Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak eurodiputatu gisa dagokion immunitatea galdu du, Europako Batasuneko (EB) Justizia Auzitegiak atzo goizean jakinarazi zuen epaiaren ondorioz. Harekin batera, immunitatea galduko dute Toni Comin eta Clara Ponsati Kataluniako kontseilari ohi eta eurodiputatuek ere. Epaileek ontzat eman zuten Europako Parlamentuak, Espainiako justiziaren eskariz, hiru politikari independentisten aurka onartu zuen suplikatorioa.
Manuel Llarena Espainiako magistratuak egin zuen suplikatorio eskea, Puigdemont, Comin eta Ponsati Espainiaratu ahal izateko eta hango Auzitegi Gorenean epaitzeko, Kataluniako 2017ko autodeterminazio erreferendumarengatik. Parlamentuak 2021eko martxoan onartu zuen, botoen %57rekin.
Europarlamentuak suplikatorioa onartu arren, Kataluniako eurodiputatuek indarrean izan dute immunitatea, behin-behinean, EBko Justizia Auzitegiak epaia eman arte. Atzoko erabakia auzitegiaren lehen instantziako organoarena da, EBko Auzitegi Orokorrarena, eta, beraz, Puigdemontek, Cominek eta Ponsatik aukera izango dute Europako Justizia Auzitegira jotzeko, instantzia gorenera. Harena izango da azken hitza.
Eurodiputatu independentisten abokatu Gonzalo Boyek atzo ohartarazi zuen sententziak «ahulgune handiak» dituela. Aurreratu zuen Auzitegi Orokorraren argudioak aztertuko dituztela, eta kasazio helegitea aurkeztuko dutela Europako Justizia Auzitegiak epaia berrikus dezan. Bi hilabete izango dituzte horretarako, eta epaileek sei hilabete izango dituzte auzia aztertzeko. Ikusi beharko da instantzia gorenak europarlamentariei immunitatea behin-behinean mantenduko dien azken erabakia hartu artean.
Orain arteko prozesuan, Boyek auzitegiaren aurrean adierazi du Puigdemonten, Cominen eta Ponsatiren kontrako suplikatorioak «irregulartasun ugari» izan zituela, eta politikari independentistei jazartzeko jarri zuela abian Espainiako Auzitegi Gorenak. Epaileek, baina, ukatu egin dituzte baieztapen horiei eusteko aurkeztutako argudioak. Horien artean, suplikatorioa aztertu zuen Auzi Juridikoen batzordearen inpartzialtasunari buruzko salaketa. Boyek nabarmendu izan du batzorde horretako presidentea Adrian Vazquez zela, Ciudadanoseko idazkari nagusia, eta batzordeko txostengilea Angel Djambazki Bulgariako diputatu neonazia.
Luxenburgoko auzitegiaren atzoko epaiarekin, Llarenak euskarri bat izango du berriro ere Puigdemonten, Cominen eta Ponsatiren aurkako euroaginduak igortzeko —gaur egun, soilik Espainian dago indarrean horien aurkako atxilotze agindua—. Hala ere, ez dago argi horiek Espainiaratzeko helburua lortuko lukeen.
Batetik, Kataluniako politikari erbesteratuen aurkako akusazioa aldatu egin delako, Espainiako Gobernuak sezesio delitua ezabatu zuenez gero. Gorenak jada ez die sedizioa leporatzen, baizik eta, Puigdemonti eta Comini, diru publikoaren erabilera bidegabe larria —hamabi urterainoko espetxe zigorra— eta desobedientzia—bi urterainoko kartzela—, eta Ponsatiri, berriz, desobedientzia soilik. Kontua da, defentsaren ustez, Llarenak beste suplikatorio bat eskatu beharko lukeela, hiru politikarien aurka. Boyek ohartarazi izan du parlamentariei immunitatea eteteko prozedura bakoitza akusazio jakin batzuei lotuta dagoela, eta onartu zuen suplikatorioaren oinarria jada ez dela existitzen.
Bestetik, defentsaren iritziz, EBko Justizia Auzitegiak Llarenaren galdera batzuei erantzunez eman zuen ebazpena oinarri bat izan daiteke Espainiaratze eskeak baztertzeko. Boyek aurreratu izan duenez, Luxenburgok ebatzitakoak bide ematen dio argudiatzeko Gorenak ez duela eskumenik Puigdemont, Comin eta Ponsati epaitzeko. Hain justu, hori izan zen Belgikak arrazoitu zuena Lluis Puig Kataluniako kontseilari ohiaren aurkako euroagindua baztertu zuenean.
Iraultzeko nahikoa oinarri
Epaia argitara atera eta ordu batzuetara, prentsaurreko bat egin zuten hiru europarlamentariek eta beraien abokatuak Europako Parlamentuan. Auzitegi Orokorraren atzoko epaia iraultzeko nahikoa oinarri badutela adierazi zuten. Nabarmendu zutenez, «oinarrizko eskubideen defentsa sendoago bat» espero dute Europako Justizia Auzitegiaren aldetik.
Kataluniako presidente ohiak ziurtatu zuen «arrazoiz gainezka» daudela, eta atzoko sententziak helegiterako helduleku batzuk eskaintzen dituela. Europako Justizia Auzitegiak atzoko epaia zuzentzea garrantzi handikoa da, haren iritziz. «Oinarrizko eskubideei buruz ari gara, Europako demokraziari buruz ari gara, disidentzia politikoaren eskubideez».
Cominen ustez, Auzitegi Orokorra «ez da ausartu» Kataluniako eurodiputatu independentistek aurkeztu dituzten argudioak onartzera. Baina adierazi zuen lehen instantziako auzitegi hori «administratiboa» dela, eta espero izatekoa dela Europako Justizia Auzitegiak «sendoago egitea oinarrizko eskubideen alde».
Espainiako Gobernua gustura agertu zen atzo Luxenburgok harturiko erabakiarekin. Moncloaren arabera, epaileek berretsi egin zuten Madrilen jarrera.
Puigdemonti immunitatea kendu dio EBko Justizia Auzitegiak
Epaiak bidea irekiko dio Espainiako Gorenari Kataluniako presidente ohiaren, Cominen eta Ponsatiren kontrako euroaginduak berriz igortzeko. Defentsak esan du ebazpenak «ahulgune asko» dituela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu