Putin eta Xik nazioarteko «ordena multipolarra» babestu dute

Errusiako eta Txinako presidenteek bilera egin dute, eta Indo-Pazifikoko ekonomiaren susperraldia goretsi; Xik nabarmendu du eskualdean «bakea» eta «segurtasuna» behar direla. Donald Trump Shenzhenera heldu da goizean; hiru liderrek bilkura dute bihar.

Donald Trump, Xi Jinping eta Vladimir Putin, gaur, Shenzhenen. EFE
Donald Trump, Xi Jinping eta Vladimir Putin, gaur, Shenzhenen. EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko azaroaren 18a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elkar ikusi dute dagoeneko Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, Vladimir Putin Errusiakoak eta Xi Jinping txinakoak, bihar bertan egingo duten bileraren bezperan; hori gutxi izango balitz, lehenbiziko aldia da hiru potentzietako liderrek hiruko bilera egingo dutena. Asia ekialdeko herrialde horretako teknologia konpainiarik handienek egoitza duten hirian izango da, Shenzhenen, APEC Asia eta Ozeano Bareko Ekonomia Elkarlanak han ekin baitio urtero antolatu duen foroari, gaur bertan.

Moskuk eta Pekinek bilera bat egin dute dagoeneko. Vladimir Putin Errusiako presidenteak esan du bi herrialdeek «ikuspuntu eraikitzailea» dutela nazioartean «ordena multipolarra» ezartzeko, «klima geopolitikoa zaila» bada ere; akaso AEB eraginaren aurrean haiek ere potentzia gisa aurkeztu nahi dute. Xi Jinping Txinako presidenteak adierazi du, «zorigaitzak zorigaitz», bien arteko harremana «arroka bezain egonkorra eta fidagarria» dela oraindik ere, aliatu geoestrategikoak direnez gero.

Bileran parte hartuko duen hirugarren presidentea, Donald Trump AEBetakoa, goizean heldu da Shenzhenera, eta ongietorria egin dio Xik.

Ikusi beharko da biharko hiruko bilerak itunik egiteko balioko ote duen, edo, bestela, hiru potentziek elkarrengana hurbiltzeko baliatuko duten. Putinek irizten dio onurak ekar ditzakeela: «Elkarrekin eser gaitezke iritziak trukatzeko, herrialdeon arteko edozein desadostasun politiko edo ekonomiko konpontzeko, baita segurtasunari dagozkionak ere, eta konpromisoak hartzen saiatu, interesak orekatu eta mundu osoan garapen jasangarriaren oinarriak elkarrekin sendotzeko lan egin».

Foroan emandako diskurtso batean, Xik adierazi du «bakea eta egonkortasuna babestu» behar direla Indo-Pazifikoan, uste baitu ezin dela oparoaldirik egon «aurrez segurtasuna» bermatu gabe: «Kanpoko baldintzak zenbat eta konplexuagoak izan, orduan eta garrantzitsuagoa da guretzat gerraosteko nazioarteko ordenari eustea». Hedabideek-eta jaso dutenez, protekzionismoaren kontra egin du, eta «irekieraren edo bakartzearen» artean hautatzeko esan die APECeko foroan parte hartzen ari diren enpresariei.

Biharko hiruko bilerarako agendan dago, besteak beste, buru nuklearrak mugatzeko hitzarmena, otsailetik iraungita baitago START Berria ituna, arma nuklearren kopurua gutxitzeko eta ikuskatzeko Errusiak eta AEBek 2010ean sinatutakoa. Washingtonek nahi du Pekinek ere konpromisoak hartzea buru nuklearrei dagokienez, bere proiekzioen arabera Asiako herrialdeak mila izango ditu-eta hamarkada amaitzerako —Errusiak 4.400 dauzka, eta AEBek 3.700 dituzte, SIPRI Bakearen Nazioarteko Ikerketa Zentroaren arabera—.

Putinek, bestalde, Ukrainako inbasioaz eztabaidatzeko baliatu nahi du biharko bilkura, eta Donald Trump AEBetako presidenteak atzo esan zuen «eztabaidagai gustukoena» duela hori; Xik, ordea, ez du uste hiru aldeko bilera leku aproposa denik 2022an Errusiak ekin zion inbasioaz eztabaidatzeko. Irango gerraz ere hitz egitekoak dira. Horixe nahi du Trumpek behintzat, Moskuk eta Pekinek, Teheranen aliatu formalak ez izanagatik ere, harreman estrategikoa baitute Ekialde Hurbileko herrialde horrekin.

Harrera Trumpi

AEBetako presidentea goizean heldu da Txinara, ASEAN Asia Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoak bi urtean behin egin ohi duen goi bileran egon eta gero Air Force One hegazkin presidentziala hartuta; Manilatik abiatu da, eta ziurtatu du, bide batez, «inoizko akordio komertzialik handiena» egin duela Filipinekin.

Xik egin dio ongietorria Trumpi, eta hori ez da ohikoa, bestelako goi kargudunek egiten baitituzte harrerak; AEBetako presidentea maiatzean Pekinera joan zenean, esate baterako, Txinakoak ez zion aireportuan itxaron. Irailean, Xi Washingtonera joan zenean bisita ofizial bat egitera, Trumpek egin zion harrera hari; lehenbiziko aldia izan zen atzerriko agintari bati halakorik egiten ziona. Bada, gaur, Txinako presidenteak keinu bera egin dio AEBetakoari.

Putinen arabera, errusiaren kontrako zigorrek porrot egin dute

Kremlineko buruak nabarmendu du «aldaketa tektoniko» bat egon dela, eta orain Asiako eta Ozeano Bareko herrialdeak direla munduko ekonomiaren erdigune; Ukrainako inbasioa aipatzeko ere baliatu du foroan eman duen hitzaldi bat. «Egia da, zigorrek eta muga zergek garapenari eragin diezaiokete, baina ez dute ahalmenik ekonomien hazkundea erabat gerarazi edo horiek suntsitzeko», esan du, hainbat agentziak eta hedabidek jaso dutenez. 

Gatazka hori ez du zuzenean aipatu, baina esan du Mendebaldeak Errusiari ezarritako zigor ekonomikoek porrot egin dutela, eta herrialdea «desegonkortzeko» eta «izutzeko» gaitasuna galdua dutela jada: «Batera edo bestera, geografiari, gure izaera nazionalari eta munduko ekonomian eta politikan dugun rolari esker, duinki gailendu gara proba horietan guztietan». Erantsi du Mendebaldeko herrialdeak jada ez direla «hegemonikoak» eta «gainbehera umiliagarrian» daudela, Errusiaren kontrako zigorrak ezarriagatik. 

Bestalde, atzo Ukrainak droneen bidez egindako eraso batek kalteak eragin zituen Krimeako zubian; Kremlinek 2014an gauzatutako anexioaren sinboloetako bat da azpiegitura hori. Bada, gaur, Moskuk esan du hura agudo berreraikitzeko beharrezko teknologia eta esperientzia dituela. Horixe esan du Andrei Nikitin Errusiako lehen ministrordeak, TASS albiste agentziak jaso duenez. Nikitinek erantsi du trafikoa bideratzeko bide alternatiboak ezarriko dituztela bien bitartean.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA