Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdiak

Prozesuaren osteko isla

Generalitateak eta Madrilek elkarrizketak hasi zituztenetik lehen aldiz egingo dituzte Espainiako Gorteetarako bozak Katalunian. Gakoetako bat izango da ikustea abstentzioak independentistei botoak galaraziko ote dizkien berriro, udal hauteskundeetan gertatu bezala.

Junqueras ERCko burua, Aragones Generalitateko presidentea, eta Jorda eta Rufian Espainiako Kongresurako ERCren hautagaiak. ANDREU DALMAU / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Prozesu independentistaren aparrak baretuago daudela bozkatuko dute Kataluniako herritarrek hilaren 23an egitekoak diren Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan. 2019an, giroa gori-gori zegoen: urte horretan epaitu eta kondenatu zituzten bederatzi buruzagi independentista autodeterminazio erreferendum bat antolatzeagatik. Independentismoak inoizko emaitzarik onenak lortu zituen Kongresuan. Baina egoera bestelakoa da orain. Batetik, apalduta dagoelako gatazka politikoaren tentsioa, Generalitatearen eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketen ondorioz, besteak beste. Eta, bestetik, Voxek sekula baino aukera argiagoa duelako Espainiako gobernabidean esku hartzeko—izan PPrekin osatutako koalizio gobernu batean ala izan PP kanpotik babestuta—.

Historikoki, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak ez dira joko zelairik oparoena izaten Kataluniako alderdi independentistentzat. Neurri handi batean, «abstentzio diferentzialak» eta «boto dualak» azaldu dute joera hori iraganean, Berta Barbet politologo eta Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasleak azaldu duenez.

Boto dualak erreferentzia egiten dio Katalunian nagusi den alderdi abertzaleko boto emaileen parte handi baten portaerari. «Autonomikoetan, pisu handia izaten zuen Generalitateko presidentea zein izatea nahi zuten, eta estatukoetan, Espainiako presidente kargurako nor nahiago zuten». Hauteskundeen arabera botoaren logika aldatzen duten herritarren kopurua murriztu egin zen, ordea, prozesu independentista puri-purian egon zen urteetan, Barbetek zehaztu duenez. «Orain, prozesuaren osteko fase batean gaude, nahiz eta joera horrek ez duen izango prozesuaren aurretik bezainbesteko indarrik», politologoaren arabera.

Gauza bera gertatzen da abstentzio diferentzialarekin, Barbeten ustez. «Espainiarragoa sentitzen den biztanleriaren parte handi batek ez zuen bozkatzen Kataluniako hauteskundeetan, eta kataluniarragoa sentitzen den biztanleriaren parte txiki batek ez zuen bozkatzen estatukoetan». Joera hori desagertu egin zen ia, prozesu independentistaren eraginez. Barbetek esan du balitekeela orain berriro agertzea. «Are arrazoi gehiagorekin, ikusita independentismoaren sektore batzuek abstentzioaren aldeko kanpaina egiten ari direla».

Alderdi politiko independentistekin atsekabetuta dagoen sektore bat baden erakusgarri da ANC Biltzar Nazional Katalanak hurrengo Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan zerrenda propio bat aurkezteko proiektua iragarri izana. Dena den, erakunde horretako bazkideek abstentzioaren edo boto baliogabearen alde egitea baztertu zuten joan den astean, bozketa batean.

CUP ezkertiarreko oinarriak ere abstentziotik urrundu ziren, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan aurkeztearen alde eginda —%61eko babesa izan zuen erabakiak—.

Ikusi beharko da abstentzioak botoak galaraziko ote dizkien alderdi independentistei Espainiako Gorteetarako bozetan, udal bozetan bezala. «Galdera da bozkatzera ez joatea motibazio faltaren ondorio izan ote zen, ala protesta keinu bat. Motibazio falta izan bazen, litekeena da independentismoa oraingoan gehiago mobilizatzea, gehiago baitago jokoan. Baina arrazoia protesta izan bada, litekeena da alderdi independentisten kalterako izatea».

Alderdien erronkak

Kataluniako alderdi politiko guztiek izango dute asko jokoan hilaren 23an, nork bere erara. Gainera, Madrilen ordezkaritza lortzetik harago, emaitzak erreferentzia izango dira Kataluniako Parlamenturako hurrengo hauteskundeei begira; bereziki, indar independentistentzat.

ERC Esquerra Rebulicana izan zenlehen alderdia Espainiako Gorteetarako aurreko bozetan, eta postu horri eustea izango du helburu, maiatzeko udal hauteskundeetan 300.000 boto galdu baditu ere. Espainiako Gobernuarekin 2021ean abiatu zuen elkarrizketa mahaiaren aldeko estrategia berretsi nahi du, eta Kongresuan gehiengoak osatzeko erabakigarri izan aurrerantzean ere.

JxC Junts Per Catalunyaren xedea, berriz, ERCri aurrea hartzea da. Eskuineko alderdi independentista oso kritiko agertu daelkarrizketa mahaiaren aldeko ERCren apustuarekin, eta Madrilekin «konfrontazio» estrategia bati jarraitzea proposatzen du. Kongresuan eragin ahalik eta handiena izatea du helburu, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidente eta PSOEren hautagaiari «ahalik eta prezio garestiena» jartzeko hark presidente izateko aukera badu.

Inkestek PSC Kataluniako Sozialisten Alderdia daukate faboritotzat. Baina ez du nahikoa izango irabaztearekin. Sanchez Moncloara eramateko ezinbestekoa du diputatu kopuru handi bat lortzea, iragarpenek dioten moduan PP lehen indarra izango bada estatuko beste erkidego askotan.

Sumarreko presidentegai Yolanda Diazek Kataluniarako autodeterminazio erreferendum bat babestea baztertu zuen joan den astean, En Comu Podemek defendatzen duenaren kontra, eta ikusi beharko da adierazpen horiek zenbateraino diren oztopo Katalunian ezkerreko botoa biltzeko.

CUPek, berriz, eskuin muturraren gorakadari aurre egitea du asmo, baita Sanchezen «politika txarrak» eragoztea eta independentismoaren barruko ezinegonari erantzutea ere. Hirugarren ordezkaria lortu nahi du Gironan.

PPk eta Voxek, bestalde, «gaztelaniaren defentsa» dute hauteskundeen kanpainako aldarri nagusietako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.