Puigdemontek «behin betiko borrokarako prestatzera» deitu du

Etengabeko mobilizazioaren beharra azpimarratu du. Ponsatiren esanetan, elkarrizketa mahaia «iruzur» bat da. Dozenaka mila lagun bildu dira Perpinyan, eta bero hartu dituzte erbesteratuak

Carles Puigdemont, atzo, Perpinyan, Errepublikaren Aldeko Kontseiluaren ekitaldian, jarraitzaileak agurtzen. D. BORRAT / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Bi urte eta erdiren ondoren bueltatu da Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetua bere herrira. Espainian espetxeratua izateko arriskutik ihesi joan zen erbestera 2017ko urrian. Atzo, Perpinyan izan zen, Ipar Katalunian, Kataluniako Errepublikaren Aldeko Kontseiluak antolatu zuen ekitaldi politikoan. Puigdemontek «behin betiko borrokarako» prestatzera eta «etengabeko mobilizaziora» deitu zituen independentistak. Ekitaldian parte hartu zuten erbestean diren Toni Comin eta Clara Ponsati Generalitateko kontseilari kargugabetu eta eurodiputatuek ere.

Dozenaka mila jarraitzaile bildu ziren Perpinyan erbesteratuen itzulera ospatzeko. Antolatzaileen esanetan, 200.000 lagun; datu ofizialen arabera, 110.000 inguru. Bero hartu zituzten, eta hirurak garaile agertu ziren Europako epaitegietan egindako lanaren uztagatik, Espainia «zuzenbide estatu normal bat» ez dela «frogatu» duelako, Cominen esanetan. Ekitaldia babestu zuten JxCk, ERCk eta Democrates indarrek, Omniumek eta ANCk.CUPek ez zuen parte hartu «alderdikoia» zela iritzita.

Perpinyako ekitaldia Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa mahaia eratu eta hiru egunera egin zuten, Katalunia bozetarako kanpainaurre giroa betean dela.

Hala ere, Puigdemontek ez zuen hizpide izan gobernuen arteko elkarrizketa mahaia. Nahiago izan zuen arreta independentismoaren egoerari berari zuzendu. Haren iritziz, «behin betiko borrokarako» prestatu behar du mugimenduak, eta horretara deitu zituen eragileak.

Ildo horretan, beharrezkotzat jo zuen independentistek «ekintzak koordinatzea» eta «lurraldea kontrolatuko duen sarea» osatzea. Sare horrek «estatuaren errepresioari aurre» egiteko balio behar duela gaineratu zuen.

Puigdemontek nabarmendu zuen ondo antolatzeak «garaipena» ahalbidetu ziela 2017ko urriaren 1eko erreferendumean, eta etorkizuneko garaipenak ere bide beretik etorriko direla. Iraganeko «akatsak» zuzentzeko eta «zalantzak eta ahuleziak» gainditzeko beharraz ohartarazi zuen.Haren esanetan, independentismoak ez du «garai hobeen zain» egon behar.

Herritarrei ere egin zien eskaria, independentziaren alde mobilizatzen segi dezaten. «Estatuak mobilizatutako herri baten ahotsa ulertzen du soilik, horregatik egon behar dugu etengabe mobilizatuta».

Perpinyan, Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetu eta ERCko buruaren hitzak ere entzun ziren, bideo baten bidez. Junquerasek «hurrengo erasorako» prestatzera deitu zuen; «behin betikoa» beharko lukeen oldarraldirako. Puigdemontekin bat etorri zen «era koordinatuan» jarduteari garrantzia aitortzean. Horrez gain, «aurkariz ez nahasteko» beharra ere aipatu zuen.

Marta Rovira ERCko idazkari nagusi erbesteratuak ere mezua bidali zuen bideo batean. Independentismoaren batasuna galdegin zuen, «aurrera egiteko». Rovirak eta Junquerasek argitu zuten beren hitzek ERCko alderdikide espetxeratuen oniritzia zutela.

Mahaia, «iruzurra»

Puigdemontek ez bezala, Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa mahaiari aipamena egin zion Ponsatik, oso modu zuzenean. Mahaia «iruzur» bat dela salatu zuen. «Ez gaituzte aske egingo beren hitza jaten dutenen elkarrizketarako promesek». Ponsatiren esanetan, elkarrizketa mahaiaren helburu bakarra Pedro Sanchez Espainiako presidenteak «denbora irabaztea» da. Kontseilari ohiak aitortu du «noraeza normala» dela independentismoak duen egoeran, baina ohartarazi zuen «amaitu» egin behar dela.

ERCko diputatu Ernest Maragall Perpinyan izan zen, eta atzoko ekitaldia elkarrizketa mahaiaren «beharrezko kontrapuntua» dela adierazi zuen.

«Egia deserosoak»

ERCk azken hilabeteetan defendatu duen ildo estrategikoari ñabardura egin zion Cominek ekitaldian egin zuen hitzaldian. ERCk adierazi du prozesu subiranista garatu ahal izateko independentismoak boto gehiago eskuratu behar dituela, eta sektore berriak erakarri behar dituela, Espainia erreferendum bat onartzera behartze aldera. «Egia deserosoak esan behar ditugu. Ez dugu irabaziko botoekin soilik. Askoz gehiago izan behar dugu, bai, baina ez dugu irabaziko horrekin bakarrik», adierazi zuen Cominek. Haren iritziz, independentismoak beharrezkoa izango du «sakrifizioak» egitea eta «askatasunaren prezioa onartzea».

Prozesu independentista berriro aurrerabidean jartzeko, Errepublikaren Aldeko Kontseiluak gidaritza hartzea proposatu du Artur Mas Kataluniako presidente ohiak, aste honetan. Generalitatea Espainiaren mendeko erakundea den aldetik, adierazi du prozesua handik zuzentzea ezinezkoa dela. Haren ustez, Puigdemont buru duen kontseiluak hartu beharko luke ardura hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.