Belgikako Justiziak aintzat hartu du Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak egin duen eskaria. Espainiako Auzitegi Gorenak haren kontra eman duen euroagindua aztertzeko saioa abenduaren 16ra atzeratuko du. Puigdemont 09:00ak inguruan agertu da epailearen aurrera. Epaitegitik irten denean, adierazpenak egin dizkie atarian bildu diren hedabideei. Azaldu duenez, abenduaren 16an Belgikako epaileen esku jarriko du bere burua beste behin ere, horiek "era independentean" ebatz dezaten Espainiak igorritako euroaginduaren gainean.
Belgikako Fiskaltzak Espainiako Auzitegi Gorenaren jarrera babestu du, eta Puigdemont estraditatzearen alde agertu da, sedizioagatik eta diru publikoaren erabilera bidegabearengatik. Hala ere, Puigdemonten defentsak adierazi du fiskalaren jarrera aldatu egin daitekeela prozesua garatu ahala. Prozesu luzea espero dute oraindik, epailearen erabakiari helegitea aurkezteko aukera izango delako.
Puigdemont epailearen aurrean zen bitartean, Espainiako Gobernuak oharra bidali dio Belgikari, Carmen Calvo jarduneko presidenteordearen ahotik. Onda Cero irratian egin dioten elkarrizketa batean, Calvok adierazi du gobernuak ez lukeela ulertuko Belgikak Puigdemont ez estraditatzea, eta hala gertatuko balitz neurriak hartuko dituztela.
Kataluniako presidente ohiak Belgikako Justiziaren aurrean aurkeztu zuen bere burua joan den urriaren 17an, Espainiako Auzitegi Gorenak bere kontrako euroagindua eman eta egun gutxira. Epailearen aurrean deklaratu ostean, Poliziaren zaintzapean pasatu zuen gaua, eta ondoren aske gelditu zen, bermerik gabe eta epailearen baimenarekin herrialdetik irteteko aukerarekin.
Lehen bista horretan, epaileak ondorioztatu zuen Puigdemontek ez duela immunitate parlamentariorik, eta, beraz, prozedimenduak aurrera egin behar duela.
Espainiako Auzitegi Goreneko instrukzio epaile Pablo Llarena hirugarrenez saiatuko da Puigdemont Espainiaratzen, euroagindu baten bidez. Oraingoan, lehenengo bietan ez bezala, sedizioa eta diru erabilera publikoa leporatu dizkio, matxinada delituaren akusazioa albo batera utzita. Hau da, Manuel Marchena Goreneko epaileak Kataluniako erreferendumaren auzian emandako zigor epaiak jasotzen dituen delitu berak hartu ditu oinarri. Belgikak baztertu egin zuen Llarenaren lehen euroagindua, eta Alemaniak ere erabaki bera hartu zuen bigarrenez ahalegindu zenean.
Gonzalo Boyek konfiantza agertu du Belgikako Justiziarengan, eta estradizioa baztertuko duela uste du. Llarenak euroagindua hirugarrenez aktibatu zuenean, Boyek nabarmendu zuen sedizio delitua "era ez demokratikoan" dagoela konfiguratuta Espainiako legedian. Diru publikoaren erabilera bidegabeari dagokionez, berriz, azaldu du Belgikako Zigor Kodearen arabera nahitaezkoa dela "aberaste bat" izan dela frogatzea.