La Vanguardia-k negoziazioetako iturriak aipatuz jakinarazi duenez, Puigdemontek presidente izendatua izateko asmoari eusten dio. Haren planen arabera, datorren astean egin nahi dute inbestidura ekitaldia. Bruselan dagoen presidente bat aukeratuta, ordea, Katalunian "gobernu operatiboa" osatzea da asmoaren bigarren zatia, eta Jordi Sanchez proposatu du gobernu horretako presidente izateko. Puigdemont alboratu egingo litzateke, eta Junts Per Cataluyako bigarrenak hartuko luke kargua.
Sanchez ANCko presidentea da, eta preso dago. Hura eta Jordi Cuixart izan ziren Kataluniako prozesu subiranistagatik giltzapera sartu zituzten aurreneko bi lagunak. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak sartu zituen preso. Auzitegi Gorenaren esku gelditu zen auzia gero, eta hango epaile Pablo Llarenak behin baino gehiagotan ukatu die askatzea.
La Vanguardia-ren arabera, baina, ERCk auzitegiekin auzirik irekita ez duen norbait nahi du presidente, eta Sanchezek ez du baldintza hori betetzen.