Gauerdia pasatu arte egon da bart bilduta PSren Kontseilu Politikoa. Alderdiaren zuzendaritzak Frantzia Intsumisoarekin (FI) eta ezkerreko beste alderdi batzuekin ekaineko Parlamenturako hauteskundeetarako adostutako akordioa bozkatu behar zuen, eta, 19:00etan bildu baziren ere, luze jo zuen eztabaidak: bost ordu baino gehiago iraun zuen. Azkenean, ordea, Kontseilu Politikoak berretsi egin du akordioa: 167 ordezkarik bozkatu dute alde, 101ek kontra, eta 23 abstenitu egin dira. «Bozketa honek esaten du zer espazio politikokoak garen, ezkerrekoak, eta ez Frantziako presidente Emmanuel Macronen aldekoak», adierazi du Olivier Faure lehen idazkariak.
Presidentetzarako hauteskundeen ondoren egindako ahaleginaren fruitua da akordioa. Ezkerreko alderdiak bigarren itzulitik kanpo geratu ziren berriro, eta bigarren itzulian Macronen eta Marine Le Penen artean aukeratu behar izan ostean, Jean Luc Melenchon Parlamenturako bozei begira ezkerreko fronte bat osatzeko lanetan hasi zen. Duela hilabete batzuk ezinezkoa zirudiena bete egin da orain, eta Herri Batasun Ekologiko eta Sozial Berria izena izango du. Maiatzaren 1ean osatu zuten koalizioa, eta, Frantzia Intsumisoaz eta PSz gain, EELV Europa Ekologia-Berdeak eta PCF Alderdi Komunista daude akordioan, beste alderdi ezkertiar eta ekologiko batzuez gain. Alderdi Antikapitalista Berria ere akordioan dago hasieratik, baina ohartarazi du ez dela PSrekin batera joango eta akordiotik aterako dela iragarri du.
Ekainaren 12an eta 19an egingo dira Senaturako eta Asanblea Nazionalerako bozak Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Herri Batasun Berriaren helburua Errepublika Martxan Macronen alderdiaren nagusitasuna apurtzea da. PSk eta FIk asteazkenean iragarri zuten adostasuna. Horren aurretik, Euskal Herrian aliantzarekin bat egin dute Frantzia Intsumisoko eta EELVko kideek; beharrezkotzat jo dute ezkerraren batzea, BERRIAk galdetuta. Ikusteko dago, ordea, nola banatuko dituzten hautagaiak barrutiz barruti. Ipar Euskal Herrian hiru barruti egingo dira.