Puerto Ricoko herritarrei zazpigarren aldiz galdetuko diete uhartearen estatus politikoaz. Pedro Pierluisi irlako gobernadoreak atzo —Euskal Herriko gaurko ordu txikietan— deitu zuen erreferendumera, eta datorren azaroaren 5ean egingo dute kontsulta hori, hauteskundeen egun berean —besteak beste, gobernuburua eta Asanblea Legegileko bi ganberatako ordezkariak ere hautatuko dituzte—. Pierluisirentzat, ezinbestekoa da Puerto Ricok AEB Ameriketako Estatu Batuen «kolonia izateari» uztea, eta helburu hori betetzearekin lotu du erreferenduma egitea.
Legediaren ikuspuntutik, galdeketa lokala da, eta ez du AEBetako Gobernuaren babesa jaso; horregatik, gainera, ez da loteslea izango, aurreko erreferendumekin gertatu bezala. Kontsultako aukerei dagokienez, boto emaileek hiruren artean hautatu beharko dute: Puerto Rico AEBetako 51. estatua bilakatzea, estatu independentea izatea, edo estatu libre elkartua izaten jarraitzea.
«Gure estatus politikoaren arazoa oraindik ere konpontzeko dago», kritikatu zuen Pierluisik erreferendumaren berri emateko agerraldian. Haren ustetan, uhartearen eta AEBetako estatuen artean ez dago berdintasunik, esaterako, ongizate sozialaren eta proiektu ekonomikoen aferetan, eta horrek eragiten du irlaren desegonkortasuna eta ziurgabetasunik eza handitzea; batez ere, politikaren eta ekonomiaren ikuspuntutik. Hori aintzat hartuta, adierazi zuen AEBetan ezin dela «koloniarik izan».
Ikusi gehiago
Puerto Rico 1952tik da AEBetako estatu libre elkartua —1898tik dago haren menpe—, eta, AEBetako Senatuan ordezkari bat duen arren, uharteko herritarrek ez dute boto eskubiderik, adibidez AEBetako presidentetzarako bozetan. 1967tik hona sei galdeketa egin dituzte irlaren estatus politikoaz, baina Etxe Zuriak ez ditu inoiz aintzat hartu horien emaitzak. Kasurako, azken erreferenduma 2020an egin zuten: hori ere ez zen loteslea izan, eta boto emaileen erdiek baino gehiagok (%52,52) bozkatu zuten Puerto Rico AEBetako 51. estatua bihurtzearen alde —parte hartzea %50,11koa izan zen—.
Egin dituzte, gainera, erreferendum lotesleak antolatzeko saiakerak, baina, horretarako, AEBetako Kongresuko bi ganberen oniritzia behar da, eta ez dute inoiz lortu hori —egun, bi lege proposamen daude Ordezkarien Ganberan eta Senatuan afera horri buruz—.
Presio egiteko modua
Pierluisirentzat, hain justu, zazpigarrenez herritarrei iritzia galdetzea AEBei afera hori oroitarazteko modu bat da, eta, horren bidez, herrialde horretako Kongresuak «jakingo du» zer babes maila duten erreferendumean bozka ditzaketen hiru aukerek: «Puerto Ricok presioa egiten jarraitzeko eskubide eta betebehar morala du, bere autodeterminaziorako eskubidea berriz ere erabilita. Beharrezkoa den aldiro bozkatuko dugu kolonia izateari uzteko».
Puerto Ricoko gobernadorea PNP Alderdi Progresista Berrikoa da, eta indar politiko hori uhartea AEBetako 51. estatua bilakatzearen aldekoa da; 2020ko hauteskundeez geroztik, PNP irlako Ordezkarien Ganberan eta Senatuan aulki kopururik handiena dutenen artean bigarrena da, PPD Alderdi Popular Demokratikoaren atzetik —statu quo-aren aldekoa da—. PPDko buru Jesus Manuel Ortiz kritiko agertu da, eta esan du PNPk bere hautesleria mobilizatzeko deitu duela erreferendumera, hain justu, bozen egun berean; aldiz, PIP Alderdi Independentista Puertorricarraren gobernadoregai Juan Dalmauk esana zuen PIPen jarrera oraindik ere zehazteko dagoela, baina berak erreferenduma boikotatzeko aukera aztertuko duela.
Bide batez, adierazpen horri ere erantzun zion Pierluisik: «Independentista denak nola utziko dio independentziaren alde bozkatzeari, hori egiteko aukera baldin badu? Subiranista denak nola utziko dio elkartze librearen alde bozkatzeari, hori egiteko aukera baldin badu?».