Katalunia

Puigdemontek uste du oinarri nahikoa dutela epaia iraultzeko

Gonzalo Boye abokatuaren esanetan, EBko Auzitegi Orokorraren erabakiak «ahulgune asko» ditu.

Gonzalo Boye, Toi Comin, Carles Puigdemont eta Clara Ponsati (ezkerretik eskuinera, gaur, Europako Parlamentuan egin duten prentsaurrekoan. LEO RODRIGUEZ, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko uztailaren 5a
13:22
Entzun

Ez da izan espero zuten sententzia, baina «prest» daude egoera berrirako. Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak mezu horrekin hasi du prentsaurrekoa, Europako Batasuneko (EB) Justizia Auzitegiak haren eurodiputatu immunitatea eta Toni Comin eta Clara Ponsati Kataluniako kontseilari ohiena indargabetu ostean.

Puigdemontek nabarmendu du erbestean denetik Luxenburgoko auzitegian izan dituen prozesuetan EBko Auzitegi Orokorrak behin ere ez duela bere aldeko erabaki bat eman —EBko Justizia Auzitegiaren lehen instantzia da—, baina behin baino gehiagotan lortu dutela haren ebazpenei buelta ematea Europako Justizia Auzitegian —instantzia gorenean—. Kasu honetan ere hala gertatzea espero du, eta helegitea aurkeztuko dutela berretsi du. Bi hilabete izango dituzte horretarako, eta auzitegiak, berriz, sei hilabete gaurko epaia berrikusteko.

Kataluniako presidente ohiak ziurtatu du «arrazoiz gainezka» daudela, eta gaurko sententziak helegiterako helduleku batzuk eskaintzen dituela. Europako Justizia Auzitegiak gaurko epaia zuzentzea garrantzi handikoa da, haren iritziz. «Oinarrizko eskubideei buruz ari gara, Europako demokraziari buruz ari gara, disidentzia politikoaren eskubideez».

Cominen ustez, Auzitegi Orokorra «ez da ausartu» Kataluniako eurodiputatu independentistek aurkeztu dituzten argudioak onartzera. Baina adierazi du lehen instantziako auzitegi hori «administratiboa» dela, eta espero izatekoa dela Europako Justizia Auzitegiak «sendoago egitea oinarrizko eskubideen alde». «Ikusiko dugu».

Azaldu duenez, sententziak argi uzten du Espainiako Auzitegi Gorenak haien aurkako euroagindu bat igorriko balu ez litzatekeela eraginkorra izango. Eurodiputatuek ohartarazi dute Europako Parlamentuak beste suplikatorio bat onartu beharko lukeela aurretik, haien kontrako akusazioa beste delitu batzuetan oinarritzen delako, Espainiak zigor kodea erreformatu izanaren ondorioz. Ideia bera nabarmendu du eurodiputatuen abokatu Gonzalo Boyek ere.

Puigdemonti, Comini eta Ponsatiri sedizioa eta desobedientzia leporatzen zizkieten hasieran, baina sedizio delitua ezabatu egin zuen erreformak, eta diru publikoaren erabilera bidegabe larria eta desobedientzia egozten dizkiete orain Puigdemonti eta Comini, eta desobedientzia soilik Ponsatiri.

Europarlamentuan beste suplikatorio baterako prozesua hasiko balitz, jokaleku mesedegarria litzateke, Cominen iritziz. Adierazi du lehen suplikatorioari buruzko eztabaidan «garaipen politiko bat» lortu zutela, ganberak «inoiz baino zatituago» onartu zuelako beraien immunitatea indargabetzea. Azpimarratu du garrantzitsua dela «epe motzeko partida» hori ondo jokatzea.

Sententziak «ahulgune handiak» dituela ohartarazi du Boyek. Horien artean, «[Europako] Justizia Auzitegiak argitu zituen gauzei ez ikusiarena egitea. Esaterako, Espainiako Auzitegi Orokorra ez dela kasu honetarako legeak ezartzen duen auzitegi eskuduna». Beste adibide bat ere jarri du. Auzitegi Orokorraren epaiak dio ez dela egoki zalantzan jartzea suplikatorioa aztertu zuen Auzi Judizialen batzordearen inpartzialtasuna. «Justizia Auzitegiak hura zalantzan jar zitekeela esan zuen, eta bazeudela horretarako zantzuak. Adierazi zuen Auzitegi Orokorrak aztertu behar zituela zantzu horiek». Boye ere konbentzituta agertu da badutela oinarri bat gaurko epaia atzera botatzeko.

Bestalde, Ponsatik agerian utzi du zenbait auzi politikotan ez dagoela ados Puigdemontekin eta Cominekin. Salatu du ez dela irtenbiderik izango erbesteratuentzat, ez «gobernu autonomikoen» eskutik, ez Espainiako Gobernuaren eta Generalitatearen arteko elkarrizketa mahaien bidez, ezta «taktika judizialek» arrakasta izanda ere. Ponsatiren esanetan, Kataluniak independentzia lortzen duenean soilik lortuko dute erbesteratuek askatasuna. Ilusioak elikatzeari uzteko eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.