Puigdemontek baieztatu du inbestidura saioa egiten bada Bartzelonara itzuliko dela

PSCren hautagai Salvador Illaren aurka egin du presidente ohiak. ERC Illa babesteko negoziazioetan ari da asteotan.

Carles Puigdemont Els Banys d'Arles i Palaldan egindako ekitaldian, gaur. DAVID BORRAT / EFE
Carles Puigdemont Els Banys d'Arles i Palaldan egindako ekitaldian, gaur. DAVID BORRAT / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko uztailaren 27a
17:55
Entzun

Kataluniako zenbait hedabidek esan dute, ERC Esquerra Republicanaren eta PSC Kataluniako Alderdi Sozialistaren iturriak aipatuta, abuztuko aurreneko bi asteetan izango dela Kataluniako Generalitateko presidentea izendatzeko inbestidura saioa. Maiatzeko hauteskundeetan, indar subiranistek gehiengoa galdu zuten parlamentuan, eta PSCko hautagai Salvador Illa da, ezustekorik ezean, aukera gehien duena presidente bihurtzeko. Horren erakusgarri da atzo ERCko idazkari Raquel Sansek adierazi izana PSC eta ERC ados jartzea «posible» dela. Horiek hala, Carles Puigdemontek adierazi du inbestidura saioa egiten badute Bartzelonara itzuliko dela, berak presidente izendatzeko aukera gutxi —edo batere ez— izan arren —bere alderdi Junts (Junts + Carles Puigdemont Per Catalunya) bigarren gelditu zen, 35 eserleku eskuratuta—.

Puigdemonten itzulera beti egon da airean. 2017an independentzia aldarrikatu eta Espainiako Estatuak hura atxilotzeko agindua eman ostean, Belgikara ihes egin zuen, eta han erbesteratuta egon da azken urteetan. Auto batean ezkutatuta ihes egin zuenetik, haren aurkako jazarpena salatu eta ekintza politikoak egin ditu —2019an, Europako Parlamenturako hauteskundeetan diputatu eserlekua lortu zuen—; hori bai, beti Espainiako Estatuaren barruan dauden Herrialde Katalanetako lurretatik urrun. Maiatzaren 12ko hauteskundeen eta amnistia legearen ondorioz Tsunami auzia artxibatu ostean, Puigdemont Kataluniara itzultzeko aukera hizpide bilakatu da. Uste denak desagertu, eta presidente ohiak gaur baieztatu du inbestidura saioa egiten bada han egongo dela. Borondatea adierazita dago; orain, eguna zehaztea falta da, eta hori ERCren eta PSCren negoziazioen araberakoa izango da.

Halere, ez dirudi presidente ez izateko aukerek atzera eginaraziko diotenik Puigdemonti. Hain zuzen, Junts alderdia sortu zenetik lau urte bete direla ospatu dute gaur, Els Banys d'Arles i Palaldan (Herrialde Katalanak), eta, ekitaldi horretan, presidente ohiak argi utzi du «soilik estatu kolpe batek» galaraziko liokeela inbestidurarako Bartzelonan egotea: «Inbestidura egiten bada, han egongo naiz». Juntsen ospakizun ekitaldian, Puigdemontek adierazi du PSCren eta ERCren arteko akordio batek zer-nolako gobernua ekar dezakeen —eta batez ere zer presidente—, eta kezkaz mintzatu da: «Benetako arriskua dago PSCren bertsio espainolistenak Kataluniako Generalitateko presidentetza eskuratzeko. Illa Josep Borrellengandik gertu baitago, eta Pasqual Maragallen antipodetan».

«Benetako arriskua dago PSCren bertsio espainolistenak Kataluniako Generalitateko presidentetza eskuratzeko»

CARLES PUIGDEMONTKataluniako Generalitateko presidente ohia

ERC, hau da, independentismoa aldarrikatzeko orduan Juntsek kide izan duen alderdia gertu dago PSCrekin ados jartzeko. Hori hala, atzo arte Bartzelonako alkate izandakoak, Xavier Triasek (Junts), gomendioa egin dio Esquerrakoei Els Banys d'Arles i Palaldan, alderdiaren izena zuzenean adierazi ez duen arren: «Ez dira fidatzekoak [ERCkoak]; inoiz ez zaitezte fidatu Illa izena duen gizon horretaz. Beti aurpegi ona jartzeko gai da, baina sastada bat emango dizue bizkarrean». Trias Bartzelonako alkatetza berresteko aurkeztu zen iazko hauteskundeetara, eta boto gehien eskuratu zuen alderdiko hautagaia izanik ere, PSCko Jaume Collboni da alkatea, PP Kataluniako Alderdi Popularraren eta Comukoen botoak lortu baititu.

«Legez kontrako atxiloketa»

Puigdemont itzulita ere, ez dago ziurtatua presidente ohiari inbestidura saiora heltzen utziko diotenik. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak oraindik ez dio ezarri amnistia legea, eta haren aurkako atxilotze agindua indarrean da oraindik ere. Hori dela eta, muga zeharkatu orduko hura atxilotzeko agindua dute Espainiako poliziek. Puigdemontek gaurko hitzaldia baliatu du Espainiako presidente Pedro Sanchezi eskatzeko ez dadila izan «legez kontrako atxiloketarik». Azaldu du ingurukoek ez itzultzeko eskatu diotela, baina, nabarmendu duenez, inbestidura saioan Bartzelonan egotea «ez da erabaki pertsonala, politikoa baizik».

«[Espainiako] Epaileek uko egiten diote amnistia legea aplikatzeari, eta, hala, Espainiako politikari estatu kolpearen usaina eman», adierazi du Puigdemontek Gorenaren erabakiaren inguruan. Horrekin lotuta, salatu du «konplot judizial bat» dagoela haren aurka. Are, Juntseko buruzagiak iritzi dio amnistia legea saihestea eta bera atxilotzea «delitua» dela. Horregatik, Espainiako fiskal nagusiari eskatu dio Goreneko epaileen «delituaren aurka» egiteko: «Hori egiten baitute gobernu demokratikoek estatuaren parte bat oldartzen zaienean. Ez dute ez ikusiarena egiten: zezenari adarretatik heldu, eta erabakiak hartzen dituzte, zera esanez: 'Togadun jaunak, horrela ezin duzue jardun'». Puigdemontek nabarmendu duenez, epaile horiek eragotzi egin nahi dute amnistia legeak dakarren «garaipen demokratikoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.