Puigdemonti, Comini eta Ponsatiri immunitatea kendu die ganberak

Europako Parlamentuak suplikatorioaren alde egin du; lau ordezkaritik batek aurka bozkatu du. Eurodiputatu karguetan jarraituko dute, baina Espainiak euroaginduak aktibatu ahalko ditu

Toni Comin, Carles Puigdemont eta Clara Ponsati politikari erbesteratuak, atzo, Bruselan. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Carles Puigdemonten, Toni Cominen eta Clara Ponsatiren kontrako suplikatorioaren inguruko bozketa egin zuten herenegun arratsaldean, eta Europako Parlamentuak atzo jakinarazi zuen onartu egin zuela eskaria. Aldeko 400 boto, aurkako 248 eta 45 abstentzio izan ziren. Europarlamentari izateagatik, hiru politikariek izoztuta zituzten haien aurkako estradizio eskariak, baina bozketaren emaitzak aukera emango dio Espainiari horiek berriz aktibatzeko. Eurodiputatu izaten jarraituko dute, hala ere.

Duda handirik ez zegoen suplikatorioa onartuko zela, eta Kataluniako independentistek aurkako boto kopuruan zuten begia jarrita. Jakina zen ehun parlamentari inguruk kontra egingo zutela, Berdeak-Europako Aliantza Libreak —73 eurodiputatu— eta Europar Ezker Unitarioa/Ezker Berde Nordikoak —39 ordezkari— esana baitzuten hala egingo zutela.

Aurka zituzten Europako Alderdi Popularra, Sozialista Europarren Alderdia, eta Europa Eraberritu taldeko liberalak; hiru talde horien artean 459 eurodiputatu dituzte. Azken emaitzak erakusten du, ordea, hasieratik immunitatea kentzearen alde bozkatzeko jarrera hartu zuten taldeen barnean ere izan direla posizio desberdinak.

Diputatuen %42 abstenitu egin ziren edo aurka agertu ziren, eta horri erreparatu zioten hiru politikariek, emaitza jakin osteko agerraldian. Cominek nabarmendu zuen «garaipen politiko bat» izan zutela, bozketa galdu arren: «Europarlamentuaren historian aurkakotasun handiena sortu duen suplikatorioa izan da, seguruenik». Haren esanetan, 293 diputatu horiek «ez dira fidatzen Espainiako Justiziaz».

Espainiako alderdi politiko nagusiek diputatuei egindako presioa deitoratu zuen Puigdemontek. Azpimarratu zuen diputatuen zati handi batek aurka egin zuela presio horiei entzungor.

Luxenburgora begira

Aurrez hainbatetan esandakoa berresteko ere erabili zuten agerraldia: auzia EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegira eramango dutela esateko. «Arrazoi politikoengatik Europako demokraziari eragin zaion minetik osatzeko modu bakarra da Luxenburgora jotzea», esan zuen Kataluniako presidente izandakoak.

Suplikatorioa bertan behera uztea eskatuko dute, uste baitute haren prozedura hutsegitez eta irregulartasunez betea izan dela. Argudiotzat jarri izan dituzte Auzi Juridikoen Batzordeko presidentearen partzialtasuna, batzorde horretako kideek egindako filtrazioak eta Clara Ponsati Kataluniako Hezkuntza kontseilari ohiari egindako akusazioan izandako akatsak —diru publikoaren erabilera bidegabea egin izana leporatu zioten hasieran, nahiz eta Espainiako Auzitegi Gorenak soilik sedizioagatik epaitu nahi duen—.

Luxenburgok horren inguruan ebatzi bitartean, Puigdemont, Comin eta Ponsati babesteko neurriak ere eskatuko dituzte haien abokatuek, balizko estradizio eskariak etenda gera daitezen.

Halaber, Puigdemontek aitortu zuen Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak egingo duenari begira ere badaudela, eta hori esan eta gutxira egin zuen Goreneko epaileak beragandik espero zena. EBko Justizia Auzitegiari eskaera bat egin zion, hark argitu dezan zein irizpide hartzen diren kontuan euroaginduak onartzeko edo atzera botatzeko. Galdera horren erantzuna jaso nahi du epaileak politikari erbesteratuak Espainiaratzeko eskatu aurretik, udan Lluis Puig Kataluniako Kultura kontseilari ohiarekin gertatu zitzaionaren antzeko egoera bat berriz ez gertatzeko.

Belgikako Justiziak baztertu egin zuen Gorenak Puig estraditatzeko egindako eskaria. Luxenburgoko auzitegiak Llarenari erantzun bitartean, printzipioz, ez dira berriz aktibatu euroagindu eskaerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.