Europako hauteskundeak

Puigdemonten hautagaitza indargabetu du Espainiako Hauteskunde Batzordeak

Kataluniako presidente kargugabetua Junts per Catalunyaren zerrendatik kentzeaz gain, hautagaitzatik baztertu ditu Toni Comin eta Clara Ponsati Generalitateko kontseilari kargugabetuak ere.

Clara Ponsati, Carles Puigdemont eta Toni Comin, ezkerretik eskuinera, lehen lerroan, Kataluniako Errepublikaren Kontseiluak Belgikako Waterloo hirian duen egoitzaren aurrean. ROSA JIMENEZ, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko apirilaren 29a
12:25
Entzun

Ciudadanosek eta PPk Carles Puigdemonten hautagaitzaren kontra jarritako helegitea aintzat hartu du Espainiako Hauteskunde Batzordeak, eta ezabatu egin du haren hautagaitza Junts per Catalunyak —Lliures por Europa izenarekin— aurkeztu duen zerrandatik. Neurri bera hartu du Puigdemonten gisan erbestean diren Cominekin eta Ponsatirekin ere.

Helegitean jaso zutenez, Ciudadanosek eta PPk argudiatu dute Puigdemontek ez dituela hautagai izateko baldintzak betetzen, hautatuak izanez gero, ezin izango lituzketelako beren gain hartu hautagai gisa egokituko litzaizkieken ardurak. Horrez gain, PPk eta Ciudadanosek adierazi dute Puigdemontek, Cominek eta Ponsatik ezin dutela ez hautagai ezta hautatu ere izan, ez direlako ageri Espainiako Estatutik kanpo bizi direnen hauteskunde erroldan.

Hauteskunde Batzordeak ez du zehaztu zertan oinarritzen duen hiru politikari kataluniarren hautagaitza indargabetzeko erabakia. Jakinarazi du kaltetuei datozen orduetan helaraziko zaizkiela erabakiaren arrazoiak.

Puigdemontek, Ponsatik eta Cominek adiministrazioarekiko auzi helegitea aurkezteko aukera izango dute. Bi eguneko epea izango dute horretarako, Europako hauteskundeetarako hautagaitzak Espainiako Buletin Ofizialean argitaratzen diren egunetik zenbatzen hasita.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.