Ekainaren 12an eta 19an egitekoak diren Asanbleako bozetara baturik aurkezteko bidean da Frantziako ezkerra. Joan den maiatzaren 1ean, akordioa egin zuten LFI Frantzia Intsumisoak eta EELV Europa Ekologia-Berdeek. PS Frantziako Alderdi Sozialistarekin eta PCF Frantziako Alderdi Komunistarekin bildu ziren gero bi alderdiak, eta PSk eta PCFk adierazi dute haiek ere batuko direla ezkerreko frontera. Komunistek herenegun jakinarazi zuten bat egin dutela Jean-Luc Melenchon buru duen Frantzia Intsumisoak egindako proposamenarekin, eta atzo sozialistak gehitu zitzaizkion hautagaitza bateratuari.
PSko ordezkariek azaldu zutenez, aurreakordio bat egin dute LFIrekin. Zehaztu zuten, baina, alderdi barruan zenbait gairen inguruan eztabaidatzen jarraitu behar zutela. PSko Kontseilu Nazionaleko kideek edukiko dute azken hitza. Gaur dira biltzekoak eta erabakia hartzekoak, baina, okerrik ezean, baiezkoa emango diote adostutakoari. Izan ere, organo horretan, alderdiaren belaunaldi berrikoak dira gehienak, eta horiek frontearekin bat egitearen alde daude.
Melenchonen alderdiarekin akordioa egiteak hautsak harrotu ditu PSn. Herenegun, Bernard Cazeneuve lehen ministro ohiak iragarri zuen alderdiko militantzia utzi egingo zuela akordioa berretsiz gero. Atzo Stephane Le Foll Le Mans hiriko alkateak iragarri zuen prest dagoela kanpaina egiteko eta akordioarekin bat egiten ez dutenen lidergoa hartzeko. «Uste dut badagoela beste ezker bat, berreraiki behar den beste ezker bat, eta azken bost urteotan eraman den ildo politikoa eztabaidatu nahi duena». Le Follek iraganekotzat jo du Melenchonen ezkerra, eta esan du beharrezkoa dela etorkizuneko ezkerra eraikitzea.
Jean-Christophe Cambadelis diputatua ere kritiko azaldu da. «Akordioak ez dio aukerarik ematen alderdi sozialistari den bezalakoa izateko», adierazi du. Olivier Faure PSren idazkari nagusia da itunaren sustatzaileetako bat, eta kontra daudenei «hausnartu» dezatela eskatu die.
Melenchonek EB Europako Batasunaren politiken inguruan azaldu izan dituen jarrerak daude PSko buruzagi askoren kritiken oinarrian. Kritika horiei erantzun nahi izan zien Frantzia Intsumisoak atzo. Adrien Quatennens koordinatzaileak ziurtatu zuen alderdiaren programan inoiz ez dutela jaso EBtik irteteko xedea. Alabaina, kritikatu egin du Europak merkatuaren lehiaren izenean monopolio publikoen sorrera debekatzea, eta beharrezkotzat jo ditu halakoak, energiaren alorrean, esate baterako. Ekologistak ere ez datoz bat Europari buruzko ikuspegi horrekin, eta bi alderdiek adostu dute Bruselaren irizpideei muzin egiteko aukera izatea.
Inkestetan, oso atzetik
Presidentetzarako bozen lehen itzulian, apirilaren 4an, Melenchon izan zen gehien bozkatutako hautagaien artean hirugarrena, botoen %22 eskuratuta. Politikariak Frantziako ezkerraren lidergoa hartu du, horrenbestez, geroztik. Ekologistek botoen %4,6 bildu zituzten, PCFk %2,2, eta PSk %1,75. Azkeneko datu hori aintzat hartuta, sozialistek badakite ez zeudela negoziazioetan baldintza askorik jartzeko moduan.
Alderdi txikien ordezkaritza bermatze aldera, ezkerreko indarrek adostu dute ehun bat barrutitan aurkeztea ordezkari ekologistak; horietako 30 irabazteko modukoak direla uste dute. Horiek horrela, ekologistek hamabost diputatu inguru bermatuko lituzkete. Alderdi komunistarekin 60 barrutitan egin dute akordioa, eta horietako hamaseitan irabazteko modua dutela iritzi diote. Hautagai sozialistak 70 barrutitan aurkeztuko dira ezkerreko blokearen ordezkari gisa, eta, banaketa horren bidez, 25 diputatu ateratzeko modua izango dutela uste dute.
Besteak beste, botoa ez banatzeko aurkeztuko dira batera ezkerreko alderdiak. Melenchonen asmoa da gehiengoa lortzea Asanblean, modu horretan Emmanuel Macron jarduneko presidenteari —etzi da kargua hartzekoa— kohabitazioa inposatzeko. Melenchon lehen ministro leloarekin hasiko dute kanpaina, hilaren 30ean. Nolanahi ere, azken inkesten arabera, Macronen alderdiak gehiengoa lortuko du legebiltzarrean (338-378 diputatu); Le Pen eskuin muturrekoarena izango litzateke gehien bozkatutako indarren artean bigarrena (110-140), eta ezkerreko frontea hirugarrena (70-90).
PS ere batu da bozetarako ezkerreko frontera
Frantziako Alderdi Sozialistak aurreakordio bat sinatu du Melenchonekin. Itunak zalaparta eragin du alderdi barruan, eta kontrako ahotsak azaleratu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu