Carles Puigdemont JxC Junts Per Catalunyaren liderrak iragarri du eten egin dituztela Espainiako aurrekontuak negoziatzeko PSOErekin zituzten elkarrizketak. Hala jakinarazi du gaur agerraldi batean, Bruselan bere alderdiko zuzendaritzako kideekin batzartu ondoren. JxCk legez besteko proposamen bat erregistratua du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea konfiantza mozio batera aurkezteko, eta, hain zuzen, Espainiako Kongresuko Mahaiak atzo berriro atzeratu zuen hura tramiterako onartu edo ez erabakitzea. Bada, hori gertatu eta biharamunean mintzatu da Puigdemont. Haren esanetan, bi taldeen arteko konfiantza «hautsi» egin da. Horrenbestez, lehenbailehen Suitzan biltzeko deia egin dio PSOEri.
Adierazi duenez, hala aurrekontuei buruzko elkarrizketak nola PSOErekin beste alderdi batzuei buruz izaten ari ziren aldebiko negoziazioak eten dira. Zehaztu du, dena den, hizketan jarraituko dutela immigrazio eskumenak Kataluniako Gobernuaren esku geratzeko aukerari buruz, eta katalana Europan ofiziala izateko eskaerari buruz ere bai, besteak beste. «Ez gaude ezezkoan tematuta», azpimarratu du Puigdemontek.
Kongresuko Mahaiari erabakirik ez hartzea aurpegiratu dio Kataluniako presidente izandakoak (2016-2017). Haren ustez, jokabide horretan oinarrituz interpreta daiteke PSOEk ulertu duela JxC «serio» ari dela, eta «haustura arriskua» benetakoa dela. Negoziazioak etetea erabaki dute, PSOE ez dadin «egutegiarekin jolastu».
«[PSOEkoek] Ulertu dute Junts Per Catalunyaren erabakitasuna eta borondatea benetakoak direla: hala zen, eta hala da»
CARLES PUIGDEMONTJxCren presidentea
Espainiako gobernabidea arriskuan egongo litzateke baldin eta Kongresuko Mahaiak azkenean eskaera onartu eta konfiantza mozioa osoko bilkura batera eramango balu. Ez dago argi JxCk zer bozkatuko lukeen, baina gobernuburuaren aurka bozkatuko balu, eta, espero bezala, PPk eta Voxek ere gauza bera egingo balute, Sanchez kargutik kenduko lukete.
Aintzat hartu behar da PSOEren eta Sumarren koalizio gobernuak JxCren botoak ere beharrezkoak dituela Espainiako Kongresuan gehiengoa edukitzeko. JxCk erabaki zuen Sanchez presidente izendatzea 2023ko azaroaren 16an, egun batzuk lehenago akordio bat egin zuen-eta PSOErekin. Kataluniako auzia «ibilitako bideaz bestela» konpontzeko zen ituna hura, testuan jasotakoaren arabera. Puigdemontek orduan ohartarazi zuen legegintzaldiak ez zuela biderik egingo bi aldeen arteko akordioak betetzen ez baziren, eta gaur berretsi egin du hori: «Ez bada akordioan jasotakoa eta haren espiritua errespetatzen, ez gabiltza ondo».
Lasaitasun mezua
Puigdemont eta PSOEren buruzagiak Suitzan bildu izan dira tarteka azken urtebetean, eta, hain zuzen, JxCren liderrak lehenbailehen han batzartzera deitu ditu PSOEren ordezkariak, «akordioak zenbateraino bete diren egiaztatzeko». Eskatu du bilera horretan parte hartu dezala El Salvadorko diplomazialari Francisco Galindo Velezek; hain zuzen, bi aldeek hura izendatu zuten aldebiko negoziazioen egiaztatzaile 2023ko abenduan. Sanchezen inbestiduraren aurretik izenpetutako ituneko azkeneko orrian zehaztuta dago, besteak beste, legegintzaldia «egonkorra» izan dadin «ezinbestekoa» izango dela negoziazioetan adostutako aurrerapenak eta akordioak betetzea.
Bien bitartean, Espainiako Gobernuak lasaitasun mezu bat plazaratu du. Puigdemontek esandakoez galdetu diote Maria Jesus Montero lehen presidenteordeari Malagan (Espainia), ekitaldi batean, eta adierazi du «akitu arte» ahaleginduko direla JxCrekin elkarlanean segitzeko. Felix Bolaños Presidentetza ministroa ere horri buruz mintzatu da Valladoliden (Espainia), eta nabarmendu du JxCrekin egindako akordio batzuk jada BOE Espainiako Aldizkari Ofizialean jasota daudela, beste batzuk betetzear, eta negoziatzen ari direla beste batzuk.
Bestalde, ERC Esquerra Republicanako idazkari nagusi Elisenda Alamanyk agerraldi batean esan du errespetatzen duela JxCren hautua. Hori bai, ñabardura bat egin du: «Esquerra Republicanak ez du presarik PPk eta Voxek Espainiako Estatuan agindu dezaten». Kataluniako bi alderdi independentista hegemonikoek, hau da, JxCk eta ERCk, akordio bat sinatu zuten atzo, aurrerantzean koordinatuta jokatzeko. Bilera bat egin zuten atzo Bruselan, eta hartan izan ziren bi alderdietako liderrak, Puigdemont bera eta Oriol Junqueras.