Gobernu osaketa Espainian

Puigdemont eta Rovira inputatu dituzte, Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala ikertzen ari da ea «terrorismo» deliturik izan zen 2019ko udazkeneko protestetan. PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude. Onartu asmo duten amnistia legearen aurkako adierazpen instituzional bat adostu du CGPJk.

Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohia, joan den ostiralean, Bruselan. EFETV / EFE
Paulo Ostolaza - Ander Perez Zala - Igor Susaeta
2023ko azaroaren 6a
09:21
Entzun

Kataluniako Generalitateko presidente ohi Carles Puigdemont eta ERC Esquerra Republicanako idazkari nagusi Marta Rovira inputatu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, Tsunami Demokratikoaren kontrako ikerketaren harira. Auzitegi horretako epaile Manuel Garcia-Castellon 2019ko udazkenean izandako protesta sorta ikertzen ari da, eta, zehazki, «terrorismo» deliturik izan ote zen. Denera, hamar bat lagun inputatu ditu gertakari horiengatik.

Gaur argitara ateratako ebazpen judizialean, Garcia-Castellonek argudiatu du «egiaztatuta» dagoela Puigdemontek Genevan (Suitza) 2019ko abuztuaren 29an eta 31n egindako bileratan parte hartu zuela; haren arabera, «baliteke Tsunami Demokratikoaren ekintza planifikatu» izana bilkura horietan. Horregatik, epaileak deklaratzera deitu du Kataluniako Generalitateko presidente ohia, Auzitegi Nazionalean; edonola ere, eurodiputatua denez, «borondatez deklaratzeko» aukera eskaini dio Puigdemonti, suplikatorioa eskatu aurretik. «Puigdemont zitatzea beharrezkoa da ekintzen inguruan esateko daukana entzun dadin. Oraingoz, soilik ikerketapeko baldintzan zitatu daiteke», azaldu du Garcia-Castellonek. Zenbait hedabidek iturri judizialak aipatuz kaleratutakoaren arabera, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak helegitea jarriko dio Garcia-Castellonen autoari, argudiatuta Tsunami Demokratikoari egindako akusazioak ez datozela bat Espainiako Zigor Kodeak «terrorismo» delituaz esaten duenarekin, eta behin kode horretatik sedizio delitua kenduta leporatzen zaiena desordena publikoak direla eta horren instrukzioa Bartzelonako auzitegiei dagokiela.

Epaileak oinarritzat hartu du Guardia Zibilak joan den ostiralean Espainiako Auzitegi Nazionalera bidalitako txostena. Dokumentu hartan, besteak beste, Rovira Tsunami Demokratikoaren buruzagitzarekin lotzen dute, eta egozten diote desobedientzia zibilerako plataformaren «koordinatzaile politikoa» izatea eta harentzat erakundeen babesa lortzeko lanean jardutea, beste bederatzi lagunekin batera.

ERCrentzat, alderdiko idazkari nagusia inputatzea erabaki «aberrantea» da. «Estatuko botere erreakzionarioen erreakzioa da amnistiaren kontra», idatzi dute alderdiaren X sare sozialeko kontuan. Puigdemontek sare sozial berean idatzi du Espainiako Estatuko agintariak «estatu kolpe etengabe bat» emateko ahaleginean ari direla. Mezu hori emateaz gain, ERCkoek elkartasuna adierazi diete inputatu guztiei; horiez gain, epaileak lekuko gisa deklaratzera deitu du, besteak beste, Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzailea, Rovirarekin 2019an izandako bilkura bat argudio hartuta.

Kataluniako alderdi independentista horrek joan den astean itxi zuen inbestidurarako akordioa PSOErekin; amnistia legea, aldirietako trenen eskuduntza eta beste jaso dituzte. ERCk azaldu zuenez, amnistia legeak Kataluniako prozesu subiranistarekin lotutako «errepresaliatu guztiei» eragingo die, «salbuespenik gabe». Horrek barne hartuko lituzke, besteak beste, Tsunami Demokratikoko kideak —buruzagi subiranisten kontrako epaiaren ondorengo protesten buruan izan ziren 2019ko udazkenean— eta CDR errepublikaren defentsarako batzordeetakoak ere, zeinak, hurrenez hurren, ikertuak eta akusatuak izan diren, «terrorismoa egotzita».

Errepublikanoen ondoren, Espainiako Kongresuan talde parlamentarioa duen beste alderdi katalan subiranistarekin azken hariak lotzea besterik ez da falta Pedro Sanchezen inbestidurarako akordioa ixteko. Joan den ostegunean moteldu egin ziren negoziazioak, baina JxC Junts Per Catalunya eta PSOE alderdietako ordezkariak Bruselan elkartu dira gaur, eta hainbat hedabidek negoziazioen inguruko iturriak aipatuz kaleratutakoaren arabera, baliteke datozen orduetan iragartzea Pedro Sanchezen inbestidurarako ituna. Han izan dira Jordi Turull JxCren idazkari nagusia, Albert Batet Espainiako Kongresuan duten talde parlamentarioaren presidentea, eta Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkaria. Bilera batean pasatu dute goiz osoa, baina ez dute baieztatu arratsaldean negoziatzen jarraituko duten ala ez.

Cerdanek atzo bertan jakinarazi zuen ados jartzear zirela. «Pedro Sanchezen inbestidura gertu dago», esan zuen, alderdiko afiliatuek hautagai sozialista presidente izendatzeko akordioak babestu berritan: botoa eman dutenen %87k bat egin dute PSOEren zuzendaritzaren proposamenarekin. JxCri dagokionez, Turullek ostiralean esan zuen «egunak» beharko dituztela akordioa egiteko, baina, dirudienez, elkarrizketek asko egin dute aurrera azken orduetan. Sumarren negoziatzaile Jaume Asensek ere ideia hori azpimarratu du gaur goizean, eta adierazi ez duela «oztopo nabarmenik» ikusten ituna «datozen orduetan» adosteko.

Amnistia legearen eragina zenbaterainokoa izango den, horixe da mahai gainean dagoen eztabaida nagusia. Turullek joan den astean ohartarazi zuen ez dutela «soldadurik atzean utziko»; izan ere, alderdi subiranistaren beldur nagusia da legeak ez eragitea Puigdemonten gertuko zenbait laguni; besteak beste, haren bulegoko buru Josep Lluis Alayri, Gonzalo Boye abokatuari eta Miquel Buch Generalitateko kontseilari ohiari.

Kataluniako Generalitateko presidente ohiak X sare sozialean idatzi zuen atzo, bi egunez isilik egon ostean: «Legeak aurkari politikoei modu estrategikoan kalte egiteko erabiltzea ez da justizia egitea, baizik eta demokrazian onargarriak ez diren bideak baliatuta botere judizialaren bidez efektu politikoak lortzea».

Kasuak, ez pertsonak

ERCk akordioa itxi zuen arren, amnistia legearen edukia ez da guztiz osatuta egongo harik eta PSOEk JxCrekin zenbait puntu adostu arte. Eta afera horretaz aritu da gaur, hain justu, Rovira; abisua eman dio JxCri, La 2 telebista katean: amnistiaz nor baliatuko den aukeratzen ibiltzeak arriskuan ipin dezake legearen sendotasun juridikoa. «Ez da ez kasuei ez pertsonei buruzkoa; delitutzat jo dituzten gertakari batzuk amnistiatzeari buruzkoa da», adierazi du Rovirak. Eguerdian, Raquel Sans bozeramaileak jakinarazi du legea berrikusiko dutela negoziazioak amaitzean.

Omnium Culturalen arabera, lege horrek 1.500 lagun ingururi eragingo lieke; ikusteko dago tartean izango den Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidente ohia, JxCkoa. Kataluniako Auzitegi Nagusiak lau urte eta erdiko kartzela zigorrera kondenatu zuen martxoan, «prebarikazioa eta dokumentuak faltsutzea» leporatuta. Baina hari ere amnistia emateko eskatzen du JxCk, argudiatuta ekintza administratibo batzuetatik abiatuta auzi politiko bat sortu ziotela.

Behin ituna eginda, amnistiaren lege proposamena Espainiako Kongresuan erregistratzea da PSOEren asmoa, Sanchezen inbestidura babestekoak diren alderdi guztiek sinatuta —PSOE, Sumar, EH Bildu, EAJ, BNG Bloke Nazionalista Galiziarra eta Kataluniako bi indar subiranista nagusiak—. Orduan dena bideratuta egongo litzateke Sanchezen inbestidurarako eguna jartzeko. Kongresuko Mahaia bihar 10:00etan elkartzekoa da, eta litekeena da orduan zehaztea inbestidura saioa egiteko eguna; datorren ostegunean eta ostiralean egitea litzateke aukeretako bat.

CGPJ, amnistiaren kontra

Espainiako Kongresuko gehiengoak adostu asmo duen amnistia legearen aurkako adierazpen instituzional bat onartu du CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, gaur, ezohiko osoko bilkura batean. Organo horretako hamasei kideetatik bederatzik bozkatu dute hamar epaile kontserbadoreetatik zortzik aurkeztutako testuaren alde, bederatzik kontra, eta bat abstenitu egin da —batek ez du parte hartu—. Onartutakoaren arabera, amnistia lege batek «indargabetu» egingo lituzke zuzenbide estatua, eta Espainiako Konstituzioa eta auzitegien independentzia «bortxatuko» lituzke. Adierazpenak asmo politiko bat du, ez baita loteslea.

Epaileak ez dira legearen aurka egin duten bakarrak. Goizean, Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak manifestatzera deitu du «Espainiako probintzia guztietako hiriburuetan» iganderako, 12:00etan: «Jarraitu egingo dugu. Ez gaituzte isilduko, ez gaituzte geldituko». PPk atxikimendua erakutsi dio azaroaren 18rako Madrilen antolatu duten «manifestazio handiari» ere. Voxek, berriz, jakinarazi du kereila bat aurkeztuko duela Sanchezen aurka, eroskeria egotzita, amnistia legea bultzatzeagatik bere inbestiduraren truke.

Elkarretaratzeak amnistiaren kontra

Ehunka lagun bildu dira arratsalde honetan Iruñeko PSNren Sarasate pasealekuko egoitza parean, amnistiaren aurka manifestatzeko. Espainiako bandera eta Borgoinako gurutzea erakutsi dituzte. Bertan izan dira Jose Maria Gartzia Voxeko Nafarroako presidente hautatu berria eta Maite Nosti eta Emilio Jimenez parlamentariak. «PSOE, traidore» eta «Puigdemont, kartzelara» egin dute oihu.

Madrilen 3.800 manifestari inguru elkarretaratu dira PSOEren egoitzatik gertu. Tentsioa izan dute Ferraz kalean: hainbat egoitzako hesiak igarotzen saiatu dira, eta Poliziak borrekin eta gomazko pelotekin erantzun du. Bengalak eta botilak bota dizkiete manifestariek poliziei. Beste hainbat hiriburutan ere egin dituzte elkarretaratzeak: Bartzelonan, Sevillan, Valentzian eta Zaragozan, besteak beste,

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.