Enplegu gehiago, eskubide gehiago, eta herrialde moduan anbizio handiagoa. Hori da Jose Ramon Gomez Besteiroren (Lugo, Galizia, 1967) aurkezpen gutuna PSdeG Galiziako Alderdi Sozialistaren Galiziako Xuntarako presidentegai gisa. Kanpaina bizi bat egiten ari da Galizia guztian, eta kanpaina betean hitz egin du Nòs Diario-k harekin.
Industrian eta osasun arloan jarri duzu arreta zure kanpainan.
Industriaren gaia askotan aipatzen dugu, iruditzen baitzaigu benetako pizgarri bat izango dela; pentsatzen dugu, gainera, dauzkagun aukerak baliatzeko garai jakin horretan gaudela. BPGa [barne produktu gordina] lau puntu igota, ia 40.000 enplegu lor ditzakegu, beste enplegu batzuen eragile izango direnak. Eta ekarpena egingo liokete industriari; hura garatuko lukete. Beraz, batezbesteko horrekin, 100.000 enplegu irudikatu ditzakegu.
Zentratu gaitezen industrian, garai batean baikaude non Europako Inbertsio Bankuaren eskutik etorriko diren funts berriek —Europako funtsen beste fase batean sartuko gara orain— ez duten suspertze funtsen ez tramitazio, ez helburu bera. Eta inbertsio industrial horiek aprobetxatu behar dira horrelako aukerak ez galtzeko, kontuan harturik Galizia den energia lurralde hau zuzenean entxufatuta egongo dela. Beraz, energia horren gertutasunak —energia garbiagoa eta merkeagoa— lagunduko du industria askok Galizia energia lurralde gisa ikus dezaten.
Industriako enplegua askoz hobeto ordaindutako enplegu bat da, eta, orduan, gaitasun handiagokoa, soldata hobeak dituena. Horrek modua emango digu jende kualifikatua mantentzeko eta erakartzeko, eta, hala, Galiziatik alde egin behar izan zuten gazteen odolustea eten.
Kanpaina honetan eskubide gehiago lortzeaz hitz egiten dugu azkeneko hamabost urteak zerbitzu publikoen galeraren urteak izan direlako, osasun arloari kalte handia egin baitiote. Galdu ditugu baliabide pertsonalak, baliabide materialak; Galiziako osasun publikoan inbertitzeari utzi zaio. Eta sektore honetan kaltetuena, gehien sufritu duena, lehen arreta izan da. Herritarren kexa gehien jasotzen duena da, pertsonal eta arreta faltagatik, eta espezialitate berriek eskatzen duten osasun azpiegitura gabeziagatik. Era berean, adibidez, 120 udalek ez dute pediatria zerbitzurik ematen.
Nola aurre egin etxebizitza edukitzeko dauden zailtasunei?
Touriñoren gobernuaren garaiarekin konparatzen dugu [Xuntako presidentea izan zen 2005etik 2009ra]. Orduan ia 10.500 etxebizitza publiko eraiki zituzten. PPren gobernuaren hamabost urteetan, berriz, 5.000 bakarrik; eta orain hitzeman du lau urtean 20.000 etxebizitza egingo dituela. Zentzugabekeria handi bat da. Horregatik, etxebizitza publikoak zaharberritzearen aldeko apustua egiten dugu, ondarean hobekuntzak eginez.
Aurreko igandean Ferrolen egon zinen; gero, Vilalban, eta, azkenean, Carballiñon. Hurrengo egunean Burelan hasi zinen, ia herrialde guztia zeharkatuz. Ezinezkoa da garraio publikoan hori egitea. Mugikortasunean zein neurri proposatzen dituzu?
Ezinezkoa da, bai, hirien eta herrien arteko garraiorik ia ez dagoelako. Aldatu behar dugun zerbait da, eta batez ere trenbideko garraioa ere baliatu. Aldiriko trenen sistema indartzearen alde gaude, gaur egun ez baitago halako zerbitzurik. Hamabost urtez, gobernuak tokian tokiko zerbitzu bat martxan jartzeko ardura izan zuen, baita halakorik ez zegoen tokietan ere.
