KATALUNIA

Puigdemont «terrorismoa» egotzita ikertzeko eskatu du Goreneko fiskalen batzarrak

Auzitegiko fiskal Alvaro Redondok plazaratutakoaren kontra egin du organoak; iruditzen zaio nahikoa motibo daudela Generalitateko presidente ohiaren kontrako prozedura bat abiatzeko. Espainiako Gobernuak erantzun du erabakia behin-behinekoa dela.

CARLES PUIGDEMONT. KATALUNIA.
Carles Puigdemont Europako Parlamentuko saio batean, aurreko abenduan. EFE
Igor Susaeta - Ander Perez Zala
2024ko otsailaren 6a
15:20
Entzun

Espainiako Auzitegi Goreneko zigor aretoko fiskalen batzarrak deliberatu du badaudela arrazoiak Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente izandakoa (2016-2017) «terrorismoa» egotzita ikertzeko. Horrenbestez, auzitegi horretako fiskal Alvaro Redondok auziaz egindako atariko txostenaren kontra egin dute. Izan ere, haren ustez, ez zegoen motiborik JxC Junts Per Catalunyako liderra inputatzeko, Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketaren ondoren 2019ko udazkenean egindako protesten harira —Tsunami Demokratikoarenak—.

Hamabost fiskaletatik 11k adierazi dute nahikoa zantzu daudela Puigdemonten kontrako prozedura bat abiatzeko, eta hamabiri iruditzen zaie «terrorismo» delitua egon daitekeela ikertu asmo dituzten duela lau urte pasako mobilizazioetan. Hori kaleratu dute Espainiako hainbat hedabidek, Goreneko iturriak aipatuz.

Manuel Garcia-Castellon Auzitegi Nazionaleko magistratua ari da egiten auziaren instrukzioa, eta «terrorismoagatik» ikerketapean daude, gainera, CDR errepublikaren defentsarako batzordeetako beste dozena bat inguru lagun, eta Marta Rovira ERC Esquerra Republicanaren idazkari nagusia —erbestean da, Suitzan—.

Epaile horren tesia da Generalitateko presidente ohia izan zela protesta horien sustatzailea. Hala eta guztiz ere, eta fiskalen batzarrak azaldutakoa gorabehera, iturri horiek adierazi dute Maria Angeles Sanchez Conde Goreneko teniente fiskalari dagokiola txosten berri bat egitea, erabakia ez baita aho batez hartutakoa izan.

Garcia-Castellonek adierazi izan du auziak Gorenaren esku geratu beharko lukeela. Horrenbestez, horri buruzko txosten bat entregatu zuen Redondo fiskalak duela bizpahiru egun, nabarmenduz ez zegoela «terrorismorik» Auzitegi Nazionalean ikertzen ari diren gertakarietan, eta ez dagoela frogarik bermatzeko Puigdemont protesten atzean zegoenik.

Redondo kontserbadorea da, Auzitegi Nazionaleko fiskal Miguel Angel Carballo bezalaxe, eta, azken horrek, hain zuzen, instrukzioan «kontraesanezko erabakiak» hartzea aurpegiratu dio Garcia-Castelloni; baita, gainera, autoetako argumentuek ez dutela sendotasunik ere.

Espainiako Gobernuak berehala erreakzionatu du. Ministroen Kontseiluaren osteko agerraldian, Pilar Alegria bozeramaileak esan du Auzitegi Goreneko fiskalen batzordeak harturiko erabakia «errespetatzen» dutela, baina ohartarazi du behin-behinekoa dela, ez loteslea, eta Espainiako Estatuko Fiskaltzak hartuko duela behin betiko erabakia.

«Ministerio Fiskalaren estatutu organikoen arabera, behin betiko erabakia araudi horrek finkatzen duten organoek hartuko dute», argudiatu du Alegriak, eta gaineratu du «Ministerio Fiskalak eta herrialdeko auzitegiek» hartzen dituzten erabakiak ere «errespetatu» dituztela. Hau da, Condek argituko du fiskaltzak Gorenari proposatuko dion Puigdemont «terrorismoagatik» ikertzea; hortaz, ikusteko dago ea Auzitegi Goreneko fiskalen iritziari uko egin eta Auzitegi Nazionaleko fiskalarekin bat egiten duen —ez dagoela «terrorismorik»—.

Joan den ostegunean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak adierazi zuen Kataluniako independentismoa ez dela «terrorismoa», eta Espainiako auzitegiek hori bera ondorioztatuko dutela.

Amnistia, berriro tramitazioan

Amnistia lege proposamenaren tramitazioa hasi dute gaur, berriro, Espainiako Diputatuen Kongresuan. Horretarako baimena eman dio behe ganberako mahaiak justizia batzordeari, eta hark hamabost egun edukiko ditu testu berri bat egiteko —epe hori beste hamabost egun luzatu daiteke—.

Mahaian gehiengoa dute PSOEk eta Sumarrek, eta atzera bota dute PPren eta Voxen tramitazioa eteteko eskaera. Bi alderdi horiei iruditzen zitzaien hala behar zuela, argudiatuta joan den urtarrilaren 30ean gehiengo osoz baztertu zutela Kongresuko osoko bilkura batean.

Alderdiek ezingo dituzte zuzenketa berriak erregistratu, baina erabili ahalko dituzte duela astebeteko bilera horretan ukaturikoak.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.