Protestak

2011ko ekainaren 8a
00:00
Entzun

LIBIA

Bonbardaketak Tripolin.NATOk Muammar Gaddafiren egoitzari eraso zion atzo. Erregimenaren iturrien arabera, haren jauregira 50 bat jaurtigailu bota zituzten nazioarteko hegazkinek. Tripoliko Bab el Aziza auzoan bizi da diktadorea, eta, antza denez, hamabi operazio egin zituen han aliantzak; beste bi operaziok «zibilak eta militarrak» izan zituzten jomuga. Gaddafi horren ostean mintzatu zen, esateko «bizirik edo hilik» baina hiriburuan jarraituko duela: «Ez dugu amore emango, ongi etorria ematen diogu heriotzari, ez diogu beldurrik; martirioa milioi bat bider hobeagoa da».

Erregimenean, hala ere, gero eta ugariagoak dira desertzioak. Alami Manfor Lan ministroa izan da azkenekoa diktadorearen albotik ihes egiten, «estatu demokratiko bat» babesten duela adieraziz.

YEMEN

Presidentea, larri. Ali Abdala Sale Yemengo presidentea hasiera batean esandakoa baino larriago dagoela jakinarazi dute iturri estatubatuarrek. Iragan ostiralean egin zuten haren kontrako atentatua, eta, arin zauritu zela esan bazuten ere, orain erredura larriak dituela eman dute aditzera —gorputzaren %40 du erreta—; bularrean zazpi zentimetroko zauria du, eta biriketako bat kolapsatuta.

Saudi Arabiako ospitale militar batean ari dira artatzen presidentea —bitan egin diote ebakuntza—.

Yemenen, bien bitartean, okerrera egiten ari da egoera, hutsune politikoa tarteko. Gobernuak uko egin dio oposizioarekin elkartzeari presidentea itzuli artean. Zinjibar hiriaren inguruan, bestetik, 45 lagun hil ziren atzo borroketan; Al Kaedako ustezko ekintzaileak dira horietako 30, eta beste hamabi militarrak dira.

EGIPTO

Anaia Musulmanak, bozetan. Anaia Musulmanak eratutako alderdia hurrengo bozetan lehiatu da; Askatasuna eta Justizia alderdiak legeak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela ebatzi baitute. Mohamed Saad al Katatni idazkari nagusiak maiatzaren 17an aurkeztu zituen alderdia legeztatzeko dokumentuak. Mubaraken diktaduraren aurretik utzi zuten legez kanpo Anaia Musulmanak, 1945. urtean. Apirilean iragarri zuten bozetara lehiatu zirela, baina soilik legebiltzarrerako bozetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.