Duela hamarkada bateko kopuruekin konparatuta, gaur egun gero eta alderdi politiko gehiago daude Europako herrialdeetako parlamentuetan. Hauteskundeetako eskaintza zabalagoa da, paisaia politikoa askoz ere zatituagoa dago, eta horrek zaildu egin du alderdiak —batez ere historikoki indartsuenak izan direnak— behinola izan zuten babes kopuruetara itzultzea. Salbuespenak salbuespen, azken hamar urteetan ohikoena gehienez %30-35eraino iristea izan da, eta, sistema elektoralaren arabera, boto horiekin gehiengo osoa lortzea edo horren atarian geratzea. Hori kontuan harturik, are ikaragarriagoa bilakatu da Antonio Costaren PS Portugalgo Alderdi Sozialistaren herenegungo garaipena, ezohiko babesa lortu baitu.
Herenegungoa 1975etik honako laugarren emaitzarik onena da PSrentzat —aurreko gehiengo osoa 2005ean lortu zuen—. Eta, horrekin lotuta, deigarria da sozialistek 2015ean Costa agintera iritsi zenetik izan duten gorakada: urte hartan, PSk botoen %32,3 eta 86 diputatu bildu zituen, eta aurten, berriz, %41,68ra eta 117 ordezkarira igo da. Bederatzi puntu eta 31 aulki gehiago dira, sei urte eta erdiko epean.
Costak erakutsi duen nagusitasuna Europan ere islatuko da, eta batez ere EB Europako Batasunean, azken hamar urteetan ez baita ohikoa izan botoen %35en langa gainditzea koalizioan aurkeztu gabe. Portugalgo PSz gain, Europako beste alderdi gutxik lortu dute kopuru hori pasatzea: Maltako Alderdi Laboristak, 2017an (%55,04); Albaniako Alderdi Sozialistak, iaz (%48,67); Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadoreak, 2019an (%43,6); Greziako ND Demokrazia Berriak, urte berean (%39,85), eta Austriako Alderdi Popularrak, hark ere duela hiru urte (%37,5), esaterako.
Koalizioei dagokienez, bestelakoak dira kopuruak, askoz ere handiagoak, oro har; noski, indar politiko bat baino gehiago batera aurkezten direlako. Alemanian, CDU Batasun Kristau-Demokrataren eta CSU Batasun Sozial Kristauaren aliantzak botoen %41,54 eta 631 eserlekuetatik 311 bildu zituen 2013an; Polonian, berriz, Eskuin Batuak gobernatzen du 2015etik, eta 2019an botoen %43,59 eta 235 aulki lortu zituen (460tik).
Hungarian, Fideszi eta KDNP Alderdi Popular Kristau Demokratari mesede egin die elkarrekin aurkezteak: 2010etik daude agintean, eta botoen %49,27 eta parlamentuan gehiengo osoa eskuratu zuten 2018an egindako bozetan.
Eurogunea hartuta, azken hamar urteetan Maltako laboristak eta Portugalgo sozialistak izan dira %40ren langa gainditzea lortu duten alderdi bakarrak. Horien aurretik, Espainiako PP Alderdi Popularra izan zen kopuru hori pasatu zuen azken indar politikoa (%44,63), 2011n, parlamentuan gehiengo osoa lortu zuenean. Nazioarteko joerek eta etxeko testuinguruek azaltzen dute hori; kasurako, Costarena: herritarrek egonkortasunari eta segurtasunari eutsi nahi izan diete.
Gobernu bakartiak
Herenegun lorturiko gehiengoak bakarrik gobernatzen jarraitzeko balioko dio Portugalgo PSri, eta Maltako laboristekin eta Greziako NDrekin batera, babes parlamentarioa behar ez duen alderdietako bat izango da talde komunitarioko estatu kideen artean.
Hori bai, EBn badira kolore bakarreko lantalde gehiago, baina beren kabuz ez dute gehiengo osorik parlamentuan edo horretan beste indar politikoen babesa negoziatu behar izan dute: Zipreko Errepublikako Disy Elkartze Demokratikoa, Danimarkako Sozialdemokratak eta Suediako Alderdi Sozialdemokrata dira.
Baina, oro har, koalizioak dira nagusi talde komunitarioan. Handienak Belgikakoa eta Frantziakoa dira, zazpina alderdi baitaude gobernu horietan; atzetik dago Italia, sei indarrekin, eta Txekia eta Finlandia, bostekin. Gainontzekoetan lauko, hiruko edo biko aliantzak daude.