'Brexit'-a

Protokoloan ados jarri ondoren, Sunakek kanpaina hasi du DUP eta tory euroeszeptikoak konbentzitzeko

Londresek eta Bruselak bi bideko mekanismo bat adostu dute Irlanda iparraldera doazen produktuen gatazka konpontzeko. Ipar Irlandako Asanbleak iritzia eman ahalko du merkatu bakarreko lege berriak aplikatzearen inguruan, eta Europako Justizia Auzitegiak azken hitza izango du gatazketan.

Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroa eta Ursula von der Leyen Europako Batzodeako presidentea, gaurko agerraldian. CHRIS J. RATCLIFFE / EFE
ander perez zala
2023ko otsailaren 27a
13:05
Entzun

Erresuma Batuko hiru lehen ministro, Europako Batzordeak aurkezturiko zazpi arau-hauste prozedura, gerra komertzial baten mehatxua eta Ipar Irlandako blokeo politikoa beharrezkoak izan dira, azkenean, Londres eta Brusela ados jartzeko Ipar Irlandarako Protokoloaren inguruan. Izena ere aldatu diote: Windsor Esparru Hitzarmena da, Ingalaterrako herri horretan elkartu baitira gaur Rishi Sunak Erresuma Batuko gobernuburua eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, akordioa ixteko, produktuen garraiorako beste mekanismo bat negoziatu baitute. Izen aldaketa, ziurrenik, Sunak laguntzeko ere erabaki dute, orain itunaz konbentzitu behar baititu alderdikide kontserbadore euroeszeptikoak eta DUP Alderdi Demokratiko Unionista. «Oreka irristakorra mantentzen du, eta Ipar Irlandaren subiranotasuna babesten du», argudiatu du Sunakek gaurko agerraldian, Von der Leyen alboan zuela.

Boris Johnson lehen ministro zela Bruselarekin adosturikoaren arabera, Erresuma Batua EB Europako Batasunetik atera zen arren, Ipar Irlanda ez da talde komunitarioaren merkatu bakarretik irten, produktuei dagokionez. Horrek esan nahi du Ipar Irlandak merkataritza muga irekia duela oraindik ere Irlandako Errepublikarekin, baina ez Britainia Handiarekin, eta, beraz, handik bidalitako produktuek kontrolak pasatu behar dituztela. Beste modu batera esanda: barne muga bat sortu zen Erresuma Batuan, eta horrek Ipar Irlandako unionisten eta Alderdi Kontserbadoreko euroeszeptikoen haserrea eragin du.

Orain arte, produktu horiek Ipar Irlandako portuetan kontrolatzen zituzten, eta, arazorik ez balego, eremu horretan edota Irlandako Errepublikan sartzen ziren. Urteotako barne gatazkaren ondoren, Erresuma Batuak eta Europako Batzordeak beste mekanismo bat adostu dute. Zehazki, bi bideko sistema bat: berdea, Ipar Irlandan geratuko diren produktuentzako, eta gorria, Irlandako Errepublikara bidaliko dituztenerako. Hau da, Bide Berdetik pasatuko direnek ez dute kontrolik pasatu beharko —nahiz eta zaila dirudien gutxiengo kontrolik gabe igaro ahal izatea—, eta Bide Gorritik pasatuko direnek, bai. Horren inguruan, giltzarri izango da jakitea enpresek zenbateraino ikusiko luketen txikituta Bide Berdeko aduanako tramite burokratikoak.

Horrekin batera, tory euroeszeptikoek eta DUPek arreta handiz aztertuko dituzten beste bi aldaketa negoziatu dituzte Londresek eta Bruselak. Batetik, Ipar Irlandako Asanbleak eskumena izango du EBko merkatu bakarreko lege berriak eremu horretan aplikatzeari uzteko —gutxienez 30 diputaturen babesa beharko lukete—; hori gertatuko balitz, Erresuma Batuko Gobernuak beto baterako eskubidea izango du —Europako Batzordeko presidenteak esan du «premiazko mekanismo bat» dela—. Bestetik, Von der Leyenek azaldu modura, Europako Justizia Auzitegiak azken hitza izango du merkatu bakarrari buruzko balizko gatazken inguruan.

Ipar Irlandako unionistak, eta batez ere DUP, auzitegi horren esku hartzearen aurka agertu dira, nahiz eta, berez, horren eskumena onartzea ezinbestekoa den EBren merkatu bakarraren parte izateko. Hortaz, ikusteko dago zein izango den horien erantzuna.

Von der Leyenek, behintzat, argudiatu du, gaurko prentsaurrekoan, itunak Erresuma Batuaren eta EBren «interesak eta merkatuak babesten» dituela, baita Ipar Irlandako bake hitzarmena ere, 1998an adosturiko Ostiral Santuko Akordioa.

DUPek sakonki aztertuko du testua

Ipar Irlandako alderdi unionista nagusiaren kasuan, egunotan esan du aurrerapausoak ikusi dituela, baina oraindik zenbait zalantza zituztela. Dena den, ez da espero berehalako erantzunik DUPen partetik, lehenik testua sakonki eta laguntza juridikoaren bidez aztertu nahi baitu, Jeffrey Donaldson alderdiko buruzagiak gaur berretsi modura.

Hori bai, The Irish News egunkariak gaur argitaraturikoaren arabera, alderdi horrek baiezkoa emango dio itun berriari; Erresuma Batuko hedabideek, berriz, esan dute ituna iragan astean adostu zutela, baina Londresek egunok pasatu dituela euroeszeptiko kontserbadoreak eta DUPekoak konbentzitzen.

Berez, Sunak ez dago behartuta gaur jakinarazitako akordioa Erresuma Batuko Parlamentuan bozkarazteko; iragan astean, ordea, iradoki zuen hala egingo duela, eta gaurko agerraldian baieztatu du hala izango dela. Hori bai, horren aurretik, diputatuei denbora emango die testua aztertzeko; hain justu, ituna aurkeztu ondoren, Erresuma Batuko lehen ministroa Komunen Ganberan izango da, akordioari buruzko azalpenak emateko diputatuei.

Gobernuburuak alderdikide euroeszeptikoak konbentzitu nahi ditu brexit-aren afera behin betiko ixteko, eta, DUPen kasuan, Ipar Irlandako gobernabidea berreskuratzeko —hala gertatuz gero, lehen aldiz, Sinn Feinekoa izango litzateke lehen ministroa—. Azken horri dagokionez, batez ere, apirilaren 10ean 25 urte beteko baititu Ostiral Santuko Akordioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.