Iran

Protesten errautsak, iraultzarako ongarri

Urtebete pasatu da Mahsa Aminiren heriotzaren ondoren Iranen emakumeen askatasunaren aldeko mobilizazio jendetsuak hasi zirenetik. Errepresioak markatu zituen ondorengo hilabeteak. Ikusi beharko da aldaketarako atea zabalik gelditu ote den.

Mahsa Aminiren hilketaren urteurreneko protesta bat Berlinen, hilaren 16an. CLEMENS BILAN / EFE.
Lide Iraola.
2023ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Badirudi atzera-bueltarik ez dela Iranen. Irailaren 16an urte bat bete zen Mahsa Amini 22 urteko emakume kurdua hil zenetik, Teherango Poliziak atxilotu eta hiru egunera. Horren ostean sorturiko protestek mugarri itxura hartu dute Errepublika Islamikoaren aurkako borrokan. Horietan parte hartu dutenek garesti ordaindu dute, nolanahi ere.

Amini beloa «gaizki jantzita» eramateagatik atxilotu zuen Moralaren Poliziak —janzkeraren eta portaeraren arau islamikoak betearazteaz arduratzen den erakundea da—, 2022ko irailaren 13an. Hiru egunez koman egon eta gero hil zen. Poliziaren arabera, gaitz batek eragin zuen heriotza. Familiak, ordea, ukatu egin zuen Aminik osasun arazoak zituela.

Atxiloketaren berri izan zenetik, protestek eztanda egin zuten Irango hiri ugaritan. Jin, Jiyan, Azadi leloa aldarrikatu zuten nonahi (Emakumea, bizitza, askatasuna), baita errepublika islamikoaren abolizioa exijitu ere.

Diana Namni ekintzaile kurdua da, eta Erresuma Batuan bizi da gaur egun, jazarpen politikoagatik ihes egin behar izan zuelako. Haren ustetan, Irango egoera sumendi baten gisakoa da. Salatu zuen 1979an errepublika islamikoa ezarri zutenetik «ia inor» ez dela gelditu zapalkuntzatik kanpo. Hala, «giroa berotuz» joan da, eta, Aminiren hilketarekin, herrialdeak eztanda egin du. «Emakumeak, bahaistak, kurduak, arabiarrak... denen kontra egin dute urteotan. Jende askok ez du ezer ere galtzeko. Zapaldu egin dituzte, hil, bortxatu, lapurtu egin diete...», azaldu du.

Erresuma Batura iritsi bezain laster, Emakume Irandar eta Kurduen Eskubideen Aldeko Erakundea sortu zuen Namnik (IKWRO). Erresuma Batuan bizi diren Ekialde Hurbileko, Afganistango eta Afrika iparraldeko emakumeei laguntza eta aholkularitza ematen egiten dute lan.

Protesten inguruko berriez kezkatuta dago. Bostehun hildako baino gehiago izan ziren —horietako 71,adingabeak—, eta 19.500 pertsona atxilotu zituzten, Irango Giza Eskubideen Aldeko Aktibisten Berri Agentziaren arabera (HRANA). Gainera, zazpi manifestari exekutatu zituzten.

Gobernu «kriminala»

NBE Nazio Batuen Erakundeak talde independente bat sortu zuen azaroan, mobilizazioen aurkako errepresioa ikertzeko. Irango Gobernuak misioan parte hartzeari uko egin zion. NBEren Giza Eskubideen Kontseiluak erabaki zuen ikerketa taldea sortzea. 25 herrialdek alde bozkatu zuten, seik kontra, eta hamasei abstenitu egin ziren. Namnik, ordea, «lotsagarri» ikusten du estatu batzuen jarrera: «Onartezina da kriminal jokatzen ari den gobernu batekin negoziatzen jarraitzea. Horrela ez da presiorik egiten».

Namnirekin ados dago Ryma Xeermohammadi ekintzaile irandarra ere. Eskertuta dago protestek Irandik kanpo jaso duten babesagatik, baina estatuei jarrera irmoa exijitu die: «Irango herria ez da eskatzen ari esku hartze militarrik, ez eta diru laguntzarik ere. Iraultza herritik sortu behar da. Baina beharrezkoa da gainontzeko estatuek Iranekiko harreman diplomatikoak etetea».

Xeermohammadi Bartzelonan bizi da gaur egun, eta itzultzailea da ofizioz. Besteak beste, Shirin Ebadi giza eskubideen aldeko fundazioarekin egiten du lan. Harremanetan jarraitzen du Irango lagun eta lankideekin, eta horien bidez jakin zuen «eutsiezina» zela manifestazioekin jarraitzea, Poliziaren «bortizkeriagatik». «Parean topatzen zuten guztia txikitu zuten: bost axola zuen protesten parte izan ala ez. Hain izan da bortitza erantzuna, non geroz eta herritar gehiago diren Irango sistemaren kontrako jarrera hartu dutenak», azaldu zuen.

Geroz eta belo gutxiago

Protestak apaldu diren arren, Irango kaleetako irudia ez da lehengo bera. Ohikoa bilakatu da belaunaldi guztietako emakumeek belorik ez janztea. «Niretzat, hori da iraultzaileena», esan du Xeermohammadik. «Agintariei burla egitea da. Ikusaraztea da ezen, protestak zapalduta ere, irandarrak ez daudela burua makurtua bizitzeko prest».

Gainera, pozgarria egiten zaio ikustea helduak zein gazteak batu direla borrokara. «Helduenek bizi izan dituzte belorik jantzi gabeko garaiak [1936tik 1941era bitartean, hijaba debekatu zuen Reza erregeak, eta gerora, debekurik ez bazen ere, gaizki ikusia zegoen]. Baina neskarik gazteenak balio islamista kontserbadoreenekin hazi dira. Haiek mobilizazioaren lehen lerroan ikustea garrantzitsua da», nabarmendu du ekintzaile irandarrak.

Hala eta guztiz ere, bai Namni eta bai Xeermohammadi baikor daude Iranen etorkizunari dagokionez. Errepublika Islamikoaren amaiera hasi dela uste dute, nahiz eta ez jakin noiz bukatuko den. Sumendiak eztanda egin eta sua ateratzen ari dela iruditzen zaie, eta hori atzean uzten ari den lugorria hutsetik landatzen hasteko aukera dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.