Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohia (2016-2017) izendatu dute JxC Junts Per Catalunyaren presidente, alderdiak asteburuan Calellan (Herrialde Katalanak) egin duen batzar nagusian. Aurrez ere JxCren presidente izan zen, 2020tik 2022ra. Duela bi urte kargua utzi zuen, eta Laura Borras izan da, ordutik, JxCren presidentea. Atzo, alderdia gidatzeko talde berria onartu zuen militantziak, %90eko babesarekin; oinarrien %43k bozkatu zuten. Jordi Turullek jarraituko du idazkari nagusi postuan, eta Borras JxCen fundazioko presidente izango da.
Batzarraren amaieran modu telematikoan parte hartu zuen Puigdemontek Waterlootik (Belgika), ez baitiote amnistia legea aplikatu. Azaldu zuen 2017an hasitako «erresistentzia» aldia amaitu dela, eta iragarri «partida berri bat» jokatzen hasteko garaia dela. JxCeko presidentearen ustez, bere alderdia «erremintarik onena» da Kataluniak independentziarako bidean aurrera egiteko. Horregatik, Kataluniako espazio politikoaren «erdigunean» egon behar duela aldarrikatu zuen, eta, asmo horrekin, alderdia «gehiago zabaltzeko» deia egin zuen.
Puigdemontek ez zuen lortu Generalitaterako azken hauteskundeak irabaztea, eta PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiko Salvador Illa da, egun, Generalitateko presidentea. Illaren gobernua kritikatu zuen atzo Puigdemontek: errepresiotik «probetxua» atera dutela salatu zuen, eta subiranotasun ideia guztien «aurka» joatea zein «espainolista» izatea egotzi zion egungo Kataluniako Gobernuari.