NBEko Giza Eskubideen Komitean salatuko dute Espainia Carles Puigdemontek, Oriol Junquerasek, Raul Romevak, Josep Rullek, Jordi Sanchezek eta Jordi Turullek. Seirak diputatu hautatu zituzten Kataluniako azken hauteskundeetan, baina kargua eten zien Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuak, prozesu subiranistaren kontrako auzian matxinadagatik auzipetuta eta espetxeratuta daudela argudiatuta. Puigdemont ez dago preso, baina haren kontrako atxilotze agindua indarrean da Espainian, eta, beraz, kargua eteteko baldintzak betetzen dituela ebatzi zuen Llarenak. Erabaki hori eskubide politikoen kontrakoa dela salatu dute ordezkari independentistek NBEren aurrean.
Bihar, agerraldia egingo dute salaketaren berri emateko, Vilaweb agerkari digitalak aurreratu duenez. Agerraldia Ginebran izango da eta bertan parte hartuko dute Nico Krisch abokatuak, Puigdemontek, Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak eta Maria Sirvent CUPeko diputatuak.
Defentsaren iritziz, diputatu horien kargu etetea legez kontrakoa da eta muzin egiten dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezarritako jurisprudentziari. Nabarmendu dutenez, matxinada delitua "ekintza terroristekin lotuta" ulertu behar da, "Auzitegi Konstituzionalaren 199/87 sententziaren arabera".
NBEren Giza Eskubideen Komitea buruzagi independentisten beste bi salaketa aztertzen ari da. Bata, Puigdemontek aurkeztutakoa, eta Sanchezek jarritakoa, bestea. Biek ere presidente izendatuak izateko eragozpenak salatu zituzten. Sanchezen salaketaren harira, Giza Eskubideen Komiteak kautelazko neurriak eskatu zizkion Llarenari, komiteak salaketari buruzko ebazpena eman artean. Magistratuak, baina, ez zuen eskaria aintzat hartu eta Sanchez Kataluniako presidente izendatzea galarazi zuen.