Katalunia

Puigdemontek immunitatea galdu du, EBko Justizia Auzitegiak suplikatorioa onartuta

Epaiak bidea irekiko dio Espainiako Auzitegi Gorenari Kataluniako presidente ohiaren eta Comin eta Ponsatiren kontrako euroaginduak berriz igortzeko. Defentsaren ustez, agindu horiek ez dute ibilbiderik izango.

Puigdemont, ekainean, Europako Parlamentuan. JULIEN WARNAND
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko uztailaren 5a
09:46
Entzun

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak eurodiputatu gisa dagokion immunitatea galdu du, Europako Batasuneko (EB) Justizia Auzitegiak gaur goizean jakinarazi duen epaiaren ondorioz. Harekin batera, immunitatea galduko dute Toni Comin eta Clara Ponsati Kataluniako kontseilari ohi eta eurodiputatuek ere. Epaileek ontzat eman dute Europako Parlamentuak, Espainiako justiziaren eskariz, hiru politikari independentisten aurka onartu zuen suplikatorioa.

Manuel Llarena Espainiako magistratuak egin zuen suplikatorio eskea, Puigdemont, Comin eta Ponsati Espainiaratu ahal izateko eta hango Auzitegi Gorenean epaitzeko, Kataluniako 2017ko autodeterminazio erreferendumarengatik. Parlamentuak 2021eko martxoan onartu zuen, botoen %57rekin —halako bozketa batean inoiz izan den babesik txikiena—.

Europarlamentuak suplikatorioa onartu arren, Kataluniako eurodiputatuek indarrean izan dute immunitatea, behin-behinean, EBko Justizia Auzitegiak epaia eman arte. Gaurko erabakia auzitegiaren lehen instantziako organoarena da, EBko Auzitegi Orokorrarena, eta, beraz, Puigdemontek, Cominek eta Ponsatik aukera izango dute Europako Justizia Auzitegira jotzeko, instantzia gorenera. Harena izango da azken hitza.

Eurodiputatu independentisten abokatu Gonzalo Boyek aurreratu du Auzitegi Orokorraren argudioak aztertuko dituztela eta kasazio helegitea aurkeztuko dutela Europako Justizia Auzitegiak epaia berrikus dezan. Bi hilabete izango dituzte horretarako, eta epaileek sei hilabete izango dituzte auzia aztertzeko. Ikusi beharko da instantzia gorenak europarlamentariei immunitatea behin-behinean mantenduko dien azken erabakia hartu artean.

Epaia argitara atera eta minutu gutxira, Puigdemontek ere nabarmendu du, Twitter bidez, bidea ez dela amaitu. «Bukaerara arte defendatuko ditugu gure oinarrizko eskubideak, kataluniarren eta europarren oinarrizko eskubideak ere badirenak». Dena den, atsekabea agertu du, Luxenburgoren epaiarekin «disidentzia politikoa» Europan «mehatxatuagoa» dagoela iritzita. «Estatuei deseroso zaizkien kausak defendatzen ditugun gutxiengo politikook zailtasun handiagoak izango ditugu gure eskubideak gauzatzeko, epai hau atzera botatzen ez bada».

Ordu batzuk geroago, prentsaurreko bat egin dute hiru europarlamentariek eta beraien abokatuak Europako Parlamentuan. Auzitegi Orokorraren gaurko epaia iraultzeko nahikoa oinarri badutela adierazi dute. Nabarmendu dutenez, «oinarrizko eskubideen defentsa sendoago bat» espero dute Europako Justizia Auzitegiaren aldetik.

Orain arteko prozesuan, Boyek auzitegiaren aurrean adierazi du Puigdemonten, Cominen eta Ponsatiren kontrako suplikatorioak «irregulartasun ugari» izan zituela, politikari independentistei jazartzeko jarri zuela abian Espainiako Auzitegi Gorenak. Epaileek, baina, ukatu egin dituzte baieztapen horiei eusteko aurkeztutako argudioak. Horien artean, suplikatorioa aztertu zuen Auzi Juridikoen batzordearen inpartzialtasunari buruzko salaketa. Boyek nabarmendu izan du batzorde horretako presidentea Adrian Vazquez zela, Ciutadans alderdikoa, eta batzordeko ponentea Angel Djambazki Bulgariako diputatu neonazia, Voxen talde parlamentario berekoa. Azken alderdi hori herri akusazio izan zen Kataluniako buruzagi independentisten kontrako epaiketan. Auzitegiaren esanetan, ezin daiteke eurodiputatuen inpartzialtasuna exijitu, horiek beren funtzioa batzordearen lanetara mugatzea baizik. Epaileek ebatzi dutenez, gainera, Europako Parlamentuari ez dagokio Espainiaren ekintza judizialen legezkotasuna aztertzea.

Espainiako Gobernua gustura agertu da Luxenburgok hartu duen erabakiarekin. Moncloaren bozeramaile Isabel Rodriguezen arabera, epaileek berretsi egin dute Madrilen jarrera. «[Gobernuak] Beti adierazi du [Puigdemontek, Cominek eta Ponsatik] kontuan eman behar dituztela Espainiako justiziaren aurrean».

Euroaginduentzako oinarri

Luxenburgoko auzitegiaren gaurko epaiarekin, Llarenak euskarri bat izango du berriro ere Puigdemonten, Cominen eta Ponsatiren aurkako euroaginduak igortzeko —gaur egun, soilik Espainian dago indarrean horien aurkako atxilotze agindua—. Hala ere, ez dago argi horiek Espainiaratzeko helburua lortuko lukeen.

Batetik, Kataluniako politikari erbesteratuen aurkako akusazioa aldatu egin delako, Espainiako Gobernuak sezesio delitua ezabatu zuenez gero. Gorenak jada ez die sedizioa leporatzen, baizik eta, Puigdemonti eta Comini, diru publikoaren erabilera bidegabe larria —hamabi urteraionko espetxe zigorra— eta desobedientzia —bi urterainoko kartzela—, eta Ponsatirei, berriz, desobedientzia soilik. Kontua da, defentsaren ustez, Llarenak beste suplikatorio bat eskatu beharko lukeela, hiru politikarien aurka. Boyek ohartarazi du parlamentariei immunitatea eteteko prozedura bakoitza akusazio jakin batzuei lotuta dagoela, eta onartu zuen suplikatorioaren oinarria jada ez dela existitzen.

Bestetik, defentsaren iritziz, EBko Justizia Auzitegiak Llarenaren galdera batzuei erantzunez eman zuen ebazpena oinarri bat izan daiteke Espainiaratze eskeak baztertzeko. Boyek aurreratu duenez, Luxenburgok ebatzitakoak bide ematen dio argudiatzeko Gorenak ez duela eskumenik Puigdemont, Comin eta Ponsati epaitzeko. Hain justu, hori izan zen Belgikak arrazoitu zuena Lluis Puig Kataluniako kontseilari ohiaren aurkako euroagindua baztertu zuenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.