Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Kim Jong-un Ipar Koreako lider gorena bigarren aldiz elkartuko dira urtebete baino gutxiagoko epean. Eta hori, ezinbestean, bi herrialdeen arteko harremanaren eta nazioarteko aliatu horiek elkarrekiko duten beharraren erakusle bilakatu da, testuinguru geopolitikoa geroz eta aldakorragoa den honetan. Oraingoan, Putin izan da atzerrira joan dena, Kimekin biltzera —bidaia gutxi egin ditu 2022ko otsailean Errusiako armadak Ukraina inbaditu zuenetik—; are, Errusiako presidentea Ipar Korean da 24 urtean lehen aldiz, eta helburutzat izango du, besteak beste, bere herrialdearen eta Ipar Korearen arteko lankidetza handitzea ekonomian eta segurtasunean, Putinek bisitaren bezperan adierazi zuenez.
Kremlinek eta Ipar Koreako KCNA albiste agentziak eman zuten Errusiako presidentearen bi eguneko bidaiaren berri, atzo. Putin gaur iritsi da herrialde horretara, eta badirudi, oro har, harremanak sakontzea izango duela helburu. Ipar Koreako Rodong Sinmun egunkarian argitaraturiko eta Kremlinek ere plazaratutako testuan, Errusiako estatuburuak esan du bi herrialdeek «harreman onak eta lankidetza garatu» dituztela 70 urteotan —gutxi gorabehera Ipar Korearen eta Hego Korearen arteko armistizioa indarrean sartu zenetik—, eta horren oinarria «berdintasuna, elkarrekiko errespetua eta konfiantza» izan direla; eta, beraz, bide horretan jarraituko dutela.
Eta horrek, egungo testuinguruan, Mendebaldeak «kontrolatzen ez dituen mekanismo alternatiboak garatzea» dakar, eta «aldebakarreko murrizketei elkarrekin aurre egitea», Putinek adierazi duenez; hau da, Mendebaldeko herrialdeek ezarri dizkieten zigor ekonomikoak saihestea. «Eta segurtasun egitura bat eratuko dugu Eurasian, biontzat berdina eta bereizezina dena».
Gainera, Kremlinek atzo gehitu zuen Putin eta Kim lankidetza estrategikorako akordio bat adostekoak direla, eta horrek ordezkatu egingo dituela 1961ean, 2000n eta 2001ean sinaturikoak. Itun eguneratu horrek aintzat hartuko lituzke «nazioarteko zuzenbideko printzipio unibertsal guztiak», ez luke «konfrontaziorako izaerarik» izango, ez litzateke «inoren kontrakoa» izango, eta helburutzat izango luke «egonkortasun handiago bat bermatzea Asia ipar-ekialdeko eskualdean».
Eskerrak Ukrainarako babesagatik
Asmoez eta deskribapenez harago, Errusiako presidenteak berriz ere eskerrak eman dizkio Kimi, Ukrainako gerraren aferan babesa helarazi diolako «AEBen [Ameriketako Estatu Batuen] presioa, xantaia eta mehatxu militarrak» gorabehera. Horrekin lotuta, baliteke bi agintariek bilkura baliatzea lankidetza militarra ere areagotzeko.
Erlazionatuta
Hain justu, AEBentzat, Putinen bidaia bera ez da «kezkagarria»; bai, ordea, Errusiak eta Ipar Koreak «harremanak sakonduko» dituztela, John Kirby Segurtasun Nazionalerako Kontseiluaren bozeramaileak atzo adierazi zuenez. Kezka horrek pare bat arrazoi ditu: «Ez da soilik Ukrainako herrian izango duen eragina, Ipar Koreako misil balistikoak oraindik ere erabiltzen baitituzte helburu ukrainarrei eraso egiteko; baliteke harreman horrek eragina izatea Koreako penintsularen segurtasunean ere». Hori bai, Kirbyren ustetan, Errusiaren kontrako nazioarteko presioa funtzionatzen ari da, eta horren adibide litzateke Putin Ipar Korean izango dela, «iparkorearren material gehiago lortzen saiatzen».
Errusiako presidentearen bisitaren egun berean, Koreako penintsulan goi mailako beste bilkura bat egingo dute: Hego Koreako eta Txinako goi kargudun batzuen artekoa. Txinako Atzerri ministrorde Sun Weidong eta Nazioarteko Lankidetza Militarraren Bulegoko zuzendariorde Zhang Baoqun Seulen izango dira gaur, Hego Koreako Atzerri ministrorde Kim Hong-kyungekin eta defentsa arloko goi funtzionario batzuekin batzartzeko.
Istiluak Ipar Korearen eta Hego Korearen arteko mugan
Ipar Korearen eta Hego Korearen arteko mugan istiluak izan dira gaur, DMZ eremu desmilitarizatuan. Hego Koreako Yonhap albiste agentziaren eta NK News atariaren arabera, minak lehertzerakoan gertatu da ezbeharra, Ipar Koreako soldaduak inguruan lanean ari zirenean; militarrak «zauritu edo hil» egin dira, betiere hedabide horiek argitaratu dutenez. Eta ustez zerikusirik ez duen beste gertakari bat gertatu da inguruan: Ipar Koreako dozenaka soldaduk —«hogei eta 30 artean»— bi herrialdeen arteko muga gurutzatu dute, bi asteko epean bigarren aldiz. Hori bai, atzera egin dute Hego Koreako armadak ohartarazpen tiroak egiterakoan, Yonhapek azaldu duenez.