Lugotik ateratzea eta Vigoraino joatea odisea bat da. Baina beste adibide bat jarriko dut: Vilagarciatik Cangasera joatea. Errazagoa da Madrilera joateko trena hartzea, autobusean Vilagarciatik Cangasera joatea baino. Eta, horretarako, inbertsio handi bat behar da, eta antolakuntza zein planifikazio egoki bat. Errepideko garraio publikoaren kontratua baliogabetu dute auzitegiek. Orduan, gai oso garrantzitsua da. Sozialisten konpromisoa da aldirikoen trenbide proiektua martxan jartzea, bereziki Atlantikoko ardatzean, han erabilgarria izan baitaiteke trenak berrituz gero.
«Alderdi Popularraren proiektua agortua dago, ez baitute proposamenik aurkeztu».
JOSE RAMON GOMEZ BESTEIROPSdeGren presidentegaia
Galiziako telebista publikoan eginiko debatea izan da kanpainako une gorenetako bat. Zer iruditu zitzaizun Alfonso Rueda presidentearen jokabidea? Nola sentitu zinen lehia horretan?
Eroso sentitu nintzen; izan ere, herri proposamen bat egin nuen, hiru zutabetan oinarrituta: enplegu gehiago, eskubide gehiago, eta herrialde moduan anbizio handiagoa. Zer ikusi genuen? Debateetara joan nahi ez duen Alderdi Popularraren hautagai bat. TVGko debatera denbora-pasa joan zen. Ez zuen proposamenik egin, eta horrek absentzia adierazten du, baina batez ere eredu gabezia bat. Alderdi Popularraren proiektua agortua dago, ez baitute proposamenik aurkeztu.
Argi geratu da Ruedak ez duela debateetan aurpegia eman nahi, eta Galiziaren alde ere ez duela erantzukizunik hartu nahi. Alde horretatik, uste dut denek ikusi ahal izan zutela proposamen bakarra egin zuela: oinordetza zergari buruzkoa. Adierazgarria da hauteskundeetara berriro aurkezten den presidente batek soilik hori jartzea mahai gainean. Eskain dezaketen oreka oso pobrea da.
Azken egunotan, Sumarren presidentegai Marta Lois esaten ari da hiru kideko gobernu bateko kidea izango dela. Eroso sentituko zinateke Loisen proposamenean?
Mundu guztiak dauka lehiatzeko eskubidea, eta nik hori errespetatzen dut. Baina iruditzen zait erabaki hori oraindik hartzeko dagoela; herritarrek erabakiko dute otsailaren 18an.
Galiziako presidente baldin bazara, zeintzuk izango dira hartuko dituzun premiazko lehen hiru neurriak?
Aurrenekoa zera litzateke, ekintza plan bat ezartzea Galiziako osasun publikoaren alde. Gainera, Europako funtsen eskaintza kapitalizatuko nuke, industria babeste aldera. Eta hirugarrenak lotura luke herrialdearen anbizioarekin: apirileko lehen asterako Konpetentzien Batzordera deituko nuke, Galiziako autogobernuaren eskumenak aplikatzeko.
Zer esango zenieke oraindik zalantzak dituzten hautesleen %30 horri PSdeGri botoa eman diezaioten?
Esango nieke aldaketa dagoeneko hemen dagoela, eta PSdeGren alde bozka dezatela aldaketa fidagarri bat, segurua, bermatua nahi izanez gero, gobernatzeko esperientzia duen jendearekin, herrialde anbizioarekin, eragin zuzenarekin Estatuko gobernuan eta Europan. Hori nahi badute, Alderdi Sozialista aukeratu behar dute. Aldi berean, esango nieke haien esku dagoela aldaketa hori egitea.