Datorren uda hasieran, Frantziako presidentetzarako bozen ostean, hamar urte beteko dira PS Alderdi Sozialistak azken aldiz goia jo zuenetik. 2012an, PSk herrialdeko presidentetza lortu zuen François Hollanderen garaipenari esker, eta, hilabete batzuen ondoren, aulkien gehiengo osoak bildu zituen Asanblea Nazionalean eta Senatuan, bere aliatuekin batera; garai hartan, gainera, eskualde eta hiri garrantzitsu ia guztietan ari zen gobernatzen. Egungo panorama, ordea, bestelakoa da ezkerreko alderdi tradizionalarentzat, 2014tik beheranzko joeran baita, salbuespenak salbuespen. Horregatik, PSko buruzagitzak berriz ere gora egiteko ezin hobetzat ditu 2022ko hauteskundeak, azken hamarkadan galduriko handitasuna berreskuratu nahi baitu, eta zeregin horretaz arduratuko denak baditu izen-abizenak: Anne Hidalgo da.
Parisko auzapeza pixkanaka baina zalantzarik gabe onduriko presidentegai bat izan da. Alderdiaren aparatuaren babesa du—Olivier Faure lehen idazkariaren apustu pertsonala da—, eta militanteen baiezkoa besterik ez zitzaion falta kanpainari behin betiko bultzada emateko; horien gehiengoa Hidalgoren alde agertu zen herenegun gauera arte egindako barne bozketan (botoen %72 zituen, bozen %90 zenbatuta zeudenean), eta, hortaz, PS bere atzean elkartuta duela ikusirik, Hidalgok espero du gaurtik aurrera bere hautagaitza beste fase batean sartuko dela, inkestek %4-7 arteko babesa aurreikusi baitiote orain arte.
Parisko auzapezak PSko lehen idazkaria alboan zuela ospatu ditu barne bozketako emaitzak, atzoko ordu txikietan, eta hitzaldi horretan eskerrak eman zizkien «Frantzia osoan mobilizatu diren militanteei, beren konfiantza» emateagatik: «Erantzukizunak eta agintean egotea bere gain hartzen dituen ezkerrarenak dira gure koloreak. Gobernuko ezkerraren koloreak dira, soilik kexatzearekin aski ez duena, ekiteko nahia ere bai baitu bizitza aldatzeko».
Hasiera-hasieratik, sozialisten buruzagitza tematuta zegoen Hidalgorekin, 2014an —eta iaz berriz— Frantziako hiriburuko bozak irabazi izanak proiekzio handia eman baitio estatu osoan; urteotan, gainera, ezagun egin da hartu dituen erabaki gatazkatsuengatik: besteak beste, autoen erabilera murriztea eta, berriki, Eliseoen Zelaia «ohiz kanpoko lorategi bat» bilakatzea.
Parisko auzapezak duela hilabete eman zuen bere hautagaitzaren berri, Rouen hirian, tokiak ez baitzuen ezer kasualitatetik: ekologismoari esker berriz industrializatu den hiri bat da. Hain justu, hori izango da PSren presidentegaiaren kanpainako ardatzetako bat, baina ez bakarra, iragan astelehenean alderdiko militanteei azaldu bezala: sektore publikoko eta pribatuko soldatak igotzea, erregaien zerga jaistea, lan orduak negoziatzea eta eutanasia legeztatzea dira hizpidera ekarri dituen beste proposamenetako batzuk.
Militanteen aurrean mintzatu ez zena barne lehiako beste hautagaia izan zen, ipar-mendebaldeko Le Mans hiriko auzapez eta Hollanderen agintaldian ministro izandako Stephane Le Foll. Hark nahiago zuen bien arteko eztabaida bat egin, eta, horrekin batera, primario bat, baina alderdiko lehen idazkariak eta Hidalgok berak berehala baztertu zuten ideia hori, 2012koaren eta batez ere 2017koaren oroitzapen txarrengatik. «Zatiketarako arriskua» argudiatu zuten.
Eskaturiko espaziorik gabe geratu den arren, Le Follek aukera izan du PSren presidentegaiak duen erronka argi eta garbi adierazteko: «PS bidegurutzean dago. Desagertu ala berriz agertu. Ezabatu ala Frantziarentzako proiektu bat izan».
«Mobilizazio kolektiboa»
Barne bozketaren emaitza jakin ondoren, alderdiak hilaren 23an izango du hurrengo topaketa, egun horretan egingo baitu Hidalgok lehen mitin handia PSren hautagai modura. Haren inguruan «mobilizazio kolektiboa» abiatzeko unea izango da, PSren pisuzko politikarietako asko izango baitira han, hura babesten.
Paisaia politikoari eta inkestei begiratuta, Hidalgok eta haren alderdiak lan handia dute aurretik. Are gehiago kontuan harturik ekologisten primarioak Yannick Jadotek irabazi izana albiste txar bat dela Parisko auzapezarentzat, Jadotek eta hark espazio politiko bera okupatuko baitute 2022ko bozen kanpainan.
Ekologisten hautagaia aurpegi ezagun bat da sozialistentzat. 2017ko hauteskundeetan ez zen aurkeztu, lehiatik ateratzea erabaki baitzuen Benoit Hamon PSren presidentegaia babesteko; datorren urterako, ordea, hainbatetan adierazi du ez duela erabaki bera hartuko, eta Eliseorako lasterketan izango den hautagaietako bat izango dela.
PSren lehen idazkariak eta Hidalgok berak begi onez ikusten dute, duela lau urte bezala, ekologistekin hautagaitza bateratu bat aurkeztea, betiere presidentegai hori Hidalgo baldin bada. Auzi horretaz, azken inkestek agerian utzi dute desberdintasun gutxi daudela bi indar politiko horien oinarri elektoralen artean;, eta, printzipioz, ez legoke arazorik defendatu beharreko neurrien inguruan ados jar daitezen, eztabaida presidentegaiaren ingurukoa izango bailitzateke.
Bien bitartean, eta aliantza posibleen zain, Hidalgok Valentzian (Herrialde Katalanak) abiatu zuen haren kanpaina, atzo, PSOEren kongresuan. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuarekin elkartu zen, besteak beste.
PSk Anne Hidalgorekin berreskuratu nahi du galduriko handitasuna
Frantziako Alderdi Sozialistako militanteek alde handiz aukeratu dute Parisko auzapeza 2022rako presidentegai. Ekologistek eta Hidalgok espazio politiko bera okupatuko dute bozen kanpainan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu