PSko sutea zabaldu du Vallsek

Frantziako lehen ministro ohiak iragarri du Emmanuel Macron babestuko duela presidentetzarako lehen itzulian. Hamonek «traiziotzat» jo du, eta herritarrei dei egin die «politika zaharra» zigortzera

Emmanuel Macron eta Manuel Valls, biak gobernuko kide zirenean, 2015eko uztailean. ETIENNE LAURENT / EFE.
Adrian Garcia.
2017ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Urteak daramatzate Frantziako PS Alderdi Sozialistan barne gatazken suak itzali ezinik. Eta, presidentetzarako hauteskundeak gerturatu ahala, zabalduz doa sua. Manuel Valls lehen ministro ohiak kolokan utzi ditu alderdiaren beraren oinarriak. Orain arte, uko egin dio PSko hautagai Benoit Hamon babesteari, baina beste urrats bat harago joan da: iragarri du Emmanuel Macron bozkatuko duela presidentetzarako lehen itzulian. Hamonek «traiziotzat» jo du, eta herritarrei dei egin die «haizeak eramaten dituen lekura doazenak» zigortzera.

Marine Le Pen eskuin muturreko hautagaiari aurka egiteko boto erabilgarri gisa defendatu du Vallsek hautua. «Nire erantzukizunak hartu ditut. Ez da bihotzarekin hartutako erabakia, arrazoiarekin baizik». Primarioen hasieran eginiko promesa hautsi du lehen ministro ohiak, irabazlea edozein izanda ere hura babestuko zuela hitzeman baitzuen orduan. «Herrialdearen interes gorenagatik egin dut, alderdiaren arauen gainetik». Ziurtatu du ordainetan ez duela ezer jasoko.

Haren Ekonomia ministro izan zen Macron, baina ez zuten harreman ona izan. Haren ustetan, François Fillon eta Benoit Hamon ez dira hautagai eraginkorrak eskuin muturrari irabazteko. «Ez dut arriskurik hartu nahi». Gogor egin du PSko hautagaiaren kontra. «Bazterrera eraman gaitu haren estrategiak».

Vallsen hitzek berehala piztu dute haserrea. Hamonek adierazpen labur bat egin du, eta salatu du demokraziak «kolpe bat» jaso duela. «Gure kutuna da demokrazia: une oro babestu behar dugu».

Hamonen aldekoen artean ere hautsak harrotu ditu Vallsek. Arnaud Montebourg Ekonomia ministro ohia izan da oldarkorrena: «Denek dakite orain zenbat balio duen Manuel Vallsen engaiamenduak. Duintasunik gabeko gizona da», esan du Twitter sare sozialean.

PSko idazkari nagusi Jean-Christophe Cambaledisek, berriz, lasaitasunera deitu du. Adierazi du «triste» dagoela, ez delako gai izan Valls konbentzitzeko. Halere, ez du zigorrik iragarri.

Hain zuzen, ezkerreko intelektual talde batek Le Monde-ko iritzi artikulu batean PSko zuzendaritza kritikatu du, Hamon abandonatu duela argudiatuta. Haien ustez, ez du hautagaia nahikoa babestu, eta isildu egin da desertzioen aurrean.

Inkestetan aurrean da Macron, eta, aurreikusi dutenez, Le Penen aurka bigarren itzulia irabazi egingo luke. Baina Ekonomia ministro ohiak oreka hauskor bati eutsi behar dio: ezker zein eskuin nahi ditu botoak arrantzatu. Horrenbestez, ez zaio komeni Hollanderen gobernuaren ondorengo gisa irudikatua izatea, eta nahiko hotz hartu du Vallsen iragarpena. «Eskertzen diot, baina nik bermatuko dut aurpegi berriak eta praktika berriak egongo direla». Alegia: Vallsek ez luke gobernua osatuko Macronek bozak irabaziz gero. Ekaineko legebiltzarreko bozetan ere ez litzateke En Marche alderdiko hautagaia izango.

Barne borrokak

Alderdi Sozialistan aspaldi igaro dira 2012an presidentetza lortu zuteneko garaiak; ordutik ez dute hauteskunderik berriro irabazi, eta noraezean daude. Eta horrela jarraituko dute denboraldi batez, ezusterik ezean. Inkesten arabera, laugarren edo bosgarren indarra izango dira.

Bozen ondoren ikusiko da zertan geratuko diren PSko barne borrokak. Beste herrialdeetan gertatu bezala, printzipio neoliberalei men egin izanak kalte egin die sozialdemokratei, eta boto galera handia erakarri die. PSn barne matxinada bat ere piztu zuten François Hollande presidentearen politika liberalek.

Hain justu, orduko protagonistak daude orain aurrez aurre. Hamon PSren presidentegaia da, baina hura ere alderdiko aginduei bizkarra emandakoa da, frondeurs taldeko parlamentari gisa Vallsen gobernuaren legeen aurka bozkatu baitzuen. Macron legea izan zen horietako bat. Orain, legearen bultzatzaileak ditu arerio hauteskunde kanpainan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.