALTSEV / EFE
Alex Bustos
Mosku
2024ko martxoaren 17a
05:00
Entzun

Vladimir Vladimirovitx Putinek, 2000. urtetik Errusiako presidente denak —salbu eta 2008tik 2012rainoko tarte labur hartan, orduan lehen ministro izan baitzen—, gutxienez beste sei urtez segitu nahi du herrialde hartako gidari; noiz, eta bere armada Ukrainaren kontra auzo herrialde hartan borrokan dabilen bitartean, gerra horrek batera edo bestera errusiar guztiei eragiten dien honetan. Kezka nagusiak, gerraz gainera, barne tentsioak dira, eta Mendebaldeko herrialde batzuekin Errusiak duen harreman txarra, hala nola AEB Ameriketako Estatu Batuekin, Alemaniarekin eta Espainiarekin.

Beste herrialde batzuetan ez bezala, 2020tik egun bakarra ez baizik zenbait egun irauten dute presidentetzarako bozek Errusian; oraingo hauek, hain zuzen, herenegun hasi zituzten, eta gaur bukatu. Pandemia betean ezarri zuten sistema hori, 2020an, eta, Ella Pamfilova Hauteskunde Batzorde Zentraleko presidenteak azaldu zuen bezala, «tradizio izateko bidean da» Errusian. Zenbait adituk ohartarazi dutenez, hauteskundeak horrela eginda errazagoa da bozetan iruzur egitea; halaxe dio, adibidez, The Moscow Times-ek —errusiar agintariek atzerriko agentetzat jotzen dute hedabide hori—.

Herrialdeko txoko guztietan egingo dituzte hauteskundeak, bai eta Errusiak Ukrainan kontrolpean dituen eskualdeetan ere, Moskuren ustez Errusia baitira lurralde haiek ere: Krimea —2014an anexionatua—, Kherson, Zaporizhia, Donetsk eta Luhansk —horiek, 2022an—. Nahiz eta Errusiak ez dituen guztiz kontrolatzen lurralde horiek, eta nahiz eta nazioarteak ez dituen Errusiaren partetzat hartzen —salbu eta Errusiarekin harreman ona duten herrialde batzuek, hala nola Siriak, Bielorrusiak eta Ipar Koreak—, espero izatekoa da normal samar joango dela han ere bozen prozesua.

Herrialdeko bertako giroa

Lehen begiratuan, Moskuren erdialdea 2019an bezalaxe dago. COVIDik ez, eta bizimodua beti bezala: familiak erosketak egiten, bikoteak eskutik helduta paseoan, eta gazte kuadrillak elkarrekin txantxetan. Badirudi ez dela ezer gertatzen ari. Dendetan badago jana, badaude etxetresnak, eta baita hain premiazkoak ez diren beste produktu batzuk ere, hala nola bideokontsolak eta telefonoak, AEBetan eginak.

Zigor ugari jarriak dizkiote Errusiari —munduan ez dago gaur egun beste herrialderik hark adina zigor dituenik—, baina produktu jakin batzuk baizik ez dira falta; are, adibidez oraintxe erraza da Coca-cola aurkitzea Errusian, besteak beste Albanian, Kazakhstanen eta Georgian zehar iristen baita, edo inportazio paraleloaren bitartez. Jatorrizko ekoizlearen baimenik gabe ere produktuak inportatzeko sistema horren bidez, Mendebaldeko produktu asko daude Errusian oraindik, halako enpresak herrialdetik joanak izan arren.

2018ko Munduko Futbol Txapelketaren garaia oso gogoan dute Moskun, eta, bistan denez, agintariek asmoa dute orduko normaltasuna antzeratzeko, baina seinale askok adierazten dute garai haiek joanak direla egiaz. Jendea errekrutatzeko iragarkiak han-hemen daude, autobus geltokietan, dendetan eta bestelako lekuetan. «Aberria defendatzeko» lanaren ohorea sustatzen dute, Errusiako batez besteko soldata baino handiagoa eskainita, baita beste abantaila batzuk ere, armada arrunterako edo mertzenario taldeetarako kontratua sinatzeak dakartzanak —talde mertzenarioena ez da hain ohikoa—.

«Errusiako presidentetzarako hauteskundeak prozedura burokratiko eta administratibo bat dira, ez prozedura politiko bat».

OLEG IGNATOVCrisis Group-eko kidea

Halako iragarkiak, gainera, sare sozialetan ere azaltzen dira tartean behin, eta biral bihurtu ere bai batzuetan; «benetan gizona bazara, borroka zaitez zure herrialdearen alde» eta halako leloak izaten dituzte halako iragarkiek, eta kritika egin ohi zaie 2022ko mobilizazio partzialean atzerrira alde egin zutenei.

Telebistan, bestalde —50 urtetik gorakoek ikusten dute batik bat—, estatuko hedabideak ez dira inondik ere ari beste lurralde batzuenganako bakea sustatzen. 2022a baino lehen ere, oldarkor samarra zen jarrera, baina, urte hartako otsailaren 24az geroztik, zakartuz-zakartuz joan da. Vladimir Solovioven late show-an —hura da Errusiako telebistako propagandista ezagunenetako bat—, beste kontu probokatzaile batzuen artean, eztabaidan aritu ohi dira Frantziako zer hiri bonbardatu behar litzatekeen, nola baliatu behar litzatekeen Goteborgeko uhartea Suedia inbaditzeko, zer herrialde «desnazifikatu» beharko litzatekeen —termino horixe baliatu zuen Putinek Ukrainaren kontrako erasoari ekin zionean—.

Disidentzia isilarazia

Herrialdeak hartu duen bidearekin ados ez daudenak oso egoera zailean daude gaur egun. 2022ko otsailetik, agintariek ez dute baimenik eman gerraren kontrako inolako manifestaziorik egiteko; are, protestak debekatzeko argudio gisa erabili izan dute «koronabirusaren epidemia», noiz eta 2024an.

Aleksei Navalni oposizioko kide ezagunaren aldekoek, adibidez, martxa bat antolatu nahi izan dute aurten, hala Navalni bera nola Boris Nemtsov gogoratzeko —beste disidente bat izan zen Nemtsov, 2015ean Moskuren bihotzean hil zutena—, eta gobernuak ez zuen baimendu. Kirol estadioak lepo beteta egoten dira futbola eta izotz hockeya dagoenean, eta ez dago inolako mugarik herrialdean barna joan-etorriak egiteko, eta gaueko aisiarako lokalak normal-normal dabiltza, baina, hala eta guztiz ere, koronabirusaren aitzakia erabili dute elkarretaratze hura debekatzeko.

(ID_13704505) RUSSIA PRESIDENTIAL ELECTIONS
Moskuko herritar batzuk botoa ematen, herenegun. MAXIM SHIPENKOV / EFE

Disidente ezagun gehienak kartzelan daude, edo erbestean. Navalni hila da; Ilia Iaxin, berriz, kartzelan, zortzi urte eta erdiko zigorra betetzen; Vladimir Kara-Murzari 25 urteko espetxealdia ezarri zioten; eta Andrei Pivovarov inork ez daki non dagoen. Jokoz kanpo daudenetako batzuk baino ez dira horiek.

Esparru politiko peto-petotik kanpo ere, kritika zantzu oro isilarazten saiatu dira. Gizon bati, adibidez, bi urteko espetxe zigorra jarri zioten haren alabak bakearen aldeko marrazki bat egin zuelako. Artista bat, berriz, zazpi urterako bidali zuten kartzelara supermerkatu bateko prezioen etiketetan bakearen aldeko mezuak jarri eta «informazio faltsua zabaltzeagatik». Beste errusiar bati isuna jarri zioten Ivanovon, Moskutik gertu, kalean George Orwellen 1984 liburuaren aleak opari emateagatik, nahiz eta inolako lelorik ez zuen erabili ekintza hartan.

Den-dena lotua

Beste herrialde batzuekiko tentsioaldi honetan, militarizazio giro honetan, hauteskundeetan ezer ez da ausaz egingo. Ziurra da gaur egungo presidentea aterako dela garaile —halaxe esana du Leonid Slutksik berak ere: bozetako bere arerioetako batek «erabateko garaipena» lortuko duela—, baina ezin da ezer lotu gabe utzi.

Hori dela eta, batzuek «bakearen hautagaitzat» jo zutenari, Boris Nadezhdini, Errusiako Hauteskunde Batzorde Zentrala azaldu zitzaion parera, eta hautagaitza ezeztatu zion, sinadura bilketan ustez egindako forma akats batengatik. Hark lehen fasean aurkeztu izanak esperantza txiki bat piztu zien zenbaiti, baina laster zapuztu zuen errealitateak itxaropena. Bide ofizialetan, are, komentarista politiko batzuk esan eta esan ibili ziren Nadezhdin kartzelara bidaliko dutela azkenerako.

Oleg Ignatov Crisis Group think tank-eko kideetako bat da, Errusiako gaietan espezializatua, eta honela azaldu du: «Errusiako presidentetzarako hauteskundeak prozedura burokratiko eta administratibo bat dira, ez prozedura politiko bat». Haren ustez, «Putinek ez dauka aurkari seriorik, eta, burokraziaren antolaeraren ondorioz, ez da ezustekorik egoten inoiz; bigarren nor geldituko den, horixe da jakinkizun bakarra».

Putin independente gisa aurkeztu ohi da, nahiz eta alderdi ofizialistaren —Errusia Batuaren— ordezkari gailena den berez. Hartaz gainera, beste hiru hautagai nagusi daude: Leonid Slutski, Alderdi Liberal-demokratakoa —ultranazionalista—; Nikolai Kharitonov, Alderdi Komunistakoa; eta Vladislav Navankov, Jende Berria alderdikoa —zentro-eskuinekoa—. Ignatoven ustez, Navankov baino ezingo litzateke «gerraren kontrakotzat» jo. «Navankov oso konbentzionala da, eta politikari guztiz leiala».

«Senarra eta biok kezkatuta gaude zer gertatuko ote den hauteskundeen ondoren».

MARIAHerritarra

Presidentegairik gazteena ere bada, eta alderdi berri samar bateko hautagai bakarra. Navalniren aldekoak hauteskundeen joko zelaitik guztiz kanpo geratu diren honetan, Ignatoven arabera orain duda da «ea gerraren kontrako zenbat boto emaile batuko diren Navankoven alde bozkatzeko; ea zer portzentaje lortzen duen».

Errusiako sare sozialetan gehien zabaldu diren bideoetako batean, kazetari batek presidentegaiei galdetzen die ea «irabazteko asmoz» aurkeztu diren. Hautagaietako bakar batek ere ez du erantzuten berak irabaziko duela, eta bakoitzak oso modu diferentean erantzuten dio galdera deserosoari: Kharitonov komunistak, adibidez, hitz beste egiten du guztiz, eta Navankovek, keinu muzinez, barre egiten dio galderari, sarkasmoz. Besteak beste horrexegatik, errusiar askori ez zaizkie askorik axola boz hauek.

Horren erakusgarri, Moskuren erdialdeko gazte talde bat. Bozkatuko ote duten galdetu, eta haien erantzuna, hauxe: «Zertarako? Ez da-eta ezertxo ere aldatuko. Apolitikoak gara». Eta xehetasun gehiagorik ez. Batzuentzat, are gehiago, protesta egiteko modu bat ere bada hauteskundeetan ez parte hartzea, uste baitute bestela jokatzeak legitimitatea ematen diola presidenteari. Hain justu ere, Errusia nabarmen kritikatzen duten herrialde batzuek, hala nola Letoniak, beren lurraldeko errusiarrei eskatu diete ez dezatela bozkatu, iritzita datorren asteburuan botoa ematera joatea «Ukrainaren inbasioa babestea» izango dela, Inese Libinja-Egnere Letoniako Justizia ministroak hitzez hitz esan zuenez.

Bozketaren ondoren

Bozek, berez, ez dute askorik aldatuko Errusiaren bidea, baina espero izatekoa da hauteskundeen ondoren herrialdeak beste modu batean funtzionatuko duela.

Halaxe uste du Mariak —gezurrezko izena da, berak halaxe eskatuta—. Atzerrira joatea pentsatua du. «Senarra eta biok kezkatuta gaude zer gertatuko ote den hauteskundeen ondoren», esan du. Aitortu du ez dakiela zehazki zer aldatuko den herrialdean, baina, «gauzak okertuko balira ere, beste aukera sendo bat» segurtatuta eduki nahi du. Horrexegatik, argi dauka nora joango den behin-behinean, eta beharbada betiko, baldin eta hauteskundeen ondoren bere ustez gerta daitekeen okerrena gertatzen bada —ez du zehaztu nahi izan zer izango litzatekeen hori—.

Frontean, hasieran espero baino askoz ere polikiago ibili den arren, Errusia aurrera egiten ari da; baina, hala ere, indar handiagoa behar du. Hori dela medio, nahiz eta Kremlin gizon asko errekrutatzen ibili den bi urte hauetan —Ukrainaren aldean baino askoz emakume gutxiago ari dira Errusiaren aldean—, batzuk beldur dira egunen batean armadaren deia helduko ote zaien; izan ere, bigarren zitazioa jasoz gero, debekatuta daukate herrialdetik irtetea.

Kalkuluen arabera, 2022tik milioi bat errusiar pasatxok alde egin dute herrialdetik; haietako asko, telekomunikazioetan eta informatikan aritzen diren langileak, nahiago izan dutenak familia eta beren burua toki seguruagoren batean babestu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.