Mundu guztia adi-adi dago bihar zer gertatuko den Kataluniako Parlamentuan. Argi dago Salvador Illak behar adina diputaturen babesa duela Kataluniako Generalitateko presidente hautatua izateko. Baina orain beste kontu baten inguruan dago zalantza: Carles Puigdemonten itzuleraren inguruan. Iritsiko ote da Kataluniako Parlamentura? Atxilotu egingo ote dute lehenago? Polizia parlamentuan sartzen saiatuko ote da? Horren baitan egongo da inbestidurako debatea normaltasunez egingo den edo ez. Zer gertatuko den gertutik jakiteko, politikan egun hauetan protagonista izandako batekin aritu da hizketan Vilaweb: Josep Rull (Terrassa, 1968) Kataluniako Parlamentuko presidentearekin.
Esan zenuen Puigdemont parlamentura iritsiz gero ez zenuela onartuko hura atxilotua izatea, eta lehenago zu eraman beharko zintuzketela atxilo. Orain ere hala diozu?
Bai. Argudio juridiko asko ditugu, baina erabaki politiko bat ere bada, eta ez dago salgai. Nik, parlamentuko presidente naizen bitartean, ahal dudan guztia egingo dut diputatuak ez daitezen atxilotuak izan jardunean ari direla; izan ere, parlamentuak immunitatea ematen du, eta hori arau esparru zorrotzetik haragokoa ere bada. Toki sakratua da. Edozein herrialde aurreratu eta demokratikotan, parlamentuaren egoitza sakratua da, demokratikoki sakratua, eta inongo diputaturi ezin zaio inongo eskubiderik urratu, ezta askatasuna kendu ere.
Nola bermatuko duzu hori?
Lehenik, hainbat argudio juridiko erabiliz, sendoak baitira: besteak beste, Kataluniako Estatutuak dioena eta araudia bera, baita bi protokolo ere, zeinak onartuta eta indarrean baitaude dagoeneko, eta zeinen arabera ezin baita inongo diputaturik atxilotu parlamentu barruan. Eta argudio gehiago ere badira. Parlamentuko jarduera baten prozesua ezin da oztopatu inola ere, are gutxiago halako saio solemne eta garrantzitsua bada, presidente baten inbestidura saioa hain zuzen. Beraz, osoko bilkurara deitzen denetik —nik neuk sinatuko dut deialdia— eta hura bukatzen den arte, ezin da inor atxilotu, parlamentuaren jardunari eragingo bailioke. Baina parlamentuko presidente gisa eman nahi ditudan bermeak askoz harago doaz. Alderdi bat baino gehiago dago: batetik, juridikoki sendoena den hori, eta, bestetik, politikoki erabakigarriena den hori. Eta hemen ez du soilik zuzenbideak jokatzen: erabakitasun politikoak ere bai. Zuzenbideak babestu egiten gaitu, baina parlamentuko presidentetzaren erabakitasun politikoa ere hor dago, eta hori ez da txikikeria hutsa.
Zer gertatuko litzateke Polizia parlamentuan sartuko balitz?
Hala gertatuko balitz, Puigdemont presidentea ahalik eta toki seguruenera eramango nuke, nire bulegora alegia. Oso argi daukat. Erabakitasun politikoa, oraingoan, hor dago. Ez dut uste horraino iritsi beharra dagoenik, baina niretzat elementu sakratua eta negoziaezina da erabat.
Hortaz, uste duzu Puigdemont parlamentuan izango dela bihar?
Normala litzateke hura han egotea. Demokrazia normal batean, normala litzateke. Baina, ikusi dugunez, Espainiako Estatuko parte bat, botere judiziala hain justu, eta botere judizialeko goi kargudunak zehazki, kontrola galduta daude orain, neurria erabat galduta.
Puigdemont azkenean ezin bada parlamentura iritsi, osoko bilkura bertan behera geratuko da? Zure alderdiak eskatuko dizu bertan behera uzteko...
Puigdemont presidentea atxilotzen badute, nik ezin dut onartu bilkura normal-normal egitea. Hortaz, erabaki egokia litzateke atzeratzea.
Eta zure esku egongo da, edo diputazio iraunkorraren esku?
Printzipioz, nire esku. Aurrez ere atzeratu izan dira zenbait bilkura, egoera erabat ezohikoa zelako. Puigdemont presidentea atxilotzen badute, horrek esan nahiko du diputatu bat atxilotu dutela jardunean zen bitartean, eta, horren debate garrantzitsua denez, atzeratu egin beharko genuke osoko bilkura. Nire eginkizuna baita diputatu guztien eskubideak beteko direla bermatzea: batetik, askatasunaz gabetuko duten diputatu baten eskubideak, baina, bestetik, baita inbestidurarako hautagaiarenak ere, Salvador Illarenak; izan ere, hark eskubidea du debatea bete-betean egiteko eta Kataluniako herritarrek aukeratutako agintari guztiekin aritzeko bere programa politikoaren inguruan. Beraz, jokoan dago Carles Puigdemont diputatuak eztabaida honetan aurrez aurre parte hartzeko duen eskubidea, baina, horrez gain, jokoan dago Salvador Illa hautagaiaren eskubidea ere, bere programa politikoaz alderdi guztietako buruekin mintzatzekoa.
Atxilotuko balute, agerian geratuko litzateke amnistia ez dela behar bezala aplikatu? Porrota izango litzateke?
Ez litzateke porrota izango, inola ere, baina argi geratuko litzateke Espainiako Estatuaren parte bat, demokratikoki, huts egindako estatu bat dela. Ez da epaile bakar baten kontua: botere judizialaren goi kargudunek, Auzitegi Goreneko bigarren salak, erabaki dute uko egitea epaile izaerari. Eta epaile batek aplikatu eta interpretatu egin behar du legea, inoiz ez berridatzi.