Zerga erreformaren aurkako protestak ez dira baretu Kenyan. Bada, horiei aurre egiteko armada kalean zabaltzea «erabaki egokia» dela ebatzi zuen atzo iluntzean Kenyako Auzitegi Nagusiko epaile Lawrence Mugambik. «Laguntza militarra ezinbestekoa da ordena berrezartzeko eta azpiegitura militarrak babesteko», gehitu zuen. Herrialdeko presidente William Rutok astearte gauean eskatu zuen armada kalean zabaltzeko, eta herenegun eskaera onetsi zuen Asanblea Nazionalak. Nairobiko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen, eta horri erantzunez heldu da Kenyako Auzitegi Nagusiaren ebazpena.
Kenyako Abokatuen Elkarteak, bestalde, manifestarien aurkako jazarpena salatu du, eta, Auzitegi Nagusiaren erabakiaren harira, ohartarazi du armada ateratzeak «joera arriskutsu bati» eman diezaiokeela bide, hots, «herrialdearen militarizazioari». Ikuspuntu horrekin bat egin du Auzitegi Nagusiko epaileak, eta, horregatik, herrialdeko agintariei eskatu die zehaztu dezatela neurriak noiz arte iraungo duen: «Joera arriskutsua da armada ateratzea zehaztu gabe haien operazioa nolakoa izango den eta zenbat iraungo duen». Bi eguneko epea eman die horretarako.
Gaur hamar egun hasi zituzten gobernuak bultzatutako erreformaren aurkako protestak, baina asteartean nabarmen gogortu ziren, ehunka manifestari Kenyako Parlamentura sartu baitziren, eta eraikinari su ematen ahalegindu. Horiek baretze aldera, zerga erreforma bertan behera utziko duela jakinarazi zuen Rutok herenegun.
Halere, istiluak ez dira baretu. Kenyako hiriburuan, Nairobin, egiten ari dira protestarik jendetsuenak, baina herrialdeko eremu gehienetara zabaldu dira jada. Nazioarteko hainbat hedabideren arabera, Poliziak gutxienez 23 lagun hil ditu asteon, eta, Kenyako Giza Eskubideen Batzordeak gaur jakinarazi duenez, 300 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte.
Zorrak kitatzeko
Gobernuak bultzatutako zerga erreformak 2,5 mila milioi euro biltzea zuen helburu; diru horren parte batekin atzerriko zorrak ordaintzeko —Kenyako BPG barne produktu gordinaren %68 zor publikoari dagokio—. Horretarako, erreformaren bitartez zerga batzuk igotzea eta beste batzuk sortzea zen asmoa.
Manifestariek uste dute erreformak langile klaseari egingo liokeela kalte, argudiatuta «zerga asko» ordaintzen dituztela lehendik ere, eta «ustelkeria» leporatzen diote gobernuari.
Kenyako Asanblea Nazionalak asteartean onartu zuen lege proiektua —behe ganberan agintean dagoen koalizioak du gehiengoa—; 195 boto jaso zituen alde, eta 105 aurka. Protestak gogortu baino lehen, Rutok sinatzea baino ez zen falta erreforma behin betiko indarrean sartzeko. Onartuz gero, datorren uztailetik hurrengo urteko ekainera arte egongo litzateke indarrean.