Vladimir Putin Errusiako presidenteak Azerbaijango estatuburu Ilham Aliyevi barkamena eskatu dio, hilaren 25ean Kazakhstanen lur jo zuen Azerbaijan Airlines aire konpainiaren hegazkinarekin izandako «gertakari tragikoarengatik». Kremlinek gaur ohar batean jakinarazi duenez, Putinek telefonoz deitu dio Aliyevi, eta azaldu Bakutik (Azerbaijan) aireratutako hegazkina asteazken goizean hainbat aldiz ahalegindu zela helmuga behar zuen lekuan lur hartzen —Groznyn (Errusia)—, baina orduantxe Ukraina droneekin eraso egiten ari zitzaiela bai Txetxeniako hiriburuari eta bai Mozdok eta Vladikavkaz hiriei. Azaldu duenez, hori dela eta, Errusiak aireko defentsa sistemak aktibatu zituen. Kaspiar itsasoaren kostaldeko hiri batean erori zen hegazkina —Aktaun—, eta 38 pertsona hil ziren eta 29 larri zauritu. Putinek doluminak eman dizkie biktimen senideei. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak mezu bat idatzi du X sare sozialean, eta Kremlineko buruari eskatu dio «argi azaltzeko» zer gertatu den.
Errusiako iturri ofizialek atzo adierazi zutenez, Ukrainako indarrak droneak jaurtitzen ari ziren Azerbaijan Airlinesen Embraer 190 hegazkina Groznyn lur hartzen saiatu zenean. Errusiako Federazioaren Aire Garraioko Agentziaren buru Dmitri Jadroven hitzak jaso zituen Tass berri agentziak, eta, haren esanetan, aireko kontrolatzaileek beste aireportu batzuetan lurreratzea proposatu zioten arren, hegazkinaren kapitainak erabaki zuen Aktauko aireporturantz jotzea.
Ukrainako iturri ofizialek asteazken gauean bertan adierazi zuten Kievek Groznyri eraso ziola goizean, eta Errusiaren aireko defentsa sistemen misil batek hegazkin bat jo zuela. Aire konpainiak, berriz, adierazi zuen eguraldiagatik aldatu behar izan zuela ibilbidea hegazkinak; eta horixe bera adierazi zuen Aliyev presidenteak. Atzo, aldiz, ohar bat kaleratu zuen Azerbaijan Airlinesek, eta nabarmendu «kanpoko esku hartze bat» izan zuela hegazkinak, hori ondoriozta daitekeela Kazakhstango agintariek abiatutako ikerketaren atariko emaitzak kontuan hartuta. Ostegun goizean topatu zituzten hegazkinaren kaxa beltzak —hegaldiari buruzko informazioa ematen dute horiek—.
Eta Azerbaijango presidenteak ere horixe bera adierazi du Putinekin mintzatu ondoren: Errusiako aire eremuan zegoela, kanpoko esku hartze baten eraginez pilotuek «guztiz» galdu zuten hegazkinaren kontrola. «Kanpoko esku hartze bat gertatu zen: hori ondorioztatu dute hegazkin barrura sartutako partikula bitxiek bidaiariei zein eskifaiako kideei egindako zauriak ikusita, eta bizirik atera direnen lekukotzak adituta», azpimarratu dute presidentetzaren bulegoak zabaldutako oharrean. Hegazkinak lur hartu eta gutxira, Errusiako telebista kate batek adierazi zuen hegazti saldo batek zulatu zuela hegazkinaren fuselajea.
Harreman onak
Azerbaijanek eta Errusiak harreman diplomatiko onak dituzte —Sobietar Batasuneko errepubliketako bat zen Azerbaijan—. Abuztuan bildu ziren azken aldiz bi herrialdeetako presidenteak, Moskun, eta, bilera haren ondoren Aliyevek nabarmendu zuenez, «aliatuak, lagunak, hurbileko bazkideak eta bizilagunak» dira Errusia eta Azerbaijan.
Hain zuzen, Zelenskik ere Azerbaijango bere homologoarekin hitz egin du. Ukrainako presidenteak X sarean gaur idatzi duenez, doluminak eman dizkio, eta biek ala biek adostu dute aldebiko harremanak indartzea.
Bestalde, Kaja Kallas EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak azpimarratu du zer gertatu den argitzeko ikerketak «nazioartekoa» izan beharko lukeela; hori azkar egiteko eskatu du gaur sare sozialetan zabaldutako mezu batean.
UKrainak eraso egin die Errusiaren azpiegitura militarrei
Ukrainak Errusiaren drone biltegi bati eraso egin dio gaur Orel eskualdean. Hori jakinarazi dute Kieveko iturri ofizialek. Ukrainarekin muga egiten duen Kursk eskualdearen iparraldean dago. Moskuren esanetan, bestalde, Kievek jaurtitako 56 drone erorarazi dituzte gaur Ukrainarekin muga egiten duten Errusiako hiru eskualdetan. Eta Errusiak Mikolaiv eskualdera (UKraina) jaurtitako 15 drone erorarazi ditu Kievek